Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998

 

 

3. KAPITULUA

 

 

Nire lagunetariko lau itotzen ikusi

 

        Nire lehenengo inpresioa itsasoaren erdian bakar-bakarrik nengoela izan zen. Azalari eusten niola beste olatu batek suntsitzailearen kontra jo zuela ikusi nuen, eta hau, ni nengoen lekutik berrehun bat metrora, leize baten jausi eta neure bistatik galtzen zela. Hondora zela pentsatu nuen. Eta momentu bat geroago, neure ustea konfirmatuz, nire inguruan Mobilen suntsitzailean sartutako merkantzia-kutxa asko agertu ziren. Azalean jarraitu nuen arropa-kutxa, irrati, hozkailu eta etxerako era guztietako tresnen artean, olatuek eraginda hara eta hona saltatzen zuten hauek. Une horretan ez nuen gertatzen ari zenaren ideia zehatzik izan. Apur bat lelotuta, azalean zegoen kutxa bati heldu nion eta lelo baten moduan itsasoa kontenplatzen jarri nintzen. Eguna argitasun ederrekoa zen. Haizeak eragindako olatu gogorrak eta azalean sakabanatuta zegoen merkantzia izan ezik, ez zegoen leku horretan naufragioaren antzik zuen ezer.

        Bat-batean hurreko oihuak entzuten hasi nintzen. Haizearen txistu zorrotzaren bitartez Julio Amador Caraballoren boza argi entzun nuen, bigarren kontramaisu altu eta dotorea norbaiti oihuka zegoen:

        —Hortik heldu, txalekoaren azpitik.

        Momentu horretan minutu bateko loaldi sakonetik esnatu banintz legez izan zen. Itsasoan bakarrik ez nengoela konturatu nintzen. Han, metro gutxira, nire lagunek elkarri oihuka ziharduten, ur-azalari eutsiz. Pentsatzen hasi nintzen arin. Ezin nuen inorantz uger egin. Banekien Cartagenatik ia berrehun miliara geundela, baina norabide-sena nahastuta neukan. Hala ere, oraindik ez nintzen beldur. Momentu baten kutxari gura beste denboran eutsi ahal izango niola pentsatu nuen, guri laguntzen etorri arte. Beste itsasgizon batzuk ere, nire inguruan, egoera berean zeudela jakiteak lasaitu egiten ninduen. Orduantxe ikusi nuen baltsa.

        Bi ziren, aparailatuak, zazpi bat metrora bata bestearengandik. Olatu gainean agertu ziren bat-batean, nire lagunek oihu egiten zuten aldetik. Arraroa iritzi nion euretariko inork hauek ez harrapatzeari. Segundo baten, baltsetariko bat nire bistatik galdu egin zen. Dudan egon nintzen, bestearen bila uger joan edo seguru jarraitu, kutxari eutsita. Baina erabaki bat hartzeko astia izan orduko, bistan zegoen azkenengo baltsarantz joan nintzen uger, gero eta urrunago zegoen hau. Hiru minutuan egin nuen uger. Momentu baten ez nuen baltsa ikusi, baina norabidea ez galtzen ahalegindu nintzen. Zakarki, olatuaren kolpe batek nire ondora ekarri zuen, zuria, handi-handia eta hutsa. Gogor eutsi nion oholtzari eta barrura saltatzen ahalegindu nintzen. Hirugarrenean lortu nuen. Behin baltsaren barruan, arnasestuka, haize errukigabe eta izoztuak jota, neke handiz altxatu egin nintzen. Orduan nire lagunetariko hiru ikusi nituen baltsaren inguruan, bertara iristeko ahaleginetan.

        Momentuan ezagutu nituen. Eduardo Castillok, biltegi-jabeak, gogor heltzen zion Julio Amador Caraballoren lepoari. Hau, istripua gertatu zenean, zainketa efektiboan zegoen, salbamendu-txalekoa jantzita zeukan. Oihu egiten zuen: «Gogor eutsi, Castillo». Sakabanatuta zegoen merkantziaren artean zeuden, hamar bat metrora.

        Beste alderdian Luis Rengifo zegoen. Minutu batzuk lehenago suntsitzailean ikusi nuen, gora agertzeko ahaleginetan aurikularrak eskumako eskuan altxatuta zeuzkala. Bere betiko lasaitasunarekin, marinel onaren ziurtasun horrekin, bera baino lehenago itsasoa zorabiatuko zela zioen-eta, alkandora erantzita zeukan hobeto uger egiteko, baina salbamendu-txalekoa galduta zeukan. Ikusi ez banu ere, bere oihuagatik ezagutuko nuen:

        —Potolo, egin abant honantz.

        Arin oratu nien erramuei eta eurakana hurreratzen ahalegindu nintzen. Julio Amador, Eduardo Castillo lepoari gogor eutsita zeukala, baltsarantz zetorren. Askoz harago, nire laugarren laguna ikusi nuen, txiki eta etsirik: Ramón Herrera, eskuarekin keinuak egiten zizkidan, kutxa bati helduta.

 

 

Hiru metro baino ez!

 

        Erabaki behar izan banu, ez nuen jakingo zein lagunekin lehenengo hasi. Baina Ramón Herrera ikusi nuenean, Mobileko liskarrekoa, minutu batzuk lehenago popan nirekin zegoen Arjonako mutil alaia, etsita hasi nintzen abantean. Baina baltsak ia metro biko luzera zuen. Oso astuna zen itsaso nahasi hartan eta nik haizearen barrura egin behar nuen abant. Uste dut ezin izan nuela metro bat aurreratu. Etsita, ingurura begiratu nuen berriro eta Ramón Herrera azaletik desagertuta zegoen ordurako. Luis Rengifok bakarrik egiten zuen uger segurtasunez baltsarantz. Ni ziur nengoen iritsiko zena. Tronboi baten antzera entzun nion arrantzaka, nire oholtzapean, eta ziur nengoen bere lasaitasuna itsasoa baino indartsuagoa zena.

        Julio Amadorrek, berriz, Eduardo Castillorekin burrukan ziharduen honek lepoari eusteko. Hiru metrora baino gutxiagora zeuden. Apur bat gehiago hurreratzen haziren erramu bat luzatu ahal izango niela pentsatu nuen. Baina momentu horretan olatu erraldoi batek baltsa airean eroan zuen eta, gain itzeletik, suntsitzailearen masta ikusi nuen, urrunduz zihoana. Berriro jaitsi nintzenean, Julio Amador desagertuta zegoen, Eduardo Castillo lepoari helduta zeukala. Bakarrik, metro bira, Luis Rengifok lasai segitzen zuen ugerrean baltsarantz.

        Ez dakit zergatik egin nuen gauza zentzunbako hori: ezin nuela aurrera egin jakinda, erramua uretan sartu nuen, baltsa ez mugitzea lortu gura izan banu legez, bere lekuan iltzatu gura izan banu legez. Luis Rengifo, nekatuta, momentu baten gelditu egin zen, eskua altxatu zuen aurikularrak zeuzkanean legez, eta oihu egin zidan berriro:

        —Egin abant honantz, potolo!

        Haizea norabide berean zetorren. Ezin nuela haizearen kontra abant egin oihu egin nion, azken ahalegin bat egin zezala, baina ez zidala entzun iritzi nion. Merkantzia-kutxak desagertuta zeuden eta baltsa dantzan zebilen alde batetik bestera, olatuek eraginda. Momentu baten Luis Rengifogandik bost metrora baino gehiagora egon nintzen, eta bistatik galdu egin nuen. Baina beste alde batetik agertu zen, etsi barik oraindik, olatuen kontra hondoratuz hauek urrundu ez zezaten. Ni zutunik nengoen, erramua altuan nuela Luis Rengifo hartzeko era izan arte noiz hurreratuko zen zain. Baina orduan nekatu egiten zela konturatu nintzen, etsi egiten zuen. Zarata egin zidan berriro, hondoratuz orain:

        —Potolo... Potolo!

        Abant egiten ahalegindu nintzen, baina... alferrik zen orain ere, lehenengo aldian legez. Azken ahalegin bat egin nuen Luis Rengifok erramuari oratzeko, baina altxatutako eskua, minutu batzuk lehenago aurikularrak hondora joatea galazo gura izan zuena, hondoratu egin zen momentu horretan betiko, erramutik metro bira baino gutxiagora...

        Ez dakit zenbat denboran egon nintzen horrela, geldirik, baltsan oreka zaintzen, erramua altxatuta. Ura aztertzen nuen. Momentu batetik bestera baten bat azalean agertzea itxaroten nuen. Baina itsasoa garbi zegoen eta haizeak, gero eta gogorrago, nire alkandoraren kontra jotzen zuen txakur baten ulua izan balitz legez. Merkantzia desagertuta zegoen. Mastak, gero eta urrunagotik, suntsitzailea ez zela hondoratu adierazi zidan, hasieran uste izan nuen legez. Lasai egon nintzen: laster neure bila etorriko zirela pentsatu nuen. Nire lagunen batek beste baltsara heltzea lortu zuela pentsatu nuen. Ez zegoen ez lortzeko arrazoirik. Baltsak ez zeuden hornituta, egia esateko suntsitzaileko baltsa guztiak zeuden hornitu barik. Baina sei zeuden denetara, batelak eta baleazaleak kenduta. Nire lagunen batzuk beste baltsetara heltzea guztiz normala zela uste nuen, ni neurera heldu nintzen legez, eta beharbada suntsitzailea gure bila ibiliko zela.

        Eguzkiari erreparatu nion bat-batean. Eguzki bero eta metalikoa, eguerdi betekoa. Lelotuta, oraindik senera guztiz etorri barik, erlojuari begiratu nion. Hamabiak puntuan ziren.

 

 

Bakarrik

 

        Luis Rengifok ordua azkenengoz galdetu zidanean, suntsitzailean, hamaika eta erdiak ziren. Ordua ikusi nuen berriro hamaikak eta berrogeita hamarrean, eta ezbeharra oraindik gertatu barik zegoen. Baltsan erlojuari begiratu nionean, hamabiak puntuan ziren. Dena aspaldi gertatu zela iritzi nion, baina hamar minutu baino ez ziren igaro erlojua azkenengoz ikusi nuen momentutik, suntsitzailearen popan, baltsara heldu eta nire lagunak salbatzen ahalegindu nintzen momentura, eta han geratu nintzen, mugiezinik, baltsan zutunik, itsaso hutsa ikusiz, haizearen ulu zorrotza entzunez eta erreskatatzen etorri baino lehen gutxienez bi edo hiru ordu igaroko zirela pentsatuz.

        «Bi edo hiru ordu», kalkulatu nuen. Itsasoan bakarrik egoteko denbora luzeegia zela iritzi nion. Baina hartara jartzen ahalegindu nintzen. Ez neukan ez jakirik ez urik eta arratsaldeko hirurak baino lehen egarria itogarria izango zela uste nuen. Eguzkiak burua berotzen zidan, azala erretzen hasi zitzaidan, gatzak sikatuta eta gogortuta. Jaustean txanoa galdu nuenez, berriro busti nuen burua eta baltsaren ertzean jesarri nintzen, erreskatatzen etorri artean.

        Orduan bakarrik nabaritu nuen eskumako belauneko mina. Nire dril urdinezko praka lodiak bustita zeuden, halandaze lan handia izan nuen belaunetik gora kiribiltzen. Baina lortu nuenean asaldatuta sentitu nintzen: zauri sakona nuen, ilargi erdi itxurakoa, belaunaren beheko aldean. Ez dakit barkuaren ertzarekin estropezu egin nuen. Ez dakit zauria uretara jausieran egin nuen. Dakidan bakarra da baltsan jesarrita egon nintzen arte ez niola erreparatu, eta apur bat erretzen zuen arren, odolik ez zeriola eta guztiz siku zegoela, ur kresalaren eraginez imajinatzen dut. Zertan pentsatu ez nekiela, nire gauzen inventariuma egiten hasi nintzen. Itsasoko bakardadean zer neukan jakin gura nuen. Lehenengo, neure erlojua neukan, zehatz zebilena eta minutu birik minutu bira, hiru minuturik hiru minutura begiratzeari ezin utz niezaiokeena. Aurreko urtean Cartagenan erositako nire urrezko eraztunaz gain, Karmengo Ama Birjinaren irudidun domina zuen katea ere baneukan, hau ere Cartagenan beste itsasgizon bati hogeita hamabost pesoan erosirikoa. Patrikeretan suntsitzaileko nire armairuko giltzak baino ez neuzkan, eta Mobileko biltegi baten eman zizkidaten hiru txartel, Mary Addressekin erosketak egiten joan nintzen urtarrileko egun baten. Beste zereginik ez neukanez, erreskatatu bitartean denbora emateko txartelak irakurtzeari ekin nion. Ez dakit zergatik baina naufragoek botila baten barruan uretara botatzen duten kodez idatzitako mezuaren itxura hartu nion. Eta uste dut momentu horretan botila bat eduki banu, txartel bat sartuko nuela barruan, naufragoarena eginez, Cartagenan gau horretan neure lagunei zerbait dibertigarria kontatu ahal izateko.

 

Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998