|
Urkamendira bideko erreportaia
1943.ko udaberrian
Tinko eserita egotea, gorputza zurrunik, eskuak belaunei itsatsita, Petschek Jauregiko gartzela honetako pareta oriskari itsutu arte begiek josita edukitzea ez da ez, benetan, gogoetan aritzeko posturarik egokiena. Baina, nork behartu dezake pentsamendua, tinko eserita iraun dezan? Norbaitek, egun batetan —ez nork ezta noiz ere ez dugu inoiz jakingo, agian— Pentsechek Jauregiko gela honi “areto zinematografikoa” deitu zion. Zein ideia zoragarria! Areto zabala, atxilotuen gorputz zurrunek okupaturiko sei banku luze bata bestearen atzean eta beraien aurrean pareta leun bat, zine pantaila bezalakoa. Itaunketa berriaren, oinazearen, heriotzaren zain atxilotuen begiek pareta honetan proiektatu dituzten pelikulen kopurura ez dira iritsi munduko produkzio etxe guztiak. Bizitza osoen pelikulak edo bizitzaren zati txikienenak; amaren pelikulak, emaztearenak, semeenak, suntsitutako etxearenak, triskatutako etorkizunarenak; burkide adoretsuen pelikulak eta saldukeriarenak; papertxo hura eman nion gizonaren pelikulak, berriz ixuriko den odolarenak, esku-eman gogorrarenak, ohorezko konpromezuarenak; terrore eta erabakiz, gorroto eta maitasunez, estutasun eta itxaropenez beteriko pelikulak. Bizitzari uko eginez, bakoitzak egunero ikusten du bere heriotza hemen. Eta ez dira denak berbizten. Neure pelikula propioaren ikusle ehun aldiz izan naiz, mila aldiz jarraitu ditut bere xehetasunak. Orain kontatzen saiatuko naiz. Eta bukatu orduko urkabearen lakioak nere lepoa estutzen badu, miloika gizon geldituko da oraindik “happy end” batez osatzeko.
Urkamendira bideko erreportaia |