Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998

 

 

11. KAPITULUA

 

 

Hamargarren egunean,
beste haluzinazio bat: lehorra

 

        Nire bederatzigarren gaua guztietan luzeena izan zen. Baltsan etzanda nengoen eta olatuak karelaren kontra apurtzen ziren leunki. Baina ez nintzen neure zentzumenen jabe. Eta nire buruaren ondoan errementatzen zuen olatu bakoitzean hondamendia errepikatzen zela sentitzen nuen. Hil zorian daudenek «euren urratsak berritzen» irteten ei dute. Berrikusketa gau hartan halako zeozer gertatu zitzaidan. Ni suntsitzailean nengoen berriro, hozkailu eta berogailuen artean etzanda, popan, Ramón Herrerarekin, eta Luis Rengifo zainketan ikusten nuela, otsailaren 28ko eguerdiaren berrikusketa ero baten. Olatua karelaren kontra hausten zen bakoitzean zama itzulikatu egiten zela asmatzen nuen, uraren hondora nindoala eta gorantz egiten nuela uger, azalera irten guran.

        Minuturik minutu, itsasoan igarotako bederatzi egunetako bakardadea, larritasuna, gosea eta egarria errepikatu egiten ziren orduan, argiro, zinemako pantailan legez. Lehenengo zelan jaitsi nintzen. Gero nire lagunak, baltsaren inguruan oihuka; ondoren gosea, egarria, marrazoak eta Mobileko gomutak imajina hurrenkera baten igaroz. Ez jausteko neurriak hartzen nituen. Suntsitzailearen popan ikusten nuen berriro neure burua, olatuak ez eroateko neure burua lotzeko ahaleginetan. Neure burua hain gogor lotzen nuenez eskumuturrak, orkatilak eta eskumako belauna batez ere minduta neuzkan. Baina, txikotak gogor lotuta eduki arren, olatua beti etortzen zen eta itsasoaren hondora eroaten ninduen. Argitasuna berreskuratzen nuenean gorantz egiten nuen uger. Ia itoan.

        Egun batzuk lehenago neure burua baltsan lotzea pentsatu nuen. Gau hartan egin egin behar nuen, baina ez neukan altxatzeko eta oholtzaren txikotak bilatzeko indarrik. Ezin nuen pentsatu. Bederatzi egunetan lehenengoz ez nintzen neure egoeraz ohartzen. Nengoen moduan miraritzat hartu behar da gau hartan olatuek itsasoaren hondora ez eroana. Ez nuen ikusiko. Errealitatea haluzinazioekin nahastuta neukan. Olatu batek baltsari buelta eman balio, beste haluzinazio bat zela pentsatuko nuen beharbada, suntsitzailetik berriro jausi nintzela sentituko nuen —gau hartan hain sarri sentitu nuen legetxe— eta segundo baten hondora jausiko nintzen karelaren ondoan bederatzi egunean eroapenez itxaron zuten marrazoei jaten ematen.

        Baina neure zori onak berriro babestu ninduen gau horretan. Konortea galduta egon nintzen, nire bederatzi eguneko bakardadea minuturik minutu gogoratzen eta orain ikusten dudanez karelean lotuta egon banintz bezain seguru nindoan.

        Goizaldean, haizea izoztu egin zen. Sukarra neukan. Erretzen nuen gorputzak dar-dar egin zuen, hotzikara hezurretaraino sartuta. Eskumako belauneko mina hasi zitzaidan. Itsasoko gatzak siku eduki zuen, baina bizirik jarraitzen zuen, lehenengo egunean legez. Kontuz ibili nintzen beti minik ez egiteko. Baina gau horretan, buruz behera etzanik, baltsaren zoruaren kontra neukan belauna, eta zaurian taupada mingarriak nituen. Orain zauriak bizia salbatu zidala pentsatzeko arrazoiak dauzkat. Laino tartean legez, mina asmatzen hasi nintzen. Nire gorputzaz ohartzen ari nintzen. Haize izoztua neure aurpegi sukartiaren kontra asmatu nuen. Orain badakit ordu batzuetako erretolika bota nuela, gauza nahasiak esan nituela, neure lagunekin berbetan, Mary Addressekin musika zaratatsua zegoen lekuan izozkiak hartuz.

        Zenbatezinezko ordu askoren ondoren burua lehertzen asmatu nuen. Lokiak taupadaka neuzkan eta hezurretako mina neukan. Belauna haragi bizian asmatzen nuen, handiduragatik elbarrituta. Belauna nire gorputza baino handiagoa zela zirudien, askoz handiagoa.

        Eguna argitzen hasi zenean baltsan nengoela konturatu nintzen. Baina orduan ez nekien zenbat denbora neroan egoera horretan. Gogoratu zitzaidan, ikaragarrizko ahalegina eginda, karelean beste marra batzuk egin nituela. Baina ez zitzaidan gogoratzen noiz egin nuen azkena. Mailako txikoten artean aurkitutako sustraia jan nuen arratsalde hartatik denbora handia igaro zela uste nuen. Ametsa izan ote zen? Ahoan zapore ezti eta sendoa neukan oraindik, baina neure jakien berrikusketa egiten nuenean ez zitzaidan bera gogoratzen. Ez ninduen ase. Osorik jan nuen, baina urdaila hutsik asmatzen nuen. Indarge nengoen.

        Zenbat egun pasa ote ziren ordutik? Banekien eguna argitzen ari zela, baina ezin izango nuen jakin zenbat gau egin nituen abailduta baltsaren hondoan, topatzeko lehorra baino gaitzagoa zen heriotzaren begira. Zerua gorritu egin zen, ilunabarrean legez. Eta hori nahasketarako beste bide bat izan zen: ez nuen jakin orduan beste egun bat edo beste iluntze bat zen.

 

 

Lehorra!

 

        Belauneko minarekin etsita jarrera aldatzen ahalegindu nintzen. Buelta eman gura izan nuen, baina ezinezkoa izan zitzaidan. Hain nekatuta nengoenez zutuntzeari ezinezkoa neritzon. Orduan zaurituta neukan hanka mugitu nuen, baltsaren hondoan eskuak jarrita eskegi nintzen eta atzez jausten utzi nion neure gorputzari, aratinik, burua karelean nuela. Eguna argitzen ari zen, zalantza barik. Erlojuari begiratu nion. Goizaldeko laurak ziren. Ordu horretan hodeiertza aztertzen nuen egunero. Baina lehorraren itxaropena galduta neukan ordurako. Zerura begira jarraitu nuen, gorri bizitik urdin hilera pasatzen ikusiz. Aireak izoztuta jarraitzen zuen, sukarra neukala sentitzen nuen eta belaunean taupada mingarri eta sarkorrak nituen. Txarto sentitzen nintzen ezin izan nintzelako hil. Indarge nengoen, baina guztiz bizirik. Eta ziurtasun hark desbabes-sentipena eragin zidan. Gau hartatik ez nintzela pasako zalantzan egon nintekeen. Eta, hala ere, beti legez jarraitzen nuen, baltsan sufrituz eta beste egun bat hasiz, beste egun bat, egun hutsa, eguzki jasangaitzarekin eta baltsaren inguruan marrazo taldearekin, arratsaldeko bostetatik gora.

        Zerua urdintzen hasi zenean hodeiertzera begiratu nuen. Ura berde eta bare zegoen alde guztietan. Baina baltsaren aurrean, goizaldeko argi-itzalean, itzal luze eta iluna topatu nuen. Zeru argiaren kontra kokondoen islak zeuden.

        Amorrua sentitu nuen. Aurreko egunean Mobilen jai baten ikusi nuen neure burua. Ondoren, dortoka erraldoi hori bat ikusi nuen, eta gauean Bogotako nire etxean egon nintzen, La Salle de Villavicencio eskolan eta suntsitzaileko nire lagunekin. Orain lehorra ikusten ari nintzen. Lau edo bost egun lehenago haluzinazio hori izan banu pozez zoratzen egongo nintzen. Pikutara bidaliko nuen baltsa eta uretara saltatuko nuen itsasertzera arin heltzeko.

        Baina ni nengoen egoeran haluzinazioak barrunta ditzakezu. Kokondoak argiegi ikusten ziren benetakoak izateko. Gainera, ez nituen beti distantzia berean ikusten. Batzuetan baltsaren ondoan ere ikusten nituela pentsatzen nuen. Geroago bi, hiru kilometrora zeudela pentsatzen nuen. Horregatik ez nengoen pozik. Horregatik neure hiltzeko gogoari eutsi nion, haluzinazioek zoratu orduko. Zerura begiratu nuen berriro. Zeru altu eta hodei bakoa zen orain, urdin-urdina.

        Laurak eta berrogeita bostean eguzkiaren distirak ikusten ziren hodeiertzean. Lehenago gauaren beldur izan nintzen, orain egun berriko eguzkia areriotzat neukan. Zaurituriko azalean haginka egiten zetorkidan arerio itzel eta gupidabakoa, ni egarriz eta gosez zoratzen zetorrena. Eguzkia madarikatu nuen. Eguna madarikatu nuen. Goseak edo marrazoek hil beharrean bederatzi egunean trabes eusten utzi zidan zoria madarikatu nuen.

        Berriro ere deseroso nengoenez, baltsaren hondoan erramu zatia bilatu nuen etzateko. Sekula ezin izan dut lorik egin buruko gogorregiarekin. Hala ere, marrazoek zatituriko palu zati bat irrikatan bilatzen nuen burua gainean jartzeko.

        Erramua hondoan zegoen, oholtzaren txikotei loturik oraindik. Askatu egin nuen. Nire mindutako bizkarretan jarri nuen behar legez, eta burua karelaren gainetik nuela geratu nintzen. Orduantxe ikusi nuen argi, altxatzen hasita zegoen eguzki gorriaren kontra, kostaren isla luze eta berdea.

        Bostetarako gutxi falta zen. Goiza guztiz argia zen. Duda txikienik ere ezin zitekeen egon lehorra benetakoa zena. Aurreko egunetan zapuztutako poz guztiak —hegazkinen poza, barkuen argiena, itsas txoriena eta uraren kolorearena— itsumustuan berpiztu zitzaizkidan, lehorra ikusieran.

        Ordu horretan arrautza frijitu bi jan banitu, okela zati bat, kafesnea eta ogia —suntsitzaileko gosari oso bat— benetan lehorra zela pentsatu nuen hura ikusi ondoren bezain indartsu ez nintzen sentituko beharbada. Salto batez altxatu nintzen. Neure aurrean, ezin hobeto, kostaren itzala eta kokondoen isla ikusi nuen. Ez nuen argirik ikusten. Baina nire eskumatara, hamar bat kilometrora, eguzkiaren lehenengo izpiek argitasun metaliko batekin distiratzen zuten labarretan. Pozez zoratzen, neure erramu zati bakarrari oratu nion eta baltsa kostarantz bultzatzen ahalegindu nintzen, artez.

        Baltsatik itsasertzera kilometro bi egongo zirela kalkulatu nuen. Eskuak apurtuta neuzkan eta ariketak bizkarra mintzen zidan. Baina ez nuen bederatzi egunean iraun —hamarrean hasi berriarekin— orain lehorraren aurrean nengoenean etsitzeko. Izerditan nengoen. Goizaldeko haize hotzak izerdia sikatzen zidan eta min gozakaitza ematen zidan hezurretan, baina abantean jarraitzen nuen.

 

 

Baina, non dago lehorra?

 

        Ez zen hura lako baltsa baterako erramua. Palu zati bat zen. Zundatzat ere ezin nuen erabili uraren sakonera zein izan zitekeen asmatzeko. Lehenengo minutuetan, emozioak eragin zidan indar bereziarekin, apur bat aurrera egitea lortu nuen. Baina abailduta sentitu nintzen gero, momentu baten erramua altxatu nuen, neure begien aurrean hazten zen landaretza oparoa ikusiz, eta kostaren parean zihoan korronte bat baltsa labarretarantz bultzatzen ari zela ikusi nuen.

        Sentitu nuen nire erramuak galtzea. Euretariko batek korrontea menpera zezakeela banekien, osorik egonez gero eta ez marrazoek zatituta, nik eskuan neroana legez. Momentu batzuetan baltsa labarretara heldu arte itxaroteko pazientzia izango nuela pentsatu nuen. Goizeko lehenengo eguzkipean metalezko orratz pilo batek legez distiratzen zuten. Zorionez hain nengoen etsita lehorra neure oinen azpian sentitzeko, itxaropena urrun ikusi nuen. Geroago Caribana Puntako baixak zirela jakin nuen, eta korronteari eroaten utziz gero haitzen kontra zatituko ninduela.

        Neure indarrak kalkulatzen ahalegindu nintzen. Kilometro biko ugerraldia neukan kostara heltzeko. Baldintza onetan kilometro bi ordubetean baino gutxiagoan egin ditzaket. Baina ez nekien zenbat denboran egin ahal izango nuen uger hamar egun pasata eta arrain zati bat eta sustrai bat bakarrik janda, eguzkiaren eraginez gorputza puslaz beterik eta belauna zaurituta neukala. Baina hura nire azkenengo aukera zen. Ez nuen pentsatzeko astirik izan. Ez nuen marrazoekin gogoratzeko astirik izan. Erramua utzi nuen, begiak itxi eta uretara saltatu nuen.

        Ur izoztua ukitueran hobeto sentitu nintzen. Uraren erres kosta bistatik galdu egin nuen. Uretan egon bezain laster errakuntza bi izan nituela konturatu nintzen: ez nuen alkandora erantzi eta ez nituen zapatak estutu. Hondora ez joaten ahalegindu nintzen. Nire lehenengo zeregina izan zen, ugerrean hasi orduko. Alkandora erantzi nuen eta gerriaren inguruan gogor lotu nuen. Gero, zapaten kordelak estutu egin nituen. Orduantxe hasi nintzen ugerrean. Lehenengo etsita. Gero lasaiago, palada bakoitzarekin indarrak ahitu egiten zitzaizkidala sentituz, eta lehorra ikusi barik orain.

        Ez nituen bost metro egin Karmengo Ama Birjinaren domina zuen katea apurtu zitzaidala asmatu nuenean. Gelditu egin nintzen. Ur berde eta nahasian hondorantz hasi zenean harrapatu ahal izan nuen. Patrikeretan gordetzeko astirik ez nuenez gogor estutu nuen hortzen artean eta ugerrean jarraitu nuen.

        Indarge nengoen eta, hala ere, oraindik ez nuen lehorra ikusten. Orduan ikara berriro jabetu zen nitaz: beharbada, lehorra beste haluzinazio bat izan zitekeen. Ur freskoak bizkortu egin ninduen eta neure zentzumenen jabe nintzen berriro ere, etsita haluzinazio bateko hondartzarantz uger nindoala. Asko aurreratu nuen ugerrean. Baltsaren bila itzultzea ezinezkoa zen.

 

Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998