Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998

 

 

8. KAPITULUA

 

 

Arrain bategatik marrazoekin
izan nuen borrokaldia

 

        Kostara hurreratu beharrean zazpi egunean itsasoan gero eta barrurago nindoalako ideia horrek borrokan jarraitzeko erabakia zapuztu egin zidan. Baina heriotzatik hur sentitzen zarenean iraupen-sena sendotu egiten da. Arrazoi desberdinakatik, egun hura —nire zazpigarren eguna— aurrekoetatik oso desberdina zen: itsasoa bare eta ilun zegoen; eguzkiak ez zidan azala erretzen, epel eta laxantea zen eta haizetxo batek baltsa emeki bultzatzen zuen eta erredurak apur bat gozatu egiten zizkidan.

        Arrainak ere desberdinak ziren. Goiz-goizetik baltsari laguntzen zioten. Azalean egiten zuten uger. Nik argi ikusten nituen: arrain urdinak, arreak eta gorriak. Kolore, itxura eta tamaina guztietakoak zeuden. Euren ondoan nabigatzean, baltsa aquarium baten zegoela zirudien.

        Ez dakit zazpi egun jan barik egin ondoren, itsasoan trabes, bizimodu horretara egin litekeen. Baietz uste dut. Aurreko eguneko itxaropen falta etsipen sendo eta zentzunbako batek ordezkatu zuen. Ni ziur nengoen dena desberdina zena, itsasoa eta zerua arerioak izateari utzi ziotena, eta bidaian laguntzen zidaten arrainak lagunak zirena. Nire zazpi eguneko aspaldiko ezagunak.

        Goiz horretan ez nuen inora heltzean pentsatu. Ziur nengoen baltsa itsasontzirik ez zebilen eremu batera heldu zena, itsas txoriak ere galtzen ziren eremu batera.

        Uste nuen, hala ere, zazpi egunean trabes egon ondoren, itsasora egingo nintzela, nire bizimodu larrira, bizitzeko agudezia zolitu barik. Izan ere astebete egin nuen arazo guztiei aurre eginez. Zergatik ezin nintzen epe barik baltsa baten bizi? Arrainek azalean egiten zuten uger, itsasoa garbi eta bare zegoen. Hainbeste animalia eder eta probokagarri zeuden enbarkazioaren inguruan, eskukadak har nitzakeela zirudien. Ez zegoen marrazorik agerian. Beldur barik, eskua uretan sartu nuen eta arrain biribil bat hartzen ahalegindu nintzen, urdin distiratsua, hogei zentimetro baino luzeagoa ez zena. Harri bat bota banu legez izan zen. Arrain guztiek kalatu egin zuten berehala. Desagertu egin ziren uretan, hau momentu baten nahastuta utziz. Gero, geldika-geldika, azalera itzuli ziren.

        Eskuarekin arrantzatzeko zuhurtasun apur bat behar nuela pentsatu nuen. Ur azpian eskuak ez zeukan indar bera ez trebetasun bera. Multzoko arrain bat aukeratzen nuen. Oratzen ahalegintzen nintzen. Eta oratu egiten nion, bai. Baina atzamar artetik eskapatzen asmatzen nuen, harritu egiten ninduen bizkortasun eta arintasunarekin. Hala egon nintzen, zain, presarik hartu barik, arrain b'at harrapatzeko ahaleginetan. Ez nuen marrazoan pentsatzen, han egon zitekeen hau, hondoan, nik besoa ukondoraino sartzeko zain haginkada zehatz batez eroateko. Hamarrak apurtxo bat pasata izan arte arraina harrapatzeko ahaleginean ihardun nuen. Baina alferrik izan zen. Atzamarretan haginka egiten zidaten, emeki hasieran, karnatarekin egiten duten moduan. Indar gehiagorekin gero. Metro erdiko arrain batek, lisu eta zilar kolorekoa, hortz txiki zorrotzak zeuzkana bera, erpuruko haragia urratu zidan. Orduantxe konturatu nintzen beste arrainen haginkadak ez zirela kaltebakoak izan. Atzamar guztietan neuzkan odoletan zeuden urradura txikiak.

 

 

Marrazoa baltsan!

 

        Ez dakit nire odola izango zen, baina apur bat geroago baltsaren inguruan marrazo asko batu ziren. Sekula ez nituen hainbeste ikusi. Sekula ez nuen euren jaletasunaren halako erakutsirik ikusi. Izurdeek legez saltatzen zuten, jarraituz, karelaren ondoan arrainak irentsiz. Ikaratuta, baltsa barruan jesarri nintzen eta sarraskiari begira jarri nintzen.

        Hain bortizki gertatu zen, ez nintzen konturatu marrazoak zein momentutan egin zuen salto uretatik kanpora, brauntada gogorra eman zuen, eta baltsa, balantzaka, bits distiratsuan hondora zen. Karelaren kontra lehertu zen itsasoaren kolpearen distiraren erdian, juzturi metaliko bat ikusi nuen. Senari jarraituz, erramu bat hartu nuen eta heriotza-kolpea ematen hasi nintzen: ziur nengoen marrazoa baltsan sartu zena. Baina momentu baten karelaren gainetik irteten zuen hego itzela ikusi nuen eta zer gertatu zen konturatu nintzen. Marrazoak jarraitzen ziola, arrain distiratsu eta berde batek, gutxi gora-behera metro erdiko luzerakoa, baltsa barrura saltatu zuen. Nire indar guztiekin erramuarekin lehenengo kolpea eman nion buruan.

        Ez da erreza arrain bat hiltzea baltsa baten barruan. Kolpe bakoitzarekin enbarkazioa balantzaka hasten zen; buelta emateko arriskua zegoen. Momentua oso arriskutsua zen. Neure indar guztiak eta neure argitasun guztia behar nuen. Zuhur ibili ezik kolpeekin baltsak buelta eman zezakeen. Marrazo gosetiak zeuden lekura jausiko nintzen. Baina zehatz jo ezik harrapakinak eskapatu egingo zidan. Bizitza eta heriotzaren artean nengoen. Marrazoen ahutzetan jausi, edo nire zazpi eguneko gosea asetzeko lau libra arrain fresko eduki.

        Karelean ondo jarri nintzen eta bigarren kolpea eman nuen. Erramuaren ohola arrainaren buruko hezurretan sartzen asmatu nuen. Baltsak balantza egin zuen. Marrazoek zoruaren azpian astinaldia izan zuten. Baina ni karelaren kontra sendo jarrita nengoen. Enbarkazioak oreka berreskuratu zuenean arrainak bizirik jarraitzen zuen, baltsaren erdian. Agonian, arrain batek inoiz baino altuago eta urrunago salta dezake. Nik banekien hirugarren kolpeak zehatza izan behar zuela edo bestelakoan harrapakina betiko galduko nuela.

        Salto batekin zoruan jesarrita geratu nintzen, horrela harrapatzeko aukera hobea izango nuen. Oinekin harrapatuko nuen, belaunen artean edo hortzekin, beharrezkoa izan balitz. Zoruan sendo jarri nintzen. Ez nuen hutsik egin gura, nire bizitza kolpe haren pentzura zegoena ziur nengoen, erramuari neure indar guztiekin utzi nion jausten. Animalia geldirik geratu zen kolpearekin eta odol hari batek baltsako ura tindatu zuen.

        Nik neuk ere asmatu nuen odolaren usaina. Baina marrazoek ere asmatu zuten. Lehenengoz momentu honetan, lau libra arrain neuretzat neuzkala, ezin eutsizko ikara izan nuen: odolaren usainak zoratuta marrazoak euren indar guztiekin oldartzen ziren zoruaren kontra. Baltsa balantzaka zegoen. Nik banekien momentu batetik bestera buelta eman zezakeela. Segundo bateko kontua izango zen. Juzturiak irauten duen baino denbora gutxiagoan marrazo batek masailezur bakoitzean dauzkan altzairuzko haginen hiru ilarek zatitu egingo ninduten.

        Hala ere, gosearen eztenkada guztiaren gainetik zegoen orduan. Hanka tartean estutu nuen arraina eta, kordoka, piztien oldarraldi bakoitzean baltsa orekatzeko behar gaitzean ihardun nuen. Minutu batzuetan luzatu zen hura. Enbarkazioak oreka lortzen zuen bakoitzean, ur odoldua kareletik botatzen nuen. Geldika-geldika azala garbi 'geratu zen eta piztiak kalmatu egin ziren. Baina kontuz ibili behar nuen: marrazo hego ikaragarri batek —neure bizian ikusi dudanik eta marrazo hego edo pizti hegorik handiena— karelaren gainetik metro bat baino gorago altxatzen zen. Lasai egiten zuen uger, baina banekien odolaren usaina berriro asmatuz gero baltsa irauliko zuen astinaldia emango zuela. Kontu handiz neure arraina zatitzera prestatu nintzen.

        Metro erdiko animalia bat ezkata geruza gogor batek babesten du. Ezkatatzen ahalegintzen zarenean haragiari altzairuzko laminak legez itsatsirik daudela sentitzen duzu. Nik ez neukan ebakitzeko tresnarik. Giltzekin ezkatatzen ahalegindu nintzen, baina lokatzea ere ez nuen lortu. Bitartean, hura lako arrainik sekula ez nuela ikusi konturatu nintzen: berde-berdea zen, ezkata gogorrak zeuzkan. Umetarik kolore berdea pozoiekin lotu izan dut. Sinesgaitza da, baina ahokada bat arrain freskoren perspektiba hutsarekin urdaila minez taupadaka baneukan ere, dudan egon nintzen momentu baten animalia arraro hura pozoitsua izan zitekeen ideiaren aurrean.

 

 

Neure gorputz gaixoa

 

        Hala ere, gosea jasangarria da jakirik topatzeko itxaropenik ez dagoenean. Ni baltsaren hondoan jesarrita, haragi berde eta distiratsua giltzekin apurtzen ahalegintzen nintzen momentu hartan bezain gupidabakoa sekula ez zen izan.

        Minutu gutxiren buruan indar gehiagorekin egin behar nuela konturatu nintzen, neure harrapakina jango banuen. Zutundu egin nintzen, buztana gogor zapaldu nion eta erramu baten txikota zakatzetan sartu nion. Azal lodi eta gogorra zuen. Erramuaren txikotarekin zakatzak apurtzea lortu nuen azkenean. Oraindik ez zegoela hilda konturatu nintzen. Buruan beste kolpe bat eman nion. Gero zakatzetako lamina babesle gogorrak kentzen ahalegindu nintzen eta momentu horretan ez nuen jakin nire atzamarretan korritzen zuen odola neurea edo arrainarena zen. Nik eskuak zaurituta neuzkan eta atzamar puntak haragi bizian.

        Odolak marrazoen gosea piztu zuen berriro ere. Gaitza da sinestea baina momentu hartan, piztia gosetien lehia neure inguruan asmatzen nuela, haragi odolduari nazka niola, arraina marrazoei botatzeko zorian egon nintzen, itsas txoriarekin egin nuen legez. Etsita nengoen, ahalke gorputz sendo eta urratuezin haren aurrean.

        Ondo-ondo aztertu nuen, bere zati bigunak bilatuz. Azkenean zakatzen azpian zirrikitu bat aurkitu nuen; atzamarrarekin tripak ateratzen hasi nintzen. Arrain baten erraiak bigunak eta inkonsistenteak dira. Marrazo bati buztanetik gogor tenez gero, urdaila eta hesteak ahotik ateratzen ei zaizkio. Cartagenan marrazoak buztanetik eskegita ikusi ditut, masailezurretik errai masa itzel, ilun eta likatsua zeriela.

        Zorionez, nire arrainaren erraiak marrazoenak bezain bigunak ziren. Momentu baten atera nituen atzamarrarekin. Emea zen: erraien artean arbia ere bazegoen. Tripa guztia kendu nionean lehenengo haginkada eman nion. Ezin izan nuen ezkata azala ebaki. Baina bigarren saiakeran, indarberrituta, etsita egiten nuen haginka, masailezurretako mina izan arte. Orduan lehenengo mokadua kentzea lortu nuen eta haragi hotz eta gogorra mamurtzen hasi nintzen.

        Nazkarekin mamurtzen nuen. Arrain gordinaren usainak beti' eman dit nazka. Baina zaporea are nazkagarriagoa da: txontaduro gordinaren urruneko antza dauka, baina gustu gutxiagokoa eta likatsuagoa da. Inork ez du arrain bizi bat sekula jan. Baina zazpi egunean nire ahora heltzen zen lehenengo jakia mamurtu bitartean, neure bizian lehenengoz arrain bizi bat jaten ari nintzen ziurtasun nazkagarria izan nuen.

        Lehenengo zatiak berehalako hobekuntza eragin zidan. Beste haginkada bat eman eta berriro mamurtu nuen. Momentu bat lehenago marrazo oso bat jateko gauza nintzela pentsatu nuen. Baina bigarren mokaduarekin bete egin nintzen. Nire zazpi eguneko gose ikaragarria momentu baten joan zitzaidan. Indartsu sentitu nintzen berriro, lehenengo egunean legez.

        Orain badakit arrain gordinak egarria kentzen duena. Lehen ez nekien, baina arrainak gosea ez eze egarria ere kendu zidala konturatu nintzen. Asebeterik eta baikor nengoen. Zati baterako neukan jakia, metro erdiko animaliari haginkada bi baino ez nizkion eman eta.

        Alkandorarekin batzea eta baltsaren hondoan uztea erabaki nuen, fresko iraun zezan. Baina lehenengo garbitu egin behar zen. Distraituki buztanetik oratu nion eta kareletik kanpora uretan sartu nuen behin. Baina odola koagulatuta zegoen ezkata tartean. Igurtzi egin behar zen. Inuzenteki berriro sartu nuen uretan. Eta orduantxe sentitu nuen marrazoaren masailezurren oldarraldia eta kolpe bortitza. Arrainaren buztana neure indar guztiekin estutu nuen. Piztiaren tirakadak oreka galarazi zidan. Karelaren kontra kolpea hartu nuen, baina neure jakiari oratzen jarraitu nuen. Lehoi baten moduan defendatu nuen. Ez nuen pentsatu, segundo frakzio horretan, marrazoaren beste haginkada batek besoa sorbaldatik erauz ziezadakeela. Neure indar guztiekin tiratu nuen berriro, baina neure eskuetan ez zen ezer geratzen. Marrazoak nire harrapakina eroan zuen. Haserre, etsipenak eta amorruak zoratuta erramu bat hartu nuen orduan eta marrazoari kolpe itzela eman nion buruan, kareletik berriro pasa zenean. Piztiak saltatu egin zuen. Haserre jiratu zen eta haginkada bakar, latz eta bortitz batez, erramu erdia zatitu eta irentsi egin zuen.

 

Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998