Urkamendira bideko erreportaia
Julius Fucik

euskaratzailea: Elena Ituarte
Txalaparta, 1988

 

VIII. KAPITULUA

Historia atal bat

 

 

      1943.eko Ekainak 9

      Nire zelda aurrean gerriuhal bat zintzilik dago. Nire gerriuhala. Abiatu beharraren ezaugarria. Gauez Reichera eramango naute, epaiketara... e.a. Eta abar. Nire bizitzaren azkenaldia haginka zapuzten ari da denbora harrapakaria. Laurehun eta hamaika egun Pankrac-en, sinestezinezko arintasunaz igaro dira. Zenbat geldituko ote zaizkit? Non? Eta nola?

      Iadanik seguraski ez dut izango idazteko aukerarik. Hona hemen, bada, nire azkenengo testimonioa. Dudarik gabe, azken lekuko bizia naizen historiaren atal bat.

 

      1941.eko Otsailean, bai Txekoslobakiako Alderdi Komunistaren Batzorde Zentraleko kideak eta bai une hain larrietarako prestatua zegoen ordezko Batzorde kideak atxilotuak izan ziren. Oraindik ez dago aski garbi nola izan zen posible hain kolpe gogorra Alderdiari ematea. Agian, Gestapoko komisarioek etorkizunean, itaunduak izaterakoan esango dute zerbait. Alferrik saiatu nintzen, Petschek Jauregian hausarbeiter gisa aritu nintzenean, enigma honi ebazpide bat aurkitzen. Zalantzarik gabe, alde batetik probokazioa izanen zela baina baita ere zuhurgabetasunik anitz. Langintza ezlegaletan bi urtetan arrakasta izan ondoren, burkideen zaingoa zerbait ahuldu egin zen. Erakunde ezlegala hedatzen ari zen. Burkide berriak hasi ziren langintza honetan eta beste batzu beste abagadune batetararte baztertu egin ziren. Alderdiaren aparatua hedatuz zihoan eta kontrolatu ezin adina korapilatzen. Batzorde Zentralaren aurkako kolpea aspaldidanik prestatua zegoen eta S.E.S.B.-ren aurkako erasoa prestatua zegoen momentuan burutu zen.

      Lehenengoan atxiloketen hedadura ez nuen ezagutzen. Nire betiko kontaktua espero nuen, lortu gabe. Hilabete beranduago argi zegoen zerbait larria gertatu zela eta ez nuela soilik itxaron egin behar. Orduan, nik neuk bilatu nuen kontaktua eta gainerako guztiek ere bilatu egin zuten.

      Honza Vyskocil, Bohemia Zentraleko arduraduna izan zen lehen aurkitu nuena. Iniziatibak bazituen eta Rude Pravo argitaratzeko materialak prestaturik zituen Alderdia organo zentralik gabe gera ez zedin. Nik artikulu nagusia idatzi nuen, baina materialok (nik ezagutu ere egiten ez nituenak) Maiatzaren Lehenari buruzko buletinean argitaratzeko ados jarri ginen eta ez Rude Pravo bezala, aldizkari hau beste argitarapen probisional batetan ager zedin.

      Lan inprobisatutako hilabete batzu etorri ziren. Alderdiari kolpe gogorra eman zioten baina ez heriozkoa. Ehundaka burkide berrik lanen kargua hartu zuten jausitako dirigenteen lekua betez. Burkide berriak burubidez beterik zetozen eta ez zuten uzten erakundearen oinarriak zapuztea edo pasibitatean erortzea. Batzorde Zentrala ezin izan zen berreraiki eta desantolatutako lanak arrisku handia suposatzen zuen: une garrantzitsuenean, itxarotako S.E.S.B.ren aurkako erasoaldian, jokaera amankomuna ez edukitzearren arriskua, alegia.

      Rude Pravo, behar adinako kontrolik gabe argitaratu zen, baina nire eskuetara iristerakoan esku politiko aditua aurkitu nuen. Maiatzaren Lehenari buruzko gure buletinean, zoritxarrez ez hain ondo argitaratua, besteek, kontutan hartu beharreko ahots batetaz ohartu ziren. Eta elkar bilatu genuen.

      Baina baso zarratu batetako bilakuntzak ziren. Ahots bat entzun genuen, jarraitu genion eta ia hatzeman genionean kontrako aldetik entzuten zen. Galtze krudelak, Alderdi guztiari, zuhurragoa, begiratzaileagoa izaten erakutsi zion. Elkar aurkitu nahi zuten Alderdiaren aparato zentraleko bi kidek, elkarren kontrako ziren sondaketa eta ezagutza oztopoak gainditu behar zituzten eta, jakina, kontaktoan jarri nahi zuten besteen aldetik ere oztopo berdintsuak gertatzen zirelarik. Askoz konplikatuagoa zen, zeren nik ez nekien nor zegoen beste aldean eta berak ez bait zekien nor bilatzen zuen.

      Azkenean, topagune amankomuna aurkitu genuen. Mutiko bikaina zen: Mios Nedved doktorea gure lehenengo artekaria izan zen. Kasualitate apur bat ere izan zen. 41.eko Ekainaren erdirantz, gaisorik nengoen eta Lida bidali nuen Nedved-rengana ni zaintzera etor zedin. Berehala etorri zen Baxa-tarren etxera. Eta han ados jarri ginen. Bera ere, “beste hori” aurkitzeko enkargatua zegoen, baina ni izango nintzen ideiarik ez zuen. Alderantziz, konbentzituta zegoen —beste taldeko guztiak bezala— ni atxilotua eta seguraski asesinatua izan nintzela.

 

      1941.eko Ekainaren 22an Hitlerek Sobietar Batasunaren aurkako erasoa hasi zuen. Arratsalde berean, Honza Vyskocil-ekin manifestu txiki bat argitaratu genuen gertaera horrek guretzat zuen esanahia azalduz. Ekainaren 30ean, hain denbora luzez bilatu nuenarekin elkarrizketa izan nuen. Bera etorri zen nik esandako etxe batetara, bazekielako nor aurkituko zuen. Nik, une hartan, oraindik ez nekien. Udako gaua zen. Lehio irekietatik arkaziek airea lurrundatzen zuten. Une faboragarriak, amoranteen zita batetarako egokiagoak. Leihoa itxi genuen, argia pistu eta elkar besarkatu genuen. Honza Zika zen.

      Honek zera esan nahi du, 1941.eko Otsailean, Batzorde Zentrala ez zela izan atxilotua bere osotasunean. Bere kideetatik bakar bat, Zika, salbatu egin zen. Ezagutzen nuen eta aspaldidanik maite nuen. Baina, egia esan, elkarrekin lan egin genuen arte ez nuen ezagutu. Beti lodikotea, irribarretsua, irekia. Eta tinkoa, konponketen etsaia, militante ausarta eta Alderdiaren lanetarako prestua. Ez zekien eta ez zuen jakin nahi ere bere betebeharraz ezik. Bere betebeharrengatik denaz gabetzen zen. Jendea maite zuen eta jendeak maite zuen. Baina sentipen hori ez zuen sekula ahulkeriei begiak itxiz erosten. Minutu batzutan jarri ginen ados. Eta egun batzu geroago direkzio berriaren hirugarren kidea ere ezagutu nuen. Honza Cerny zen Zika-rekin maiatzetik kontaktuan zegoena. Planta ederrekoa, dotorea, oso begikoa jendearekiko, Espainia aldean burrukalari izandakoa nondik Alemania nazia zehazkatuz, gerra garaian, itzuli bait zen fusil bala batez biriak zulatuta, isilpeko esperientzia aberatsaz eta beti kemenez beterik.

      Burruka amorratutako hilabeteek neurri gabeko burkidetasunean batu gintuzten. Gure izaera eta ezagueragatik elkar osatzen ginen. Zika: antolatzailea, objetiboa, erabat zehatza, hitz ederrengatik desbideratzen ez zena, txosten bakoitza aztertzen zuena barnerarte zehaztuz, proposamen bakoitza ikuspegi guztietatik aztertzen zuena eta, gozotasunez, baina fermuki, akordio bakoitzaren burutzapena kontrolatzen zuena. Cerny: sabotaietan espezialista eta burruka armatuko prestakuntzetan, beti ikusmolde militarrez pentsatzen zuen, ekimen eta inguru handiko gizona, ausarta, nekaezina eta burruka modu eta koadru berrien aurkikuntza trebea. Eta ni: ernetasunean konfidantza zuen kazetaria eta propagandista, fantasia asko neukan baina baita ere, kontrapisu gisa, zentzu kritiko handia.

      Funtzioen banaketa gehienbat, lanen banaketa baino erantzukizunen banaketa zen. Bakoitza, bere kabuz, denetaz arduratzera eta beharrezkoa zen leku guztietan egotea behartua zegoen. Lana ez zen erraza. Alderdiari Otsailean egindako zauriak irekirik zeuden oraindik eta inoiz ez ziren guztiz osatu. Kontaktu guztiak moztuta zeuden. Leku batzuetan sektore osoak jausten ziren; beste batzutan koadro onak genituen baina haietara iristeko biderik ezin izan genuen aurkitu. Erakunde osoak, enpresa osoak, kontaktuak ezarri baino lehen, hilabeteetan zehar isolatuak egon ziren. Eta guk gutxienez organo zentrala beraien eskuetara iristea aseguratu behar genuen, bere orientabideak jarrai zitzaten. Ez genuen bizilekurik eta lehengoak ezin genituen erabili zainduak egon bait zitezken. Hasieran dirua falta zitzaigun, zaila zen janaria lortzea, gauza asko berrasi behar izan genituen...

 

      Eta guzti hau Alderdiak eraiki eta prestatzeko astirik ez zuen garaian. S.E.S.B.-ren aurkako erasoaren momentua zen eta Alderdiak zuzenean parte hartzeko beharra zuen, barruko frentea zapaltzaileen aurka antolatuz, haien aurka gerrilak mobilizatuz, eta guzti hau, ez bakarrik Alderdiaren indarraz baizik eta herri guztiaren partaidetasunaz. Prestaketa urteetan, 1939.etik 1941.era, Alderdia klandestinitate osoan bizi zen, bai alemaniar poliziarentzat eta bai herriarentzat. Orain, odoltuta, zapaltzaileen aurkako frente ezlegala hobetu eta indartu egin behar zuen, baina aldi berean herriaren aurrean ezlegaltasunetik atera behar zen. Alderdi gabeko jendearekin harremanak ezarri behar zituen, herri osoarengana zuzendu, askatasunagatik burrukatzeko prest zegoen bakoitzarekin elkar ulertu eta, bere interbentzio zuzenaz, zalantzan zeudenak bide horretara erakarri.

      1941.eko Irailaren hasieran lehendabiziko aldiz esan genezaken, nahiz eta oraindik hain larriki kolpatutako erakundea birjartzea ez bagenuen lortu ere —urruti geunden oraindik— ba genuela berriz ere, bere kabuz garrantzia handiko lanak burutzeko gai zen nukleo tinkoa. Alderdiaren interbentzioa berehala somatu zen. Sabotaiak eta lantegietako grebak ugaldu egin ziren. Irailaren azkenetan Heydrich gure aurka bidali zuten.

      Lehenengo setio egoerak ez zuen lortu indartuz zihoan erresistentzia aktiboa apurtzea. Hala ere, gerarazi zuen eta Alderdiari kolpe berriak eman zizkion. Pragako herrialdea eta gazteriaren erakundea bereziki gastigatuak izan ziren. Alderdiarentzat balore handiko militante berriak jausi ziren: Jan Krejci, Stancl, Milos Krasny eta asko gehiago.

      Kolpe bakoitzaren ondoren Alderdia suntsiezina zela ikus zitekeen. Militante bat jausten zen eta beste berri batek ezin bazuen ordezkatu, bik edo hiruk hartzen zuten bere postua. Urte berrira ondo prestatutako erakundeaz iritsi ginen, dena ez zuen hartzen —1941.eko Otsaileko hedadura ere ez zuen— baina, hala ere, burruka erabakior horretan Alderdiaren lanak betetzeko gai zen. Guztion artean banatu genuen lana. Baina lortutakoaren meritua Honza Zika-ri zegokion bereziki.

      Prentsaren bitartez egindako gure aktibitateari buruz, koba, ganbara eta burkideak izkutatutako artxibategietan dokumentu asko aurkituko dira. Beraz, hortaz hitzegitea ez da beharrezkoa.

      Gure prentsa zabalki banatzen zen, ez soilik Alderdiaren inguruan baizik eta handik kanpo ere. Tirada handiak ateratzen genituen, klandestinitateko “teknika” desberdinez. Argitarapenak bata besteengandik guztiz independienteak ziren eta polikopiaz ala inprimatuz egiten ziren. Erregularrak eta azkarrak ziren, egoerak eskatzen zuenez. Esate baterako, 1942.eko Otsailaren 23an Stalin Mariskalak Armadari emandako aginduaren textua, Otsailaren 24.ean, arratsaldez, eskuratu zuten irakurleek.

      Inprimatzaileek ezin hobeto egiten zuten lana. Medikuek ere ondorio bikainak lortu zituzten eta halaber, “Mundua Hitleren aurka” buletin informatiboa argitaratzen zuen Fuchs-Lorenz taldeak. Beste guztia nik neuk bakarrik egiten nuen, beste kuadroak libre uzteko helburuaz. Nire ordekoa ni jausterako kasuan prestatua zegoen. Nire atxiloketaren ondoren lan horretaz arduratu zen eta gaurarte lanean jarraitzen du.

      Alderdiaren aparatua ahal izan genuen eta modu xumeenean eraiki genuen, burkidetatik gutxiengoari lana emateko asmoz. Bitartekoen kate luzeak kendu egin genituen, 1941.eko Otsailean nabari gelditu zenez, babestu beharrean Alderdiaren aparatoa mehatxatu egiten bait zuten. Arrisku indibidual gehiago zegoen gutariko bakoitzarentzat baina Alderdia seguruago. Otsaileko kolpea bezalakorik inoiz gehiago ez zezakeen errepikatu.

      Arrazoi horrengatik Batzorde Zentralak, kide berri batekin osatu ondoren, lasaitasunez, jarraitu ahal izan zuen lana ni atxilotua izan nintzenean. Nire laguntzaile hurbilenak ere ez zuen ezagutzen, aldez aurretik, nire ondorengoa.

      Honza Zika, 1942.eko Maiatzaren 27ko gauean atxilotua izan zen. Berriz ere zorte txarra izan zen. Heydrich-en aurkako erasoaren hurrengo gauean, zapaltzaileen aparato guztia Praga guztitik zehar razziak egiten aritu zenean, naziak Zika izkutatzen zen Stresovice-ko etxe batetara sartu ziren. Bere agiria arauz zegoen eta seguraski ohar gabe pasatuko zen. Baina lojatzen zen etxeko familia ona ez zuen nahi arriskuan jartzerik eta bigarren solairuko leihotik ihes egiten saiatu zen. Bizkarreko hezurrean larriki zauritua erori zen leihotik behera eta ondoren presondegiko ospitalera eraman zuten.

      Ez zekiten nor zuten eskuartean. Hamazortzi egun igaro ondoren, argazkiak parekatuz identifikatu zuten eta hilzorian Petschek Jauregira eraman zuten itaunketak egiteko. Aurrez aurreko elkar miaketarako deitu nindutenean ikusi genuen elkar azkenengoz. Elkarri eman genion eskua. Bere irribarre zabal eta maitagarriaz irri egin eta zera esan zidan:

      —Osasuna, Julio.

      Entzun zioten guztia horixe izan zen. Ez zuen hitz gehiagorik esan. Aurpegian kolpe batzu hartu ondoren konortea galdu egin zuen. Ordu batzu beranduago hil egin zen. Maiatzaren 29an jakin nuen bere atxiloketaz. Antenek ondo egiten zuten lana. Haiei esker ados jarri ginen nire geroko jokabideari buruz, Honza Cerny-ren aldetik ere, oro har, onartua izan zen jokabidea. Hauxe izan zen gure azken akordioa.

      1942. eko udan Honza Cerny atxilotua izan zen, ez kasualitatez baizik eta berarekin kontaktuan zegoen Jan Pokorny-ren indisziplina nabarmenagatik. Jan Pokorny-ren jokabidea ez zen izan buruzagi batena. Itaunketa ordu batzu ondoren —gogorra, noski, baina beste zerbait itxaro zezakeen?— ikaragatik amore eman zuen eta Honza Cerny-rekin zita eduki zuen etxearen helbidea eman zuen. Handik hasi ziren Honza-ren arrastro atzetik. Zenbait egun barru Gestaporen esku erori zen.

      Hona ekarri bezain laster aurrez aurreko elkar miaketara behartuak izan ginen.

      —Ezagutzen al duk?

      —Ez, ez dut ezagutzen.

      Erantzunak berdinak ziren. Honza-k burugogorki uko egin zion deklarazioak egiteari. Bere zauri zaharrak tortura luzeetatik libratu zuen. Berehala galdu zuen konortea. Naziek berriz itauntzea erabaki aurretik, zehazki informatua izan zen eta horren arabera jokatu zuen.

      Berarengandik ez zuten ezer atera. Denbora luzez eduki zuten gartzelan. Denbora luzez itxaron zuten salaketa berriren batek hitzegitera behartuko zuelakotan. Erratu egin ziren.

      Gartzelak ez zuen batere aldatu. Gartsua, alaia, oldartsua, bere aurrean heriotza baino ez zuenean besteentzat bizitzaren ikuspegiak zabaltzen zituen.

      Bapatean, 1943.eko Apirilaren azkenetan, Pankrac-tik atera zuten. Ez dakit nora. Hemen bapateko desagerpena beti da zorigaitza. Oker egon ninteke, baina ez dut uste elkar ikusiko dugunik.

      Beti kontutan hartu izan dugu heriotza. Bagenekien: Gestaporen eskuetan jausteak amaiera esan nahi du. Eta hemen ere, uste horrekin jokatu izan dugu.

      Nire jokoa ere ba doa amaierara. Ezin deskriba dezaket. Ez dut ezagutzen. Ez da jokoa. Bizitza da.

      Eta bizitzan ez dago ikuslerik.

      Oihala jaso egiten da.

      Gizonok: maite izan zaituztet. Adi egon!

1943-VI-9. Julius Fucik

 

Urkamendira bideko erreportaia
Julius Fucik

euskaratzailea: Elena Ituarte
Txalaparta, 1988