Naufrago baten kontakizuna
10. KAPITULUA
Itxaropena galduta... heriotzara arte
Itsasoan igarotako nire zortzigarren gauean ez nuen ahalegin handirik egin behar izan lo egiteko. Itsas txori zaharra karelgainean jarri zen bederatzietatik, eta gau guztian ez zen baltsatik aldendu. Ni geratzen zitzaidan erramu bakarraren gainean nengoen: marrazoak apurtutako zatiaren gainean. Gaua lasaia zen eta baltsa artez zihoan puntu zehatz baterantz. «Nora helduko ote naiz?», galdetzen nion neure buruari, seinaleekin ziur nengoen —uraren kolorea eta itsas txori zaharra— hurrengo egunean lehorrean egongo nintzena. Ez neukan ideiarik ere haizeak bultzaturiko baltsa norantz zihoan. Ez nengoen ziur batelak hasierako norabideari eutsi ote zion. Hegazkinen errunboari jarraitu balio Kolonbiara hel nintekeen beharbada. Baina konpas barik ezinezkoa zen jakitea. Hegorantz bidaiatzen egonez gero, artez, Kolonbiako Karibeko kostetara helduko nintzen zalantza barik. Baina norterantz bidaiatzen ibiltzea ere izan zitekeen. Kasu horretan ez neukan ideiarik ere non nengoen. Gauerdia baino lehenago, loguraren loguraz lo geratzen ari nintzenean, itsas txori zaharra burua mokokatzen hurreratu zitzaidan. Ez zidan minik egiten. Emeki mokokatzen zidan, buruko azalean kalterik egin barik. Laztantzen ari zitzaidala zirudien. Suntsitzaileko arma-nagusiarekin gogoratu nintzen, marinel batek itsas txori bat hiltzea ez-duina zela esan zidanarekin, eta damu izan nuen itsas txori txikia alferrik hiltzea. Goizaldera arte aztertu nuen hodeiertza. Gau horretan ez zuen hotzik egin. Baina ezin izan nuen argirik ikusi. Ez zegoen kostaren seinalerik. Baltsa itsaso argi eta lasaian zihoan, baina nire inguruan ez zegoen izarrena ez zen argirik. Guztiz geldirik nengoenean itsas txoria lo zegoela zirudien. Burua makurtzen nuen, karelean geldirik, eta bera ere luzaroan egoten zen geldirik. Baina ni mugitu bezain laster salto bat egin eta buruan mokoka hasten zitzaidan. Goizaldean jarrera aldatu nuen. Itsas txoria oinen aldean utzi nuen. Zapatetan mokoka asmatu nuen. Gero kareletik hurreratzen asmatu nuen. Geldirik egon nintzen. Itsas txoria guztiz geldirik geratu zen. Gero nire buruaren ondoan jarri zen, geldirik bera ere. Baina burua mugitu bezain laster ilean hasi zitzaidan mokoka, ia laztan eginez. Hura jolas bihurtzen ari zen. Jarreraz aldatu nintzen behin baino gehiagotan. Eta behin baino gehiagotan mugitu zen itsas txoria nire buruaren ondoan. Goizaldean, kontuz ibili behar izan barik, eskua luzatu eta lepotik heldu nion. Ez nuen hiltzea pentsatu. Beste itsas txoriarekin izaniko esperientziak alferreko sakrifizioa izango zela erakusten zidan. Gose nintzen, baina ez nuen gau guztian minik egin barik lagundu zidan animalia lagun harekin gosea ase gura. Oratu nionean hegoak zabaldu zituen, astinaldi gogorra eman zuen eta askatzen ahalegindu zen. Momentu baten lepoaren gainetik gurutzatu nizkion hegoak, mugikortasuna kentzeko. Orduan burua altxatu zuen eta eguneko lehenengo argiekin bere begiak ikusi nituen, gardenak eta beldurrez beteak. Momenturen baten zati-zati egitean pentsatu banu ere, bere begi triste itzelak ikusieran bertan behera utziko nuen neure asmoa. Eguzkia goizetik jaiki zen, zazpietatik airea irakiten jarri zuen indarrarekin. Nik baltsan etzanda jarraitzen nuen, itsas txoria gogor oratuta neukala. Itsasoa berdea eta dentsoa zen oraindik, aurreko egunekoa lakoa, baina ez zegoen inon kostaren seinalerik. Airea itogarria zen. Orduan neure presoa askatu nuen, burua astindu eta zerurantz joan zen segituan. Geroxeago taldearekin elkartu zen. Eguzkia goiz horretan —itsasoan igarotako nire bederatzigarren goizean— aurreko egun guztietan baino kiskalgarriagoa zen. Birikietan sekula ez jotzeko kontuz ibili nintzen arren, puslak nituen bizkarrean. Gainean jarrita nengoen erramua kendu eta uretara saltatu behar izan nuen, ezin nuen gehiago egurrak bizkarra ukitzea jasan. Sorbaldak eta besoak erreta neuzkan. Atzamarrekin ere ezin nuen azala ukitu, txingar goria izan balitz legez sentitzen nuen eta. Begiak erreta neuzkan. Ezin nituen inon ezarri, airea biribil argitsu eta itsugarriz betetzen zen-eta. Egun horretara arte ez nintzen konturatu zein egoera negargarrian nengoen. Deseginda nengoen, uraren gatzak eta eguzkiak eginiko zauriak nituela. Batere ahalegin barik azal tira luzeak kentzen nituen besoetatik. Azpian azal gorri eta leuna geratzen zen. Berehala azala kenduriko zatian taupada mingarriak asmatzen nituen eta poroetatik odola zeridan. Ez nintzen bizarraz konturatu. Hamaika egun neroatzan bizarra egin barik. Bizar zerratua leporaino heltzen zitzaidan, baina ezin nuen ukitu, eguzkiak erretako azalak min ikaragarria ematen zidan-eta. Nire aurpegi mirriztuaren eta puslaz beteriko gorputzaren ideiak bakardadeko eta etsipenezko egun haietan zenbat sufritu nuen ekarri zidan gogora. Eta etsita sentitu nintzen berriro. Ez zegoen kostaren seinalerik. Eguerdia zen eta lehorrera heltzeko itxaropena galdu nuen ostera bere. Nahiz eta baltsak asko aurreratu ezinezkoa zen iluntzea baino lehenago hondartzara heltzea, ordu horretan, inondik ere, kostaren islak agertu ez baziren.
«Hil egin gura dut»
Hamabi orduan mamitutako poztasuna minutu baten desagertu zen, aztarnarik utzi barik. Nire indarrek behera egin zuten. Nire ardura guztiak albo batera utzi nituen. Bederatzi egunean lehenengoz buruz behera etzan nintzen, bizkar errea eguzkitan nuela. Nire gorputzarenganako erruki barik egin nuen. Banekien horrela jarraituz gero iluntzea baino lehenago ito egingo nintzena. Momentu baten ez duzu gehiago minik asmatzen. Sentikortasuna desagertu egiten da eta arrazoia sortzen hasten da denboraren eta espazioaren nozioa galdu arte. Baltsan buruz behera, besoak karelaren gainean eta bizarra besoetan, hasieran eguzkiaren gupidabako haginkadak asmatu nituen. Airea puntu argitsuz beterik ikusi nuen, ordu batzuetan. Azkenean begiak itxi nituen, abailduta, baina ordurako eguzkiak ez zidan gorputza erretzen. Ez nintzen ez egarri ez gose. Ez nuen ezer sentitzen, bizitzagatiko eta heriotzagatiko ardurarik eza ez bada. Hiltzen ari nintzela pentsatu nuen. Eta ideia horrek itxaropen arraro eta ilun batez bete ninduen. Begiak zabaldu nituenean Mobilen nengoen berriro. Bero itogarria zegoen eta haize zabaleko jai batera joanda nengoen suntsitzaileko beste lagun batzuekin eta Massey Nasser judutarrarekin, marinelok arropa erosten genuen Mobileko biltegiko enplegatuarekin. Txartelak berak eman zizkidan. Ontzia konpontzen egon zen zortzi hilabeteetan, Massey Nasser marinel kolonbiarren zerbitzura egon zen, eta guk, esker ona erakusteko, bere biltegian baino ez genuen erosten. Espainolez ondo egiten zuen berba, nahiz eta, berak esan zigunez, gazteleraz berba egiten den herri baten sekula egon ez. Egun horretan, larunbat gehienetan legez, judutarrak eta marinel kolonbiarrak baino egoten ez ziren kafetegi horretan geunden haize zabalean. Oholezko tarima baten larunbateroko emakumeak egiten zuen dantzan. Sabela agerian zuen eta aurpegia belo batez estalita, filmetako dantzari arabiarren antzera. Guk txaloak jotzen genituen eta latako garagardoa hartzen genuen. Gu guztiotatik alaiena Massey Nasser zen, Mobileko biltegiko enplegatu judutarra, marinel kolonbiar guztioi arropa on eta merkea saldu ziguna. Ez dakit zenbat denboran egon nintzen horrela, sortuta, Mobileko jaiaren haluzinazioarekin. Dakidan bakarra da bat-batean baltsan salto egin nuela eta iluntzen zegoela. Orduan, baltsatik bost bat metrora, dortoka hori itzel bat ikusi nuen, tigreen moduko burua zeukan eta ikaragarriro begiratzen zidaten begi finko bi, kristalezko bola izugarri biren antzekoak eta bizitasun bakoak. Hasieran beste haluzinazio bat zela pentsatu nuen eta baltsan jesarri nintzen, izututa. Animalia ikaragarriak burutik eta buztanera lau bat metro edukiko zituen. Mugitzen ikusi ninduenean hondora egin zuen, bits arrasto bat utziz. Nik ez nekien errealitatea edo fantasia zen. Eta oraindik ez naiz ausartzen errealitatea edo fantasia zen esaten, minutu gutxi batzuetan dortoka beilegi itzel hura baltsaren aurrean uger egiten ikusi nuen arren, bere amesgaiztoko buru espantagarri eta pintatua uretatik kanpo zuela. Dakidan bakarra da —errealitatea izan nahiz fantasia izan— ukitu hutsarekin baltsari buelta batzuk eman eragingo zizkiola. Ikuskizun ikaragarriak beldurtu egin ninduen berriro. Eta momentu horretan beldurrak bizkortu egin ninduen. Erramu zatiari oratu nion, baltsan jesarri nintzen eta borrokarako prestatu nintzen, munstro horren kontra edo baltsari buelta ematen ahalegintzen zen beste edozeinen kontra. Bostetarako gutxi falta zen. Ordukoak, beti legez, marrazoak itsasotik azalera zetozen. Egunak markatzen nituen baltsaren aldera begiratu nuen eta zortzi marra zenbatu nituen. Baina egun hartakoa ez nuela markatu gogoratu zitzaidan. Giltzekin markatu nuen, ziur nengoen azkenengoa izango zena, eta etsipena eta amorrua sentitu nuen hiltzea bizitzen jarraitzea baino gaitzago zitzaidalako ziurtasunaren aurrean. Goiz horretan bizitzaren eta heriotzaren artean erabaki nuen. Heriotza aukeratu nuen, eta hala ere bizirik jarraitzen nuen, erramu zatia eskuan, bizitzaren alde borrokan jarraitzeko prest. Batere ardurarik ez zidan bakarraren alde borrokan jarraitzeko prest.
Sustrai misteriotsua
Eguzki metaliko haren pean, etsipen hartan, jasangaitza izaten lehenengoz hasten zen egarri harekin, zerbait sinestezina gertatu zitzaidan: baltsaren erdian, mailaren txikoten artean nahastuta, sustrai gorria zegoen, Boyocá-n kolorea egiteko xehatzen dituzten sustrai horien antzekoa, ez zait izena gogoratzen. Ez dakit noiztik zegoen han. Itsasoan igarotako nire bederatzi egunetan ez nuen belar izpi bat ikusi azalean. Eta, hala ere, zelan ez nekiela, sustrai hura han zegoen, mailaren txikotetan nahastuta, inon ikusten ez nuen lehorraren beste zalantzarik gabeko iragarpen bat. Hogeita hamar zentimetro inguruko luzera zuen. Gose, baina neure gosean pentsatzeko indarge, sustraiari haginka egin nion arreta barik. Odol gustua hartu nion. Eztarria freskatu zidan koipe lodi eta eztia askatzen zuen. Pozoi zaporea zuela pentsatu nuen. Baina jaten jarraitu nuen, okerturiko palu zatia irensten, ozpalik ere geratu ez zen arte. Jaten amaitu nuenean ez nintzen hobeto egon. Hura olibondo adarra zela otu zitzaidan, historia sakratua gogoratu zitzaidalako: Noek usoa askatu zuenean animalia olibondo adarra zeroala itzuli zen arkara, urak lehorra berriro utzi zuen seinale. Nik uste nuen usoaren olibondo adarra nire bederatzi eguneko gosea engainatu nuen adar haren modukoa zela. Urtebetean egon liteke itsasoan zain, baina egun baten ezinezkoa egiten da ordubete gehiago jasatea. Aurreko egunean goizaldean lehorrean egongo nintzela pentsatu nuen. Hogeita lau ordu igaro ziren eta ura eta zerua, besterik ez nuen ikusten. Ez nuen gehiago ezer itxaroten. Itsasoan igarotako nire bederatzigarren gaua zen. «Bederatzi gau hilda banengo legez», pentsatu nuen ikaratuta, ziur nengoen ordu horretan Olaya auzoko nire etxea, Bogotan, familiaren lagunez beterik zegoena. Nire azken gaubeila zen. Bihar aldarea kenduko zuten eta apurka-apurka nire heriotzara egingo ziren. Gau horretara arte beti izan nuen itxaropen izpi bat baten bat nirekin gogoratuko zela eta erreskatatzen ahaleginduko zela. Baina nire familiarentzat hura nire heriotzatik igarotako bederatzigarren gaua izango zela gogoratzean, nire azken gaubeila, itsasoan guztiz ahaztuta sentitu nintzen. Eta hiltzea baino gauza hoberik ezin zitzaidala gertatu pentsatu nuen. Baltsaren hondoan etzan nintzen. Altuan esan gura izan nuen: «Ez naiz gehiago altxatuko». Baina boza eztarrian amatatu zitzaidan. Eskola gogoratu zitzaidan. Karmengo Ama Birjinaren domina ahora eroan nuen eta neure barrurako otoitz egiten hasi nintzen, ordu horretan nire familiak nire etxean egingo zuen moduan. Orduan ondo egon nintzen, hiltzen ari nintzela banekien-eta.
Naufrago baten kontakizuna |