Urkamendira bideko erreportaia
Julius Fucik

euskaratzailea: Elena Ituarte
Txalaparta, 1988

 

HITZAURREA

 

      Alferriko nostalgiak eta efemerides paristarrak ospatzen diren garai hauetan, kazetaria dugu gizartean “gertakizun” horien inguruko etengabeko jario informatiboa formalizatzen duen factotuma. Burgesiaren sare politikoak eskaintzen duen “aktibismo” politiko bakarra hautestontzien pasibitatea denean, kazetaria aurkezten da, berriz ere, munduan zehar hara eta hona (historia goitik behera aldatuko duen albiste mirakulosoaren bila), militante politikoaren ordezkari-simulakro gisa.

      Baina ez gaitezen engaina, gaurko kazetarien diskurtsu hutsal horrek ez du zerikusirik egiazko aldaketarik dakarren deusekin, hots, Politika dei genezakeen ezerekin. Ez du sekula ezer aldatuko. Egunero errepikatzen zaigun hori, beti Diferentzia baina beti Berbera, inpotentziaren murmurioa baino ez da; gauzek beren horretantxe betirako segituko dutelako garantia antzeko ahalegin fiktizioa.

      Horregatik, egun eta Euskadin, Julius Fucik bezalako kazetari-militante (agit-proptzat definitzen du bere burua) baten figurarenganako hurbilketa egitea interesgarria zein pozgarria gertatu zaigu. Euskadin izan bait daitezke ongi ulertuak Fucik moduko kazetari-militante baten lana eta jarrera. Zeren, ez da eta, inolaz ere kasualitatea, gaur egun gure testuinguru geopolitiko hurbilean, demokrazia burges inaktiboa, behin eta berriz, kolokan ipintzen duen herria Euskadi izatea.

      Julius Fucik kazetari eta literatur kritikari txekiarra, Pragako Smichov auzoan jaio zen, 1903ko otsailaren 23an. Militante komunista izan zen eta burrukalari nekaezina. Lan handia egin zuen intelektualak nazien kontrako erresistentzia mugimendura erakartzeko. Gestapok 1943an atxilotu eta bortizki torturatu ondoren, urte bereko irailaren 8an Berlineko Plotzensee-ko kartzelan hil zuen. Heriotzaren zain zegoela orriz orri atera zuen kartzelatik gero Urkamendira bideko erreportaia titulupean eta lehenbiziz 1945ean argitaratu zen lana. Fuciken beste idatziak ere argitaraturik dauden arren, orain euskaraturik aurkezten dugun hau da, dudarik gabe, mundu osoan ospea eman dion obra.

      Bestalde, eta gaur egun, Fucik bezalako iraultzaile baten erreibindikapenak, eztabaida politikoari bere gai nagusia —hots, subjetibitatea— itzultzeko aukera ezin hobea ematen digu.

      Prozesuak aztertzeko orduan sarritan erabili diren, oraindik erabiltzen diren eta luze bilakatu diren zenbait marxismo mugatzaile, mekanizista eta lerrozaleren aurka alde batetik. Eta bestetik, burgesiak planteiatzen duena, hots, indibiduoa (indiviso) zatiezina dela, gizabanakoa izan daitekeen gehiena artxipelago batetako irla izanik, Fuciken lanak militantearen —bai gizabanakoaren bai kolektiboaren— maila subjetibo zatitu eta kontradiktorioan kokatzen digu arazoa: “Sujetoa eta predikatua izan ezik, ez dago besterik: zintzoak gogor irauten du, traidoreak traizionatu, burgesa etsita dago eta heroiak burrukatzen dihardu. Indarra eta ahulezia, adorea eta beldurra, tinkotasuna eta zalantza, garbitasuna eta zikinkeria, gizakiaren baitan daude”.

      Eta, hain zuzen ere, militanteak ezagutu dezakeen egoerarik gogorrenetarikoan —kartzelan eta bortizki torturaturik— ebazten du Fucikek arazo subjetiboaren korapiloa: sujetoaren barrenekotasunean. Eta hor, arazoa “kanpotik” konponduko delako itxaropen oro sustraitik bertatik erortzen da. Iraultza sobietarraren gogoramenak ekar liezaiokeen laguntza psikologikoa edo gerraren bilakaerak askatuko dituelako itxaropena “zein helduko da lehenago, faxismoaren heriotza ala nirea?”), azkenean, subjetibitate militantearen egiazko prozesua bilakatzen den eszenatokiaren atzekaldeko oihala baino ez dira.

      Tortura ankerraren azpian amore emateak eta sujeto bezala desagertzeak sortzen duen larritasuna sentitzen ditu militanteak alde batetik, eta erresistentzia eta adorea apoiatzen dituen konfidantza bestetik; azkenean, bien arteko burruka gogor, kupidagabe eta etengabean erabakiko da arazoa. Sekula nihilismoan edo fatalismoan erori gabe, gizarte berri batetan, egiazko justizian, projektuan konfidantza izanik, eta lege errepresiboak inposatzen duen justizia zahar horren aurrean amore eman gabe.

      Bestalde, “Figurak eta Figuratxoak” kapituluan ditugun gartzelari eta torturatzaile zein polizien deskribapenak, zehatzak eta bete-betean igartzen duten horietakoak direla somatzen dugu: “Zehatz asko neurtu ditu. Eta horrek konklusio honetara garamatza, ezinbestean: militante zapaldua, bortizki torturatua, gartzelatua, kasurik gogorrenean ere, teorikoki gartzelariaren menpean dagoena, gartzelari, polizia eta torturatzaileen balorazio doi-doia egiteko gauza da; bere etika nagusi da. Alderantzikoa aldiz, guztiz ezina da: gartzelariak ezin du militante presoa tajuz baloratu, bere etika oso mugatua bait da.

      Horrela bada, sistemak jendea kokatzeko, ixteko, mugitzen ez uzteko daukan figura enblematikoa, espetxea, OSOTASUNAren sinbolo nagusia darabilenean ere, ahalegin anker horretatik etengabeki ihes egiten duen zerbait sortzen zaio. Eta zerbait horrek, kuraia argi horrek, ulertu egiten ditu, inoiz baino hobeto, burruka prozesuaren zergatiak, nolakotasunak, heriotza bera ere —kontradiktorioki— barne delarik. Zeren, Fucik-ek berak dioskunez: “Koldar batek, bere bizia baino gehiago galtzen du... Eta biziko balitz ere, ez litzateke biziko, kolektibitatetik bere burua baztertu bait du.

      Julius Fucikek berak ere, beste puntu interesgarri bat argitzen digu erreportaia ikusgarri honetan. Sujeto iraultzailearen arazoa ez da, ezta ere, zenbakien alorrean ebazten: prozesu subjetiboaren gunearen egia ez da botoemaileen zenbakian, ez eta manifestarien kopuruan produzitzen: “Ez dago aurreko urteetan, Pragako kaleetan bat batera sartzen ikusten nuen milaka burkide aldartsu eta dardaratsurik ez eta Moskuko Plaza Gorria gainezkatzen ikusi dudan hainbeste burkideren jendetzarik ere. Ez dago ez milioika ez ehundaka ikusterik. Hemen zenbait burkide soilik ikusten duzu, gizon eta andre. Baina hala ere, ez dela garrantzi txikiagokoa sentitzen duzu... Baina guzti hau zehetasun txikiez osaturik dago eta ikusi ez baduzu, irakurtzerakoan ez duzu ulertuko agian. Hala ere, saia zaitez ulertzen. Sinets iezadazu: indar handia dago.

      Konfidantza politikoaren muina, beraz, Fucikentzat, ez da kanpotasunean ebazten. Sobietar Batasunarekiko erreferentziak edo Maiatzaren Leheneko manifestazio handien gogoramenak ez dira, berez, sujeto iraultzailearen prozesuaren kanpoko erreferenteak baino. Zeren, konfidantza politikoaren muina, konfidantzarekiko konfidantzan datza. Eta horregatik, hain zuzen ere, beti dago matxinatzeko arrazoia, eta ez dago inoiz alferriko kuraiarik.

      Baina kontuz! Ez ditzagun konfidantza politikoa eta sinismena nahastu. Sinismenak oztopoa ezeztu egiten du, hain zuzen ere harengan sinisten duelako. Konfidantzak ordea, ez du oztopoa ezeztatzen, hura suntsitzeko lan egiten du. Bi bide daude, eta bietatik bat har daiteke: Jeriko-ko murrailen inguruan tronpeta joka ibili, mirakuluaren zain (eta mirakulurik gertatzen ez bada, ongi daude murrailak, dauden lekuan daudelako) ala, haiek suntsitzeko pikotxa hartu. Tronpeta ala pikotxa, hor datza gakoa.

      Iraultza alde batera utzi dutenek, bai Gulag-a argudiatzen badute, edo masak beren posizio estatikora (estatalera) erretiratu direla esaten badute, soilik adierazten dute 68ko mugimendukoak edo haren ondorioetakoak izan direla. Horiek ez dute sekula sujeto politikoa serioski asumitu, nahiz eta honek bere momentuan arrazoi iheskor bat eskaini zien. Beti bizi izan dira dagoenarekiko identitate osoan, beraiek guztiz desagertu diren arte. Apaindurazko sinismen batetaz profitatu baino ez dira egin. Beraien sinismena elikatzeko elementuak izan dituztenean: matxinada, masak kalean, hitz liberatua... sinismen propioa bailiran fagozitatu dituzte. Baina, erreferente horiek desagertu direnean, beren sinismena saldu egin dute, zeren, beraientzat,konfidantza ez bait da inoiz existitu.

      Fucik militante-kazetariak, konfidantzaren gaia ulertzera hurbiltzen saiatzeko (gaia agortezina bait da) testu ezin hobea utzi digu. Konfidantza hori sistemak “sistematikoki” inposibletzat definitzen du: norberaren subjetibitatearenganako konfidantza izateak sistemak ezarritako baldintza ankerrak zatitu eta suntsitzeko modurik onena da, eta gainera sujetoaren prozesua hedatu egiten du. Baina, berriz ere, kontuz. Hedatze horretan ez dago “eredu izatearen” logikaren ezertxo ere ez. Prozesu subjetiboa ezin bait da errepikatu ez eta kopiatu ere, zeren kasu bakoitzean prozesua guztiz berri agertzen delako. Hortaz, Fucikek, beste askok bezala, oztopoa suntsitu daitekeela baino ez digu erakutsi. Ez da gutxi.

      Kazetariek egunero eskaintzen diguten “inpotentziaren murmurioa”k ez bezala, Fuciken lanak ordea, duela 45 urte idatzi zen arren, gaurkotasun eta berritasun handia du. Testu periodistikoa dugu, bai horixe, erreportaia, noski, baina baita ere testua bera gainditzen duena dugu, prozesu subjetiboaren kontradizioz josirik. Eta hau da erreibindikatzen dugun kazetaritza, Beste kazetaritza, militantea; inoiz ere ez, ordea, Berberaren mila barianteak eskaintzen digun kazetaritza, hautestontzien orainaldi geldoaren adierazpide zehatza dena.

Antton Azkargorta

 

Urkamendira bideko erreportaia
Julius Fucik

euskaratzailea: Elena Ituarte
Txalaparta, 1988