|
Urkamendira bideko erreportaia
VII. KAPITULUA Figurak eta Figuratxoak (II). Pankrac
Gartzelak bizimodu bi ditu. Bata zeldetan gordea, kanpoko mundutik hertsiki isolatuta, baina loturarik estuenaz hari atxekia, are gehiago preso politikoen kasuan. Bestea zeldetatik at dago, korridore luzeetan, erditzal goibelean: bere baitan guztiz gordetako bizitza, uniformatua, zeldetako presoak baino isolatuagoa. Figuratxo asko eta Figura gutxi dagoen jendartean. Hortaz mintzatu nahi nuke. Mundu honek bere zoologia dauka. Baita ere bere historia. Ez balitu ezin izango nukeen ezagutu hain sakonki. Guregana begiratzen duen dekoratua ezagutuko nuke soilik, aurrekaldea soilik, itxuraz oso eta sendoa, zeldetako populazioarengan burdina bezain astuna gertatu ohi dena. Orain dela urtebete horrela zen oraindik; horrela, orain dela sei hilabete. Aurrekalde hau Figuraz beterik dago orain eta hauen bitartez aurpegiak somatzen dira: pobreak, atseginak, kezkatuak, barregarriak, era askotakoak, baina, hala ere, gizasemeen aurpegiak. Errejimenaren egoera penagarriak eragina du mundu gris honetako kide bakoitzarengan eta gelditzen zen gizatasuna agerian jartzen du. Batzutan oso gutxi. Beste batzutan zerbait gehiago. Kopuru horrek bereiztu egiten ditu eta tipo desberdinak zertu. Jakina, haien artean benetazko gizonak ere aurkitzen dituzu. Baina horiek ez dira zain egon. Arriskuan sentitzerik ez dute behar izan besteei arriskutik ateratzen laguntzeko. Gartzela alaitasunik gabeko instituzioa da. Baina zeldetatik kanpoko mundu hori zeldetakoa baino tristeagoa da. Zeldetan adiskidetasuna da nagusi. Eta nolako adiskidetasuna! Frenteetan, arrisku handietan, zure bizitza gaur nire esku egon daitekeenean eta nirea zureetan bihar, horietan soilik ematen denetarikoa. Horretariko adiskidetasunik inola ere ez dago alemaniar zaintzaileen artean. Eta ezin daiteke egon. Horiek salakuntza atmosfera batez inguraturik daude: batak salatu eta pertsegitu egiten du bestea eta haietako bakoitza bestearen aurrean erne dago, nahiz eta ofizialki, “burkide” deitu elkar. Haietariko hoberenek, adiskiderik gabe ezin egon edo ez dutenek egon nahi, zeldetan bilatzen dituzte. Urte askotan zehar ezezagunek genituen beraien izenak. Ez zuten garrantzi handirik. Gure artean jarri genizkien goitizenez izendatzen genituen edo gure aurrekoek jarri zizkienez. Goitizen horiek zeldaren heredentzia dira. Zenbait zaintzailek zeldak adina goitizen ditu. Zerik gabeko tipoak ziren: ez ur ez ardo. Berdin ematen zioten bati jateko apur bat nahiz eta beste bati belarrondokoa. Presoekin zituzten harremanak segundutakoak ziren baina zeldako oroimenean betiko grabatuak gelditu ziren, bakoitzak ideia partikular bat, goitizen berezi bat uzten zuelarik. Noizbehinka, hala ere, zeldek ados jartzen ziren goitizenak aurkitzerakoan. Nortasuna oso ondo definituta zegoen kasuetan. Aspektu batean ala bestean. Onean ala txarrean. Begira tipo horiek! Begira Figuratxo horiek! Ez dira izan ezjakinean bilatuak. Nazismoaren Armada politikoaren zatia dira. Aukeratutako gizonak. Errejimenaren laguntzaileak. Bere gizartearen sostenguak.
“Samaritarra”
Lodi handikotea, tenore ahots txippiarekin: Rheuss, “S.S. erreserbista”, Rhineko Coloniako eskolako atezaina. Alemaniako, eskoletako atezain guztiek bezala, premiazko laguntza ikastaroa egin zuen eta noizbehinka presondegiko erizaina ordezkatzen zuen. Pankrac-en harremana eduki nuen lehena izan zen. Berak eraman ninduen tatarrez zeldara, ohatilan etzan eta nire zauriez arduratu zen lehenengo konpresak jarriz. Bizitza salbatzen lagundu zidan, agian! Ez dakit zer nabaritu zen: gizona ala premiazko laguntza ikastaroa. Baina atxilotu judutarrei hortzak apurtzen zizkienean eta gatzezko edo hondarrezko goilarakada osoak medikamendu unibersal gisa irenstera behartzen zituenean badakit nazia jartzen zela agirian.
“Errotariaren mutila”
Fabian, gizon irekia eta berritsua, Budejovice-ko garagardo lantegiko kotxezaina. Zeldara irribarre zabalez iristen da eta sekula kalterik egin gabe banatzen du janaria. Ezingo zenuke sinestu ate ostetan orduak ematen dituenik, zeldetan hitzegiten dena entzuten, ondoren arineketan joan eta bere nagusiei berri txiki eta barregarrienak komunikatzean en.
Koklar
Hau ere Budejovice-ko garagardotegi batetako langilea. Hauetako alemaniar sudeta langile asko dago hemen. “Langile batek indibidualki pentsa edo egiten duenak ez du axolarik —idatzi zuen Marxek— baizik eta langileek, klase bezala, egin behar dutenak beraien eginkizun historikoa betetzearren”. Hauek hemen, beraien klaseari buruz ezer ez dakite. Klase horretatik aterata, areago, aurrez aurre jarrita, ideologikoki airean zintzilik daude eta seguraski egunen batetan, hitzaren benetazko esanahian zintzilikatuak izango dira. Bizimodu errezagoa edukitzearren naziengana pasatu zen. Baina hori, agirian dagoenez, imajina izan zuen baino konplexuagoa da. Ordudanik, bere irribarrea galdu egin du. Dena jokatu zuen nazismoaren garaipenaren alde. Eta frogatua dago zaldi hilaren hanken alde apostua egin zuela. Geroztik galdua zuen nerbioen kontrola. Gauez gartzelako korridoreetan zehar ibiltzen zen, oharkabean, etsipenaren lorratzak leihoetako hautsean uzten zituen. —Dena dago hondatua, idazten zuen poetikoki, suizidioaz pentsatuz. Egunez preso eta zaintzaileak astintzen ditu, bere ahots emetu eta zalapartariaz oihukatuz beldurrik ez sentitzearren.
Rossler
Garaia, argala, baxu ahots latz batekin. Hemengo gutxik bezala zintzoki barre egiten dakiena. Jablonec herrialdeko ehunlangilea. Zeldara etorri eta eztabaidatzen jartzen da. Orduetan zehar. —Nola iritsi naiz ni honetara? Hamar urtetan behin ere ez dut erregularki lanik egin. Hogei korona astero familia oso batentzat, ba al dakizu zernolako bizitza den hori? Eta gero etorri eta esaten didate: lana emango dizugu: etorri gurekin. Eta eman egiten didate. Niri eta beste guztiei. Jan genezake. Etxebizitza eduki dezakegu. Bizi gaitezke. Sozialismoa? Beno, ez da sozialismoa. Nik hau desberdina zela pentsatu nuen. Baina lehengoa baino hobea da. —Ezetz? Gerra? Nik gerrarik ez nuen nahi. Besteak hil daitezen ez nuen nahi. Bizitzea nahi nuen nik. —Nahi ala nahi gabe, baina honi lagundu egiten diodala? Orduan, zer egin behar dut orain? Hemengo norbaiti txarrik egin al diot? Joango naiz eta gaiztoagoren bat etorriko da, agian. Hemendik joanaz norbaiti laguntzen al diot? Gerra bukatzerakoan, lantegira itzuliko naiz... —Nork uste duzu zuk irabaziko duela gerra? Guk ez? Zuek? Eta gero, zer izango da gutaz? —Azkena? Ze pena! Nik beste modu batetara imajina izan dut... Eta zeldatik, pausu luze eta narratzez, aldegiten du. Ordu erdi barru beste galdera batez itzultzen da: nola da, benetan, Sobietar Batasuna?
“Indibiduoa”
Goiz batetan zain gaude, behean, Pankrac-ko korridore nagusian, Petschek Jauregiko itaunketara eramanak izan arte. Horrelakoa zen egun bakoitza: zutik, bekokia paretari itsatsita gure atzean zer gertatzen zen ez ikusteko. Baina goiz haretan gure atzean niretzat ahots berria zenak zera aldarrikatzen zuen: —Ez dut ezer ikusi nahi. Ez dut ezer entzun nahi. Ez nauzue ezagutzen oraindik baina laster ezagutuko nauzue. Nik barre egin nuen. Hezketa eskola honetan, Svejk-eko Dub teniente gizajo ziztrinaren zita, bere lekuan zegoen, benetan. Eta ordurarte inork ez zuen izan txantxa hura ozenki ahozkatzeko ausardiarik. Baina aldamenekoak oharterazi zidan barrerik ez egiteko, oker nengoela agian, ez zela txantxa. Eta ez zen izan. Gure atzean horrela hitzegiten zuena S.S.ko uniformez jantzitako gizaseme txiki bat zen, zeinek, dirudienez, Svejk-i buruz ideiarik ere ez zuen. Eta Dub tenienteak bezala hitzegiten bazuen intelektualki maila berekoa zelako zen. Withman zuen izena eta Vitan bezala txekoslobakiar Armadako sargento nagusia izan zen. Arrazoia zuen: oso ondo elkar ezagutzera iritsi ginen eta gure artean neutroan ezik ez genuen hartaz hitzegiten. “Indibiduoa”. “Indibiduoa”, zen guretzat. Zeren, egia esan, gure irudimena agortu egin zen goitizen egokia aurkitzen saiatu nintzenean Pankrac-ko errejimenaren sostengu nagusienetarikoa zen ziztrinkeri, ergelkeri, harrokeri eta gaiztokeri nahazte borrazte honentzat. Indibiduoa txerriaren zangopetara ere ez zen iristen, atsotitz herritar txekoslobakiarrak arribista harroputz ziztrin honetaz, eta gunerik mingarrienean ukitzeko, esaten zuenez. Nolako urritasun intelektuala behar duen gizonak bere tipitasun fisikoa dela eta sufri dezan! Eta Withan-ek arrazoi horrengatik sufritu egiten du eta fisikoki nahiz intelektualki gehiago den guztiaz mendekatzen da. Hots, guztiaz. Bere mendekua ez da kolpeen bidezkoa. Horretarako ausardia falta zaio. Salaketaz mendakatzen da. Zenbat presok ordaindu ditu bere osasunaz Withan-en salaketak eta beste zenbaitek biziaz! Zeren Pankrac-tik kontzentrazio esparrurantz ohar batekin edo beste batekin pasatzea ez bait da berdin —ateratzen bazara, noski—. Konta ezin besteko barregarria da. Bakarrik dagoenean, dignitate handiz, korredorean zehar ibiltzen da bere handitasunaz amets egiten. Baina gizonen bat aurkitzen duenean, edozein lekura igotzeko beharra sentitzen du. Itauntzen baldin bazaitu, baranda gainean jartzen da, posizio deseroso honetan mantendurik burua gainditzen dizulako. Bizar moztea zaintzen ari baldin bada, eskailera txiki batetara altxatzen da ala banku baten gainean paseatzen da bere sententzia burutsuak errepikatuz: —Ez dut ezer ikusi nahi. Ez dut ezer entzun nahi. Zuek ez nauzue ezagutzen oraindik baina laster ezagutuko nauzue. Ordu erdiko ariketa bitartean, inguratzen duen guztiarengandik gutxienez hamar zentrimetro gorago jartzen duen belargainean paseatzen da. Errege baten handitasunaz sartzen da zeldara, berehala aulki batetara igon, goitik kontrola egitearren. Konta ezin besteko barregarria da, baina —jendearen bizitzarekiko boterea duten ergel guztiek bezala— era bat arriskutsua ere bai. Bere ergelkeriaren barnean trebetasun arraroa gordetzen da: arkakuso bat elefante bihurtzea. Txakur zaintzailearen zeregina baino ez du ezagutzen eta horregatik ezarritako ordenaren gutxiengo desbideratzea sekulako gauza iruditzen zaio bere misioaren garrantziaren adinakoa. Presondegiko erregelamenduaren aurkako deliktu eta krimenak asmatu eta fabrikatu egiten ditu, norbait delakoan lasaiki lo egiteko helburuaz. Eta hemengo nori interesatzen zaio bere salaketan egirik ote dagoen jakitea?
Smetonz
Aire martziala du, ziztrin aurpegia eta adierazpen gabeko begiak. Grosz-eko borrero nazien karikatura bizia. Lituaniako mugan behiak eraisten zituen eta arraroa da ganadu eder hauek inolako nobletasun arrastorik ez kutsatzea. Bere nagusientzat alemaniar birtuteak personifikatzen ditu: zorrotza, gogorra, eroskaitza. (Ordenantzei gure janariaren zatirik sekula eskatzen ez dien gutxitarikoa da). Baina... Alemaniar jakintsu batek —ez dakit nork— eratzeko gai diren “hitzen” kopuruaren arabera kalkulatu zuen gizasemearen adimena. Adimen gutxiengo izakia katua zela egiaztatu omen zuen, ehun eta hogeita zortzi “hitz” soilik eratzen bait daki. A! zein burutsua den Smetonz-ekin konparatuz, bere ahotik Pankrac gartzelak lau hitz baino gehiago inoiz ez bait zituen entzun: —Pass bloss auf, Mensch! [Kontuz, gizon!]
Astean bi edo hiru aldiz, izaten zuen lan txanda. Astean bi edo hiru aldiz etsipenaz saiatzen zen eta azkenean, dena zegoen beti gaizki. Nik gartzelako zuzendariak leihoak zabalik ez egotearren agirika egin zioenean ikusi nuen. Une batez, haragizko mendi hura zabukatu egin zen, zalantzakor, bere zango laburren gainean; burua, kaiku baten gisa makurtuta, gehiago apaldu zen oraindik; ezpaintxokoak jausi egin zitzaizkion bere belarriek entzun zutena doi-doi errepikatzearren egin zuen ahaleginagatik...Eta bapatean, materia guzti hori uluka hasi zen sirenhots gisa, korridore guztietan alarma sortaraziz. Inork ez zekien zer zen. Leihoak itxita jarraitzen zuten baina odola zerien Smtonz-gandik hurbilen zeuden presoen sudurrei. Aurkitua zuen soluziobidea! Betiko soluzioa. Jo, bere eskupean dagoen guztiari jotea. Eta heriotzararte jo, agian. Asmatzen duen bakarra horixe da. Behin, zelda arrunt batetara sartzerakoan, haietako preso bat jo zuen. Presoa, gizon gaixoa, krisiak jota, lurrera erori zen. Eta preso guztiak, belaunikatzeak egitera behartuak izan ziren, espasmoen erritmoa jarraituz, gaixoa erabat ahituta gelditu zen arte. Eta Smetonz-ek, kaiku irribarre batez, harro harro begiratzen zion, egoera konplexuari aterabide ezin hobea aurkitu balio bezala. Tipo primitibo honek, irakatsi zizkioten gauza guztietatik, bakar bat gordetzen zuen: jipoitu zezakeela. Baina izaki honengan ere zerbait puskatu egin zen. Hilabete da horretaz gutxi gorabehera. Biak eserita zeunden: bera eta K., gartzelako harrera gelan. K.ek egoera azaltzen zion. Denbora asko igaro zen Smetonz-ek, nahiz eta hala-hola, ulertu arte. Jeiki, atea zabaldu eta korridorerantz begiratu zuen zuhurki: erabateko isiltasuna, gaua, gartzela lotan zegoen. Atea utzi, segurtasun katea jarri eta geldiro geldiro aulki baten gainera erori zen.
—Beraz, zuk uste...? Bere eskuartean jarri zuen burua. Sama ikaragarria erori zen hain gorputz handiaren bihotz txikiaren gain. Luzaro horrela gelditu zen, txundituta. Ondoren, burua altxatu eta etsipenaz esan zuen: —Arrazoia duzu. Iadanik ezin dezakegu irabazi... Hilabetedanik, Pankrac-ko presondegiak ez du Smetonz-en gerra oihua entzuten. Eta preso berriek ez dute ezagutzen bere eskua.
Gartzelako zuzendaria
Txiki samarra eta bai Untersturmfuhrer-en uniformez nahiz uniforme gabe, beti dotorea. Bere buruaz harroa, luxu, zakur, ehiza eta emakume zalea. Baina hau axola ez zaigun aspektua da. Bestea, Pankrac-k presondegiak ezagutzen duena, ikus dezagun: krudela, zatarra, kultur gabea, bere posizioa gordetzearren mundu guztia sakrifikatzeko prest dagoen nazi arribista tipikoa. Soppa deitzen da —bere izena interesatzen baldin bazaizue— eta jatorriz Poloniarra da. Errementari ikasketak bukatu zituen baina lanbide ohoragarri honek, ez zion inolako aztarnarik utzi. Aspaldidanik ari da Hitlerren zerbitzutan. Endredamakila eta berritsua, gaur duen posturaino iritsi zen. Eta bitarteko oroz defendatzen du. Krudela eta bihotzgabekoa da mundu guztiarekin, bai presoekin eta bai enplegatuekin, berdin ume eta agurekin. Pankrac-en nazismoaren enplegatuen artean ez dago adiskidetasun harremanik. Baina honetan ez dago Soppa bezalakorik. Pixka bat estimatzen duen bakarra eta maizenik hitzegiten duena, gartzelako erizaina da, Weisner Polizeimeister-a. Baina badirudi ez dela elkarrekikoa adiskidetasun izpi hori. Beraren burua ezik ez du inor ezagutzen. Berarentzat lortu du zuzendari postua eta azken momenturarte nazi erregimenari leial izango zaio. Agian, modu batera edo bestera, salbatzea pentsatzen ez duen bakarra da. Badaki berarentzat salbaziorik ez dagoela. Nazismoaren erorketa bere erorketa propioa da, bere bizitza handiospetsuaren azkena da, bere luxuzko etxabizitzaren azkena, bere dotoretasunaren azkena. Hain eskrupulu gabea izaki, exekutatuko txekiarren jantziak erabiltzen ditu. Amaiera da. Bai.
Gartzelako erizaina
Weisner Polizeimeister-a Pankrac-ko Figuratxo berezia da. Pankrac-koa ez dela dirudi batzuetan baina beste batzuetan ezin dezakezu imajinatu Pankrac bera gabe. Erizaindegian ez dagoenean, korridoretan zehar ibiltzen da, pauso laburrez, kulunkatuz, bere buruarekin hitzegiten eta etengabe behatuz eta behatuz. Une baterako etorri den estraino baten gisa eta inpresio kopuru handiena eraman nahi duenaren gisa. Badaki zerrailan giltza sartzen eta agudo zabaltzen zaratarik gabe, zaintzaile saiatuenaren gisa. Ironia hotza dauka, zentzu bikoitzeko gauzak, inoiz konprometitu gabe, esatea errezten diona. Bere hitzengatik ezin dezakezu harrapa. Jendearengana hurbiltzen da baina ez dio inori uzten berarengana hurbiltzen. Ez da berritsua, ez du salatzen nahiz eta asko ikusi. Keez beteta dagoen zeldara sartzen da. Sakonki hartzen du arnasa eta —Ejem...! —soinu egiten du mihiaz—... erabat galerazita dago... —berriz klaskadatzen du mihia— ... zeldetan erretzea.
Baina ez du salatzen. Aurpegia zimurtuta dauka beti, sufrimendu handi batez torturatutako gizajoa bezala. Zerbitzatzen duen errejimenarekin, honen biktimak zainduarren, ez duela ezer jakin nahi begibistan dago. Ez du errejimen honengan sinesten. Ez du sinesten bere betiko iraupenean eta sekula ez zuen sinetsi. Horrexegatik ez zuen trasladatu Breslau-tik Pragara bere familia, nahiz eta Reicharen enplegatu gutxik okupatua zegoen nazioko ondasunak zurrupatzeko aukera galdu. Baina errejimenaren aurka burrukatzen duen herriarekin amankomunean ezer edukitzeko ere ez da gai. Ez da herriarekin elkartu. Modu fin eta onestuz zaindu ninduen. Gehientsuenetan berdin egiten du. Torturarengatik ahulegiak dauden presoak itaunketa berrietara eramatearen galerazpenari burugogorki eusten dio. Bere kontzientzia lasaitzearren egingo du, agian. Baina beste batzutan laguntza premiazkoa denean ez du ematen. Beldurrak galerazten diolako, agian. Sujeto zekenaren prototipoa da. Bera maneiatzen duen errejimenaren beldurraren eta gero etorriko denarenaren beldurraren artean, isolaturik dago. Egoera honetatik nola eta nondik atera bilatzen ari da. Baina ez du irtenbiderik aurkitzen. Ez da arratoi bat, ez. Tranpan harrapatutako sagutxo bat besterik ez da. Itxaropenik gabe.
“Gangailua”
Ez da Figuratxoa. Figura osoa izatera ere ez da iristen. Bien arteko erdiko tipoa da. Figura izatera iristeko sinetsitasun argia falta zaio. Egia esan, tankera honetako bi daude: pertsona apalak, sentiberak, lehenengotan pasiboak, murgilduta aurkitzen diren terrorez unkituak eta hortik ihes egin nahirik; iniziatiba gabeak eta horregatik beti laguntza bila, ezagueragatik baino instintoagatik areago behar den tokira iristen direlarik. Laguntzen dizue zure laguntza itxaroten dutelako. Eta bidezkoa da ematea. Orain eta etorkizunean. Bi horiek —Pankrac-ko alemaniar funtzionarien artean bakarrak— frontean egonak ziren: Hanauer, Znojmo-ko jostun langilea, itzuli egin zen Ekialdeko irontean egonaldi labur baten ondoren, apropos sortarazitako hazkordinak zirela eta. “Gerra ez da gizonentzako”, filosofatzen zuen, pixka bat Suejk-en erara. “Nik ez daukat han ezer irabaztekorik”. Bestea, Hofer, Bata-ko zapatari alaia, Frantziako kanpaina egin zuen eta nahiz eta igoera baten promesa izan, soldaduska utzi egin zuen. “Ech, scheisse!” esan zuen, eskuarekin mesprezuzko keinu bat eginez, harrez gero, egunero nahigaberen bat ematen diotenean egiten duen bezala. Zortean zein gogoan bata bestearen antza daukate. Baina Hofer oldarragoa da, helduagoa, osoagoa. Ia zelda guztiak bat etorri ziren “gangailua” goitizena ipintzerakoan. Bere zerbitzuko eguna egun lasaia da zeldetan. Zuk nahi duzuna egiten duzu. Eta oihukatzen baldin badu, begiaz keinua egiten du nagusia behean dagoelako bakarrik egin duela jakin dezazun eta kemenaz bete duela erregelamendua sineztarazi behar diolako. Bere ahaleginak alferrikoak dira; honez gero, inor ez du konbentzitzen eta ez da asterik igaroten gehigarrizko lan txanda batez zigortua izan gabe. —Ech, scheisse! [Mekaguen] —dio eskuarekin keinu bat eginez—. Eta bere jokua jarraitzen du. Zaintzailea baino gehiago, zapatari ikasle kaskarina da. Ustekabean harrapa dezakezu preso guztiekin alai eta sutsu jokatzen txanponak botatzen, ia paretara gehiago nork hurbiltzen dituen. Beste batzutan zeldatik kanpora, korridorera ateratzen ditu presoak, “erregistroa” egiteko. Honek denbora luzean irauten du. Eta jakinguratsu bazara eta zeldara begiratzen baduzu burua mahai gainean, ukondo artean etzanda duela aurkituko duzu. Lotan dago. Lotan, baretasun atseginkoi batetan. Honela bere nagusietatik izkuta daiteke. Presoak korridorean guardia egiten bait daude eta edozein arrisku jakinaraziko bait diote. Zerbitzu bitartean lo egiteko beharra dauka zeren gauak, lo egin beharrean, ororen gainetik maite duen neskato batekin igarotzen bait ditu. Derrota ala faszismoaren garaipena? Ech, scheisse! Posible al da zirku honek irau dezan? Ez da kontsideratzen haren partaide. Eta horrexegatik, soilik, interesgarria litzateke. Baina gehiago dago oraindik: ez du partaide izan nahi. Eta ez da. Idatzitako mezu bat pasa behar al duzu gartzelako beste sekzio batetara? “Gangailuak” konponduko du. Errekaduren bat pasa behar al duzu kanpora?. “Gangailua” arduratzen da. Norbaitekin egon behar al duzu, hitzeginez konbentzitu al dezakezulako eta horrela beste pertsona batzu salbatu? “Gangailuak” bere zeldara eramango zaitu eta okerreri xelebrea egin duen mutikoaren alaitasunaz zainduko du. Sarritan zuhurtasuna gomendatu behar zaio. Arriskuaren erdian, apenas somatzen du. Egiten duen on guztiaz ez da konturatzen. Horrek gehiago egitera animatzen du. Baina heldutasunera iristea galerazten dio. Ez da Figura oraindik. Baina hortara eramaten duen trantsizio garaian dago.
“Kotin”
Arratsalde bat zen setio egoerapean. Zeldara naraman S.S.ko uniformez jantzitako zantzaileak, poltsikoak arakatzeko keinua egin zuen. —Zer gertatzen zaizu? —ahopean galdetu zidan. —Ez dakit. Bihar fusilatua izango naizela esan didate. —Ikaratu al zara? —Banekien. Une batez nire jakearen solapa igurtzi zuen. —Posible da. Bihar ez bada, beranduago, edo agian ez dute egingo. Baina gaur egunean... ona da prest egotea. Eta berriz isilik gelditu zen. —... Badaezpadan... Nahi al duzu norbaiti errekaduren bat bidaltzea?... Edo idatzi... Ez gaurkorako, ulertzen? baizik eta etorkizunerako: nola iritsi zaren ona, norbaitek saldu egin bazaitu, nolako jokaera zuen honek edo hark... Dakizun guztia zurekin joan ez dadin. Idatzi nahi dudan! Nire gogo biziena igarri izan balu bezala. Une bat pasa ondoren, papera eta lapitza ekarri zizkidan. Inolako erregistrotan ez aurki dezaten modura, arretaz gorde nituen. Eta sekula ez nituen ikutu. Ederregia zen, ezin fida neinteken. Ederregia: hemen, etxe ilun honetan, zure atxiloketatik astebete batzutara, oihuak eta kolpeak besterik zuretzat ez dituzten haiek bezalako uniforme daraman lagun bat aurkitzea, eta bere eskua luzatzen dizuna arrastrorik utzi gabe hil ez zaitezen, etorkizuneko gizonei mezu bat utz diezaiezun, une batez, gutxienez, bizirik aterako direnekin eta askapena lortuko dutenekin hitz egin dezazun. Eta hain zuzen ere, orain! Korridoreetan hilak izango direnei beren izenez deitzen diete, astakiloak odolak mozkortzen ditu, basatien oihuek eta izuak oihu egin ezin dutenen eztarriak estutzen dituzte. Hain zuzen ere orain, honelako paradan... Ez, ez da posible. Ezin du egia izan. Seguraski tranpa da. Nolako kemena eduki beharko luke gizon batek honelakoetan eskua berez luza diezazun! Eta nolako ausardia! Ia hilabete igaro da. Setio egoera ezabatua izan da, oihuak ahulagoak dira eta une krudelak oroimenak izatera pasatu dira. Eta berriz arratsaldez izan zen, itaunketatik itzultzerakoan, zaintzaile bera nire zelda aurrean agertu zenean. —Libratu zarela dirudi. Zer moduz? —eta begi arakatzailez begiratu zidan—. Ordenan zegoen dena? Ondo ulertu nuen bere galdera. Sakonki ukitu ninduen. Baina beste ezer baino gehiago, bere zintzotasunaz konbentzitu egin nintzen. Hori egiteko barne askatasuna duen gizon batek soilik galde dezake horrela. Geroztik berarengan jarri nuen nire konfidantza. Gutariko bat zen. Itxura baten: pertsona enigmatikoa. Bakarti, lasai, isilean, erne eta somakari ibiltzen zen korridoreetan zehar. Sekula ez zitzaion entzun oihuka egiten. Sekula ez zen ikusi inor jipoitzen. Alboko zeldako burkideek zera eskatzen zioten: —Eman iezadazu, arren, belarrondo pare bat, Smetonz-ek honantz begiratzen duenean. Behin gutxienez, zerbaitetan ikus zaitzan. Buruaz ukatuz esaten zuen: —Ez da beharrezko. Txekieraz ezik beste hizkuntzaz hitzegiten sekula ez zenuen entzungo. Berak zeukan guztia beste zaintzaileengandik desberdina zela adierazten zuen. Beste zaintzaileengandik desberdina zen. Nekez definitu zenezakeen zergatik. Beraiek ere nabaritzen zuten, baina inoiz ezin izan zuten somatu. Bere premia dagoen leku guztietan aurkitzen da. Baretasun eramaten du nahasketa nagusitzen den lekura; adorea ematen dio burua makurtzen dutenei; kontaktuak berrasten ditu galduz gero kanpoko beste batzuek arriskutan jartzen direnean. Ez da xehetasunetan galtzen. Sistematikoki eta eskala handian lan egiten du. Eta ez orain bakarrik. Hasieratik. Nazismoaren zerbitzura egin behar horrekin sartu zen. Adolf Kolinsky, Morabiako txekiar zaintzailea, familia txekiar peto petoko gizon txekiarra. Hradec Kralove-en eta gero Pankrac-en, txekiar presoak zaintzearren alemaniar gisa azaldu zen. Nolako haserrea ezagutzen zutenen artean! Baina lau urte geroago, zerrenda pasatzerakoan gartzelako alemaniar zuzendariak, bere begi aurrean ukabilak indarkeriaz eraginez, mehatxatu egiten du, pixkat beranduegi dagoeneko: —Gorputzetik atera egingo dizut “txekiarkeria” hori! Oker dabil. Ez bakarrik “txekiartasuna”. Berarengandik gizona atera beharko luke. Kontzienteki eta gogoz, burrukatzeko eta burrukatzen dagozenei laguntzeko bere beharrezko lekua okupatu duen gizona. Etengabeko arriskuak gogortu egin du soilik.
“Gurea”
1943.eko Otsailaren 11.ko goizean, kafe gisa ematen ziguten ez dakit zein “potingeren” ordez, kakao eman baziguten, mirakulu hari ez geniokeen inongo garrantzirik emango. Goiz hartan, txekiar polizi baten uniformeak iheskorki zeharkatu zuen gure ate aurrea. Une batez ikusi genuen soilik. Bota luze batzutan sartutako hankalde beltzen pausoa, mahuka urdin batetatik ateratzen zen eskua zerrailerantz altxa egin zen, bat batean atea hertsi eta desagertu egin zen. Hain motza izan zen zeren ordu laurden barru ez sinesteko gai bait ginen. Txekiar polizia bat Pankrac-en! Nolako ondorioak atera genitzaken hartaz! Ordu bi beranduago ateratzen genituen, bai. Zeldako atea berriz zabaldu zen, txekiar poliziaren kasko bat barrurantz agertu eta, gure harridurarako, aho alaiak iragarri zuen: —Freistunde! [Atseden ordua!] Ezin ginen tronpatu. S.S.ko zaintzaileen grisberdeska uniformeen artean, argiz betetakoak iruditzen zitzaizkigun lohidura iluneko batzuk korridoreetan agertu ziren: txekiar poliziak ziren. Zer suposatzen du guretzat honek? Nolakoak izango ote dira? Nola nahi izan, bere presentziak garbiro hitzegiten du: zein zalapartaka doan errejimena bere azkenera bere erakunde delikatuetan ere, errepresio aparatuan sostengu bakarra duenetan, zapaldu nahi duen herriko jendea hartzera behartuta dagoenean! Zernolako giza material falta eduki behar duen, indibiduo batzu irabazteko helburuaz bere azkenengo esperantza ere ahultzen denean! Noiz arte irautea espero du? Zihur bereziki hautatutako gizonak izango direla. Ohituraz eta garapenaren uSterik ezaz desmoralizatuta dauden alemaniar zaintzaileak baino okerragoak izango dira, agian. Baina errealitate hau, bere presentziaren errealitatea, azkenaren hutsezinezko ezaugarria da. Horrela pentsa izan dugu guk. Baina lehenengo momentuetan pentsatzen genuen baino larriagoa zen. Errejimenak hautatu ere ezin zezakeen eta. Ez zuen non hautatu. Otsailaren 11.ean txekiar uniformeak lehenengoz ikusi genituen. Biharamun goizean jendea ezagutzen hasi ginen. Lehenengoa iritsi zen, zeldara begiratu zuen aiko-maikoan, atarian gelditu eta ondoren —ahume batek bere lau hankak altxatuz airera salto egiten duen energia keriatsu berdinaz— bapateko ausardiaz esan zuen: —Eta nola, Jaunok? Irribarrez erantzuten dugu. Berak ere irribarre egin zuen eta berriz aire ezbaikorra hartu zuen: Ez zaiztezte gurekin haserretu. Zuen zaintzen hemen egotea baino kaleetatik zehar paseatzen jarraitzea nahiago genukela zihur izan zaitezte. Baina behartuak izan gara. Eta izan daiteke... zerbait onerako balio izatea. Pentsatzen genuena eta nola kontsideratzen genituen adierazi genionean, poztu egin zen. Eta honela lehen momentutatik lagun egin ginen. Vitek, mutiko sinplea, urregorrizko bihozduna, goiz hartan gure zeldan agertu zen lehena izan zen. Bestea, Tuma, txekiar gartzela batetako zaintzaile zahar tipikoa zen. Pixka bat zatarra, oihutzailea, baina barnean ona, Lehenengo Errepublikaren gartzeletan “aitakote” deitzen genien haietarikoak bezalakoa. Ez zuen somatzen bere egoeraren apartekotasuna. Alderantziz, bere etxean bezala laster sentitu zen hemen: txantxa astunak eginez, bera zen mantentzen zuen ordena apurtzen lehena. Hemen ogia sartzen zuen zeldara, han zigarrotxo bat, bestean elkarrizketa dibertituak hasten zituen politikaz ezik edozein gaiari buruz. Naturaltasunaz egiten zuen dena. Zaintzailearen eginkizunari buruzko bere ikuspegi pertsonala horixe zen. Ez zuen izkutatzen. Bere portaeragatik eman zioten lehenengo oharrak zuhurragoa egin zuen baina ez zuen aldatu. Zaintzaile aitakotea izaten jarraitu zuen. Ez zinatekeen ausartuko gauza garrantzitsurik eskatzen. Baina zerbitzuan dagoenean lasai asko hartzen da arnasa. Hirugarrena, aire itzaltsuaz, isilkoi, ezertaz interesatu gabe zelda inguruan ibiltzen zen. Harremanetan sartzeko gure ahalegin zuhurren aurrean ez zuen erreakzionatu. —Honekin ez dugu izan sorte handirik. Gure arteko eskasena da —esan zuen aitak, astebetetan zehar aztertu ondoren. —Edo burutsuena da —esan nuen nik— gehiago ere martinkontrarena egitearren. Zeren funtsgabeko gauzei buruzko bi iritsi desberdin bizitzaren gatza bilakatzen dira zelda barnean. Hamabost egun geroago, isilkoiak bizitasun gehiagoz keinu egiten zidan inpresioa izan zuen. Presondegian esanahi anitz dituen keinu ahulaz erantzun nion. Eta berriz, ezer ez. Oker egon nintekeen. Hilabete geroago dena zegoen argi. Tximeleta krisalidatik ateratzen den bezain azkarra izan zen dena. Krisalida zimurtua lehertu egin zen eta izaki biziduna atera zen: baina ez zen tximeleta. Gizona zen. —Momentu txikiak eraikitzen dituzu —esaten dit aitak izaerazko deskripzio hauetako batzuri buruz. Bai, hemen eta hemendik kanpo adoretsu eta zintzoki burrukatu eta gero jausi zirenak ahaztuak ez daitezen izan nahiko nuke. Baina, halaber, nahiko nuke egoera zailenetan bizi direnak eta ez zintzotasun eta kuraia gutxiagoz lagundu digutenak ez ahaztea. Pankrac-ko korridoreko gerizpetik Kolinsky eta txekiar polizia hau bezalako pertsonalitateak argitara atera zitezen. Ez beraien osperako, baizik eta besteentzat adibide bezala balio dezaten. Zeren giza-betebeharra burruka honetan ez bait da amaitzen eta gizonak guztiz gizon izan arte, etorkizunean ere, gizona izateak bihotz heroikoa eskatuko bait du. Egia esan, Jaroslav Hola poliziaren historia oso laburra da. Benetako gizonaren historia. Radnic-ko herrialdea. Galdutako herriko bazterra. Herrialde eder, pobre eta tristea. Aita beirinalaria da. Bizitza, gogorra: lana dagoenean nekea eta inguru hartan jaun eta jabe zen langabezia iristean, miseria. Horrek belaunikarazten zaitu ala burua jaso eta bizitza oparoagoan amets egin, fedea sortarazi eta beragatik burrukatzera eraman. Aitak azkenengo hau aukeratu zuen. Komunista egin zen. Jaroslav gazteak Maiatzaren Lehenaren manifestapenean beste txirrindularien artean pedalei ematen die. Txirringak zinta gorriz apainduta daramatza. Ondoren jaso egiten ditu eta bere barnean eraman konturatu gabe, agian, lan egiten hasten den Skoda lantegian torneru ikasketak burutzen dituen garaian. Krisia, langabezia, gerra, enplegatu baten perspektiba, polizi zerbitzua. Ez dakit zertan izango ote ziren garai haietan barnean zeramatzan zinta haiek: izan daiteke biribilduta egotea, erdi ahaztuta, baina ez galduta. Egun batez, Pankrac-ko zerbitzura destinatu zuten. Ez zen hona etorri, Kolinsky bezala, gogoz, bere kabuz aldez aurretik pentsatutako eginkizun batetara. Baina zeldak lehenengoz ikusten dituenean jabetzen da eginkizun horretaz. Zinta gorriak hedatu egiten dira. Bere ekintza eremua aztertzen du. Indarrak neurtzen ditu. Bere aurpegia kezkaratu egiten da nola eta nondik hasi astiro hausnartzerakoan. Ez da politiko profesionala. Herriko seme xumea da. Baina bere aitaren esperientziarekin kontatzen du. Bere erabakiak sostengatzen diren hondo tinkoa du. Eta erabakitzen ari da. Kusku kopetilunetik gizona sortzen ari da. Barru ederra, gutxik daukan bezalako garbia, sentiberazkoa, herabetia eta aldi berean kementsua duen gizona da. Arriskatu behar den guztia arriskatzen du: gauza txikietan eta handietan. Harrokeriarik gabe egiten du lan, isilean, zuhurtasunez baina beldurrik gabe, berarentzat dena dago argi. Beragan inperatibo kategorikoa. Hau egin beharra dago, beraz, zertarako hitzegin? Zehatz esanda horixe da dena. Salbatutako zenbait gizasemeren bizitza bere zerrendan jar dezakeen gizonaren historia guztia. Pertsona horiek kanpoan bizi eta lan egiten dute Pankrac-ko gizon batek bere giza-eginbeharrak bete dituelako. Haiek ez dakite eta berak ez ditu ezagutzen. Kolinsky ezagutzen ez duten bezala. Ezagutu ditzaten nahi nuke, gero bederen. Bi hauek azkar aurkitu zuten hemen bata bestearengana daraman bidea. Eta horrek beraien posibilitateak biderkatu egin ditu. Adibide gisa gogora itzazue. Benetako lekuan burua duten gizonen adibide bezala. Eta bereziki bere bihotza.
Aita Skorepa
Kasualitatez hirurak elkarrekin ikusten badituzue, anaitasunaren irudi bizia ikusiko duzue: Kolinsky zaintzailearen uniforme berdeska grisa, Hora polizia txekiarraren uniforme iluna eta aita Skorepa-ren korridoreetako zerbitzuko presoen uniforme argia baina desatsegina. Baina, nekez, ikusiko zenituzten elkarrekin. Oso gutxitan. Hain zuzen ere, hirurak bat direlako. Korridoreetako garbitasun lanerako eta janaria ekartzeko, “preso seguruak, disziplinatuak eta besteengandik hertsiki isolatuak” erabiltzea baimentzen dute presondegiko arauek. Horrela da erregelamenduaren letraren arauera. Baliogabeko letra, aldez aurretik guztiz baliogabea. Zerbitzuko gizon horiek ez direlako existitzen eta ez inoiz existitu ere. Eta gehien bat, Gestapoko presondegietan ez dira existitu. Hemen, alderantziz, korridoreetako arduradunak, kanpoko munduarekin hurbilago bizitzeko eta presondegitik kanpoko bizitzaz komunikatzeko, zeldetako komunitateak aurreratutako antenak dira. Haietatik zenbaitek, beraien arropa artean isileko mezu bat aurkitzearren, bizitzaz ordaindu behar izan du! Eta hala ere, presondegiko komunitateko legeak etengabeki eskatzen die haien ordezkoei lan arriskutsu honen jarraipena. Adorez ala beldurrez egiteak garrantzi gutxi du, berdin egin behar duzu eta beldurrez gauza asko alferrik gal ditzakezu, dena ere gal dezakezu, beste edozein isileko lanean gertatzen den bezalaxe. Eta hau garrantzi handiko isileko lana da: galerazten saiatzen direnen erpe artean egiten da, zaintzaileen begipean, haiek seinalatutako lekuetan, haiek hautatutako segunduetan eta haiek sortutako baldintzapetan. Kanpoan ikasitako guztia gutxi da hemen. Hala ere, lan ezlegalak gartzelan gehiago eskatzen dizu. Kanpoan lan ezlegaleko maisuak daude. Eta korridoreetako arduradunen artean lan honetako maisuak daude. Aita Skorepa lan mota honetako maisua da. Xumea, apala, lasaia itxura batetan baina arraina bezain bizia. Zaintzaileek goraipatu egiten dute. Begira ezazue: zein langilea, zein segurua, nola betetzen duen bere eginbeharra galerazitako ezertara jo gabe! Har ezazue adibide bezala!, esaten zien korridoreko beste arduradunei. Bai, jarraitu bere eredua, korridoreetako arduradunok. Presoak imajinatutako benetako arduradun eredua da. Gartzelako komunitateko antena tinko eta sentibereena. Zeldetako populazioa, ezagutzen du, iristen den unetik preso berri bakoitza ezagutzen du. Badaki zein arrazoigatik, dagoen hemen, nortzu diren bere prozesu burkideak eta nolako portaera duten. Kasua aztertu egiten du eta bere sekretuak ikasten saiatzen da. Aholku bat emateko edo mezu bat ondo trasmititzeko orduan oso garrantzitsua da hori. Etsaia ezagutzen du. Zaintzatile bakoitza harretaz behatzen du. Bere ohiturak, alde zailak eta ahulak aztertzen ditu: zein aspektutan egon behar den adi eta zeintzutan erabili daiteken; noia mantsotu, nola atzipetu. Hemen deskribatu ditudan zaintzaileen bereizgarri asko, aita Skorepa-ren bitartez ezagutu nituen. Guztiek ezagutzen ditu. Haietako bakoitza ezin hobeto deskriba dezake. Hori oso garrantzitsua da korridoreetan mugimendu askatasuna edukitzeko eta lan segurua eta eraginkorra burutzeko. Batez ere bere betebeharra ezagutzen du. Komunista izateari uko egin diezaioken tokirik existitzen ez dela dakien komunista da. Nik esango nuke, hemen, arrisku handienean eta presio gogorrenpean bere benetako tokia aurkitu duela. Hemen hazi egin da. Zalua da. Egun bakoitzak eta ordu bakoitzak egoera berria sortzen du eta metodo berriak eskatzen ditu. Eta zoli eta bizkor aurkitzen ditu. Minutu frakzioak ditu: zeldetako atea jotzen du, aldez aurretik prestaturiko mezua entzun eta korridoreko beste puntara argi eta garbi transmititzen du, zerbitzuko zaintzaile berria lehenengo solairura igon baino lehen. Zuhurra eta adoretsua da. Ehundaka mezu idatzi pasa dira bere eskuetatik. Bat bera ere ez zen izan tartean hartua eta sekula ez zuen susmo txarrik sortarazi. Badaki bakoitzak non hartzen duen min. Badaki non jaso behar den gogoa, non eman kanpoko egoerari buruzko informe zehatza, non bere begirada aitatiarrak etsipenaz nahigabeturik dagoen gizonari indarra eman diezaioken. Badaki ogi zati batek edo gehigarrizko katilukada sopak “gose kriminala” non ahaztu dezaken. Badaki jakin, bere sen zoliari eta bere esperientzia handiari esker, ezagutzen du. Burrukalari gogorra eta ausartia. Benetako gizona. Hauxe da Aita Skorepa. Hau irakur dezazuenean zera nahiko nuke, hots, bera soilik ez baizik zapaltzaileek ezarritako lana zapalduen mesedetan bilakatzea lortu duen hausarbeiter [korridorean zerbitzu egiten duen presoa] jaioa hatzematea. Aita Skorepa bakarra da, baina bera bezalako asko daude, bakoitza bere giza ezaugarri propioekin nahiz eta ez horregatik txikiagoak. Bai Pankrac-en bai Pentsch Jauregian. Bere irudiak gorde nahi nituzke, baina zoritxarrez ez zaizkit ordu batzu baino geratzen, oso gutxi, “denbora luzean bizitakoa laburki kontatzen duen kanturako”. Zenbait izen eman ditut, zenbait adibide —ez denak, noski— gogoratuak izatea merezi dutenak gutxienez. Milos Nedved doktorea, presondegiko burkidei emandako eguneroko laguntza Auschwitz-en bere bizitzaz ordaindu zuen gizon noble eta eskuzabala. Arnost Lorenz, zeinaren neska laguna saldukeria ez egitearren exekutatua izan zena, eta hurrengo urtean bere bizia eskaini zuena lagunak salbatzearren, “400”.eko ordenantzak eta hemen deskribatu ditudan zaintzaile guztiak aitaren edo bere kolektiboaren bitartez ezagutu nituenak. Vasek, eskuzabala eta aldezinezko humorez betea; Anka Vikova barneliluratua, sakrifiziorako beti prest, setio egoeran exekutatua; oldartsua...; Springl “bibliotekaria” alaitsu eta trebea, beti metodo berrien bila; eta Bflek gaztea eta bihotzekoa... Ereduak soilik, Gizon ereduak soilik. Batzu gehiago, beste batzu gutxiago. Baina beti Gizonak. Sekula ez ņaņoak.
Urkamendira bideko erreportaia |