|
Urkamendira bideko erreportaia
V. KAPITULUA Figurak eta Figuratxoak (I)
Gauza bat eskatzen dut soilik: ez ezazue ahantz garai hau bizirik iraungo duzuenok. Ez itzazue ahantz ez onak ez txarrak. Bil itzazue, eroapenez, zuengatik eta beraiengatik erori direnei buruzko lekukotasunak. Egunen batetan oraina iragan izango da eta garai garrantzitsu batetaz eta historia egiten duten heroi anonimoetaz hitzegingo da. Ez dela heroi anonimorik izan, mundu guztiak jakin dezala nahi nuke. Bere izena, aurpegia, antsiak eta itxaropenak zituzten pertsonak ziren eta azkenengoetarikoen azkenengoaren mina bere izenez iraun duen lehenengoen mina baino gutxiago ez da izan. Senide gisa, zuok zeuok bezala, guzti haiek zuengandik hurbil egon daitezen nahi nuke. Naziek heroi familia osoak triskatu dituzte. Gutxienez, maite ezazue haietako norbait eta harro sentitu bere semeak bazinate bezala eta etorkizunerako bizi izan den gizon ospetsua balitz bezala. Etorkizuna zintzoki zerbitzearren eta ederrago egitearren jausi den bakoitza, harrian zizeldutako Figura da. Eta iraganaren hautsaz, iraultza geldiarazteko langa bat eraiki nahi zuten haietako bakoitza, nahiz eta besoak urregorrizko galoiez beterik eduki, ez da zurezko Figuratxoa besterik. Baina beharrezkoa da Figuratxo hauek bere zitalkerian ikustea, bere ergelkerian, bere krudeltasun irrigarrian, etorkizunerako balio izango digun gaia da eta. Lekuko baten aitorpenari dagokion gaia soilik eman diezazueket. Denbora labur eta sektore motz batetan ikusi ahal izan nuen bezala, ataltxo bat besterik ez da. Baina bizitzaren benetazko irudien ezaugarriak ba ditu: handienak eta txikienak, Figurenak eta Figuratxoenak.
Jelmek-tarrak
Josef eta Marie. Senarra elektrikaria eta emaztea neskamea. Duten etxea ezagutu behar da: altzari modernoak, sinpleak eta leunak, liburutegi txikia, estatuatxo bat, kuadroak paretetan eta dena garbi, paregabeko garbitasunaz. Emakumearen arima han gordeta zegoela eta besterik ez zuela ezagutzen zirudien. Hala ere, aspaldidanik, Alderdi Komunistaren militantea zen eta bere erara ulertzen zuen justizia. Biek, isilean eta modu sakrifikatuz lan egiten zuten betebehar handiak eta erantzunkizunak eskatzen zituen okupazio garai haretan ere beraien eginkizunetatik alde egin gabe. Hiru urtebeteren buruan, polizia indarrez sartu zen beraien etxebizitzan. Bata bestearen alboan zeuden, eskuak burura jasota.
1943.eko Maiatzak 19
Gaur gauez, naziek nire Gustina daramate Poloniara “lanera”. Galeretan tifusak jota hiltzera. Aste batzutarako geratzen zait, bi edo hiru hilabetetarako, agian. Salaketa agiria auzitegian dago. Pankrac-ko espetxean izan daiteke ikerketa osagarrietarako lau aste luzatzea eta ondoren beste bi, hiru hilabete azkenerarte. Erreportaia hau, ez da bukatua izango. Egun hauetan aukerarik badut, jarraitzen saiatuko naiz. Gaur ezin dut. Burua eta bihotza Gustinarengan ditut, emakume zoli horrengan, sekula baketsu izan ez den nire bizitza gorabeheratsuan hain burkide maite, sutsu eta adoretsua izan denarengan. Arratsaldero gogokoen zuen abestia kantatzen diot: guduka gerrilarien kondairak xurxulatzen dituen estepako belar urdiska hartaz; guduka batetan “yey podniatsia s zemli nieprishlos” [ez zen gehiago altxatzeko gai izan] arte askatasuna lortzearren gizonaren aldamenean adoretsu burrukatzen zuen kosaka hartaz. Vot, moy druzhok boyevoy [A, nire burrukako burkidea]. Zenbat indar gordetzen duen irmoki zizeldutako trazuak dituen kreatura fin honek, samurtasunez betako neskato begi eder honek! Burrukak eta sarri sakabanatu beharrak betirako maitale egin gaitu eta lehenengo laztan eta besarkaden momentu gartsuak, behin ezezik ehun aldiz bizi izan ditugu. Hala ere, gure bihotzek batera taupadatzen zuten eta gure arnasa bai zorionean bai estutasunean, kilikaduran eta tristuran beti zen berdina. Urteetan zehar elkarrekin lan egin dugu eta bata besteari lagundu burkideek soilik dakiten bezala. Urteetan zehar, nire lehen irakurle eta kritikoa bera izan zen eta bere begirada maitagarria nerengan sentitu gabe idaztea, zaila egiten zitzaidan. Urteetan zehar, bata bestearen ondoan, burruka askotan parte hartu izan dugu eta urteetan zehar, eskutik harturik, nahien izan ditugun lekutatik zehar nora ezean ibili izan ohi gara. Zailtasun handiak ezagutu eta bozkario handiak bizi izan ditugu, pobreen gisa aberatsak ginelako. Barnean dagoen aberastasunaz, hain zuzen. Gustina? Hona hemen nire Gustina. Iazko Ekainaren erdi aldera izan zen, setio egoera bitartean. Gure atxiloketatik hiru astebetetara ikusi ninduen lehenengoz, nire heriotzaren berriei buruz, zeldan bera bakarrik, gogoetak egiten ari zen egun triste haien ondoren. Ni bigun nendin deitu zioten: —Zentzu onera etorrerazi ezazu —esaten zion Gustinari kareo bitartean sekzio arduradunak—. Esaiozu zentzuduna izateko. Bere buruaz ez badu pentsatzen, gutxienez zutaz pentsa dezala. Ordubete daukazu hausnarketarako. Epe horren ondoren burugogor horrek amore ematen ez badu, gaur arratsaldean fusilatuak izango zarete. Biok. Begiradaz laztandu ninduen eta xumeki erantzun: —Komisario jauna: niretzat hori ez da inolako mehatxua. Hau da nire azkenengo nahia. Bera hiltzen baldin baduzue, hil nazazue neu ere. Hona hemen. Hauxe da Gustina: maitasuna eta sendotasuna. Bizitza ken diezagukete, ez, Gustina? Baina gure ohore eta maitasuna, inoiz ere ez. A, nire lagunok! Sufrimendu guzti hauen ondoren aurkituko bagina, nola biziko ginateken imajina dezakezue? Bizitza libre eta eder batetan, askatasun eta sorkuntza bizitzan, berriz aurkituko bagina? Noiz gauzatuko ote da antsiatzen dugun hori, hainbat ahalegin egin eta hiltzeraino garamatzan hori? Hala ere, hilda egon arren, gure zorionaren txokoan biziko gara, zorion horrengatik gure bizitza eman baitugu. Eta horrek poztu egiten gaitu nahiz eta agurra tristea izan. Ez agur bat, ez eta besarkada, ez eta esku-eman bat ez ziguten utzi. Pankrac Carlos plazarekin lotzen duen presondegiko kolektiboak, soilik, ematen digu gure zoriaren berri. Badakizu Gustina, bai eta nik ere, gehiago ez garela ikusiko. Baina hala ere, urrunetik entzuten dut nola diostazun: ikusi arte, maitia. Ikusi arte, Gustina neurea!
Nire testamendua. Nire liburutegia baino ez neukan eta Gestapok suntsitu egin zuen. Artikulu politiko eta kultural asko idatzi dut, erreportaiak, saioak, literatura eta antzerkiari buruzko aipamenak. Haietariko asko egunbeteari zegozkion eta egunarekin itzaltzen ziren. Utz itzazue alde batera. Baina beste batzu bizitzari lotuak daude. Gustinak bil zitzakela espero nuen. Ez dago esperantza handirik. Horregatik eskatzen diot Ladislav Stoll burkide zintzoari bilketa egin dezala bost liburu osatzeko:
1.— Politika eta polemika artikuluak. 2.— Gure herriari buruzko erreportaien bilduma. 3.— S.E.S.B.-i buruzko erreportaien bilduma. 4. eta 5.— Literatura eta antzerkiari buruzko artikulu eta saioak.
Lan hauetako gehienak Tvorba eta Rude Pravo-n aurkituko ditu. Beste batzu, Kmen, Pramen, Proletkult, Doba, Socialista, Avantgarda-n, e.a.-etan. Okupazio garaian Bozena Nemcova-ri buruzko nire lana argitaratzean erakutsi zuen ausardiagatik diodan estima dela bide Girgal editorearenean daude Julius Zeyer-i buruz egin nituen eskuskribuak; Jelinek-tarrak, Vysusil-tarrak eta Suchanek-tarrak —gaur gehienak hilak— bizi izan ziren etxean izkutatuta daude Sabinari buruzko estudioaren zati bat eta Jan Nerudari buruzko oharrak. Gure belaunaldiari buruz nobela bat idazten hasi naiz. Bi kapitulu nire gurasoen etxean daude. Besteak triskatuak izan dira seguraski. Gestapoko espedienteetan ikusi ditut zenbait ipuinen eskuskribuak. Jaiotzeko dagoen literatur historialariari Jan Nerudarekiko maitasuna uzten diot. Gure poeta hoberena da. Etorkizunaz gogoeta egiterakoan, guk baino goragotik ikusi zuen. Bera ulertu eta balioztatzen duen obrarik ez dugu oraino. Neruda proletarioa erakutsi behar da. “Mala Strana-ko Ipuinen” etiketa erantsi diote, “Mala Strana-ko” auzo “idiliko” horrek hain zuzen beti “pikarotzat” eduki zuela eta Smichov-eko mugetan, langile giroan, jaiotakoa izanik, “Mala Strana-ko” hilerrira bere “Hilerri Lorak” bilatzera joateko Ringhofer lantegi ondotik igaro behar zuela ohartu gabe. Guzti hau ezagutu gabe ez dute inoiz Neruda ulertuko, “Hilerri Lorak-etatik” hasi eta 1890.ko Maiatzaren Lehenaz idatzi zuen liburuska arte. Mundu guztiak —Salda bezain gizon argitsuak ere— Nerudaren kazetari lanean, bere sormen poetikoaren geldieraztea ikusten zuen. Zentzu gabekeria da. —Zeren kazetaria izateagatik, hain zuzen, “Balada eta Erromantzeak”, “Ostiral Santuko kantak” eta “Motibo Sinpleak” bezalako goi mailako obrak idatzi bait zituen—. Kazetari lanak gehienetan gizona agortu egiten du eta kontzentrazioa galerazten, baina irakurlearekin lotura sortu eta poesia sortzen irakasten dio, areago Neruda bezain kazetari zintzoa baldin bada. Nerudak, eguneroko bizitza isladatzeko egunkaririk gabe poemazko bolumen asko idatziko zukeen, agian, baina bakar batek ere ez zukeen iraungo bere mendeaz geroztik, bere obra guztiek iraungo duten bezala. Baliteke Sabinari buruzko nire estudioak norbaitek bukatzea: merezi du Sabinak. Nire gurasoei, beraien maitasun eta noblezia apalagatik, haientzat ere egindako nire lanaz, eguzkiz betetako udazken bat aseguratzea nahiko nukeen. Beren udazkena, ez, bedi samindu ni beraiekin ez izateagatik. “Langilea hilkorra da; lana, aldiz, hilezina”, eta inguratuko dituen berotasun eta argitasunean, ni beraien ondoan izango natzaie beti. Lida eta Verka arrebei, gure familian izango den hutsunea, beraien kantuz gurasoei ahantzerazteko eskatzen diet. Bi arrebek hainbat malko irentsi behar izan dute, Petschek Jauregira gu ikustera zetoztenean. Baina poztasuna beraien barnean bizi da eta horregatik ditut maite, horregatik maite dugu elkar. Alaitasunaren ereile dira; ez inoiz etsi zeregin horretan. Azkenengo bataila honetan bizirik aterako diren burkideei eta gure atzetik etorriko direnei, gogorki ematen diet eskua. Gustina eta neure izenean. Gure eginbeharra egin genuen. Berriz errepikatzen dut: bozkarioarentzat bizi ginen; bozkarioagatik burrukara joan gara eta bozkarioagatik hiltzen gara. Tristura ez dadila gure izenari lotuta gelditu. 1943.eko Maiatzak 19J.F.
1943.ko Maiatzak 22
Bukatua eta sinatua. Atzodanik instrukzio epailearen aurrean nire kasua bukatuta dago. Espero zena baino aguduago doa. Presa dutela dirudi. Lida Placha eta Mirek nire epaiketa burkideak dira. Mirek-eri, bere ahuleziak ez zion ezertarako balio izan. Instrukzio epailearekin dena zuzen eta izotza bezain hotza izan da. Gestapoan, bizitza pixka bat zegoen gutxienez, zerbait ikaragarria, baina bizia. Grina zegoen han barruan: alde batetik, burrukalarien grina eta bestetik, ehiztariena, basapiztien ala lapur soilen ehiztarien grina. Beste aldeko batzuk bazuten uste antzeko zerbait ere. Baina hemen, instrukzio epaileak ez du burokraziaz besterik ulertzen: barnean falta diren sinetsitasunak zenbait insignia nazi handiren bidez aldarrikatzen dira. Garai honetan, nola edo hala bizirik ateratzea erabakita daukan enplegatu gizajoa ezkutu horren ostean izkutatzen da. Akusatuekin ez zen txarra ez ona ere. Ez du irribarrerik egiten, ez eta begitartea zimurtu. Ari da. Ez du odolik; ureztutako sopa bat soilik. Akusazio agiria prest dago, sinatua, eta orain nahi dituzten pasarteak eransten dizkiote. Bertan traizio goreneko sei krimen, Reicharen aurkako konplot bat, altxamendu armatu baten antolaketa eta ez dakit zenbat gauza gehiago aipatzen dira. Akusazio bakar batez ere nahikoa zatekeen. Nire bizitzaren eta besteenaren alde burrukatu dut hemen hamairu hilabetetan. Ausardiaz eta maltzurkeriaz. Naziek, beraien programan “ipartar maltzurkeria” erantsi dute. Erabiltzen jakin nuela uste dut. Haiek eskuetan aizkora dutelako irabazi didate. Beraz, burruka hau bukatu da. Orain, itxaroteko garaia hasten da. Bi, hiru aste akusazioa lantzeko. Ondoren, Reicherako bidaia, Auzategiko batzarreari itxaron, kondena eta azkenik hil arte ehun egun kaperan. Horra hor perspektibak. Oraindik, agian, lauzpabost hilabete. Tarte horretan gauza asko alda daiteke. Tarte horretan dena alda daiteke. Behar bada. Posible da. Hemendik ezin dezaket aztertu. Kanpoko gertakizunen bilakaera azkarragoak gure azkena aurrera dezake. Eta honela dena orekatzen da. Itxaropenaren eta gerraren arteko lasterketa da. Heriotza baten eta beste heriotza baten arteko lasterketa. Zer etorriko da lehenen? Faszismoaren heriotza ala nirea? Ni al naiz galdera hori egiten duen bakarra? Ez. Hamarmilaka presok gauza bera galdetzen diote bere buruari, miloika eta miloika soldaduk gauza bera galdetzen dute eta, halaber, Europa eta mundu guztiko milaka gizon eta emakumek ere. Batzuk itxaropen gehiago daukate beste batzuk gutxiago. Baina itxuraz bakarrik. Mundua gaineztatu duten kapitalismo ustelduaren horroreak mehatxu gogorrak dira denontzat. Ehundaka gizon —eta nolako gizonak!— jausiko da oraindik, bizirik iraun zutenek: —faszismoa gainbizi nuen—, erantzun ahal izan baino lehen. Orain hilabeteetako kontua da, soilik, eta laster egunetakoa izanen da. Hauexek izango dira, juxtu juxtu, krudelenak. Beti pentsatu izan dut nolako tristea litzatekeen azkenengo balaz eta gerraren azkenengo momentuan, bihotzean zauritutako azkenengo soldadua izatea. Baina norbait izan behar du azkena, eta ni izan naitekeela jakingo banu oraintxe bertan joango nintzateke.
Pankrac-ko gartzelan egoteko geratzen zaidan denbora laburrak ez dit uzten erreportaia honek eduki behar zuen itxura ematea. Laburtu beharrean nago. Nire erreportaia gizonen lekukotasuna izango da eta ez garai batekoa. Garrantzitsuena hori dela uste dut. Jelinek senarremazteekin, garai normaletan heroiak irudituko ez zitzaizkigun jende sinplearengandik hasi ditut Figurak hauek. Atxiloketaren momentuan bata bestearen ondoan eta eskuak altxaturik zituztela zeuden: senarra zurbil, emaztea masailetan tuberkulosiaren arroza koloreaz. Bost minututan Gestapokoek, lehen ordenaren eredu izan zen etxea hondamendia bihurtzen ikustean, beldur begiak jarri zituen. Ondoren, senarrarengana burua astiro biratu eta galdetu zion. —Pepe: eta orain, zer gertatuko ote da? Senarra beti izan zen hitz gutxikoa. Zailtasunaz aurkitzen zituen hitzak. Baina momentu horretan lasai eta ahaleginik gabe erantzun zion: —Marie, heriotzara goaz. Ez zuen oihurik ere egin. Ez zen azaldatu. Pistoletako kainoien mehatxuaren aurrean, keinu eder batez eskuak jeitsi eta senarrari luzatu zizkion. Keinu honek, lehenengo kolpeak erakarri zituen berarengana eta senarrarengana. Aurpegia xukatu, arrotzei harriduraz begiratu eta ia komikoki esan zuen: —Hain mutil ederrak —eta ahotsa altxatuz— hain mutil ederrak eta hain zakarrak!. Zehatz asko neurtu ditu. Ordu batzu beranduago, hartu zituen kolpeen eraginez ea konorte gabeturik atera zuten “itaunketaren” arduraduna zen komisarioaren bulegotik. Jipoituarren, ez zion ezer atera. Ez orduan, ez gero. Itaundua izateko ezintasunean, nire zeldak etzanda egon nintzen denboraz geroztik ez dakit zer gertatu zen berarekin. Eta ondoren, Pepe zenbat aldiz izan zen jipoitua, jipoitua eta jipoitua! Baina ikerketa desbideratzeko helburuaz ez zuen ezer aitortu, esan zezakeena nik esan ala begiradaz aditzera emango niokeen artean. Lehen, Marie guztiz sentibera zen. Atxiloketaren momenturarte horrela ezagutu nuen. Gestaporen eskuan egon zen denbora guztian, bere begietan inoiz ez nion malkorik ikusi. Bere etxea maite zuen baina poztasuna emateagatik, kanpoko burkideek etxeko altzariak nork lapurtu zituzten bazekitela eta etxea zaintzen ari zirela esan ziotenean, hau erantzun zien: —Pikutara altzariak! Altzariengatik ez ezazue denborarik gal. Orain gauza garrantzitsuagoez arduratu behar zarete: gure ordez lan egiteaz. Lehenengo garbiketa egin behar da eta gero, bizirik ateratzen banaiz, nik neuk atonduko dut etxea. Egun batetan biak eraman zituzten. Bakoitza alde batetik. Alferrik bilatu nituen. Gestapoan aztarnarik utzi gabe desagertzen da jendea, miloika hilerritan sakabanaturik. A, zein uzta aterako da hazi ikaragarri honetatik! Honatx bere azkenengo mezua: —Ugazaba, esan iezaiozue kanpokoei nitaz ez dezatela errukirik izan eta inork ez dadila beldurtu nire zoriaz. Emakume langilearen betebeharrak agintzen zidana egin dut eta langile gisa hilgo naiz. “Neskame bat” zen, soilik. Ez zuen inongo kulturarik eta ez zekien iraganean iadanik esana zela: Erromes: iragar iezaiezu lakedemoniatarrei, legeek agindu bezala hemen datzagula hilik.
Vysusil-tarrak
Vysusil-tarrak etxe berean bizi ziren, Jelinek-tarren alboko apartamenduan. Haiek ere Josef eta Marie ziren. Haien auzokoak baino adintsuagoak, menpeko enplegatu familia zen. Josef, Nusle auzoko mutil garaia zen, hamasei urtez Lehenengo Mundu Gerraterako mobilizatua izan zenean. Astebete batzutara ospitaleratua izan zen, inoiz zuzpertu ez zitzaion belauna hautsi ondoren. Marie-k erizain bezala lan egiten zuen Brno-ko ospitalean ezagutu ziren. Josef-ek baino zortzi urte gehiago zuen eta ezkontza txarra egin zuen. Gerra bukatu ondoren, Josef-ekin ezkondu zen. Eta haien artean betirako geratu zen erizainaren eta amaren zerbait. Ez zetozen langile familiatik; ezta langile familia osatu ere. Zenbat eta korapilatsuagoa zailagoa izan zen Alderdirako beraien bidaia: baina aurkitu egin zuten. Eta beste askok bezala Sobietar Batasunetik pasatzerakoan aurkitu zuten. Nazien okupazioa baino askoz lehenagotik bazekiten zer nahi zuten eta burkide alemaniarrak izkutatzen zituzten etxean. Garai gogorrenetan ere, Sobiertar Errepubika Sozialisten Batasunari eraso ondoren eta 1941.ko lehenengo setio egoeran, bere etxean batzen ziren Batzorde Zentraleko burkideak. Honza Zika, Honza Cerny-k, eta nik maizago, egiten genuen lo han. Hantxe, bere etxean, Rude Pravo idazten zen, hantxe hartzen ziren erabakiak eta hantxe ezagutu nuen lehenengo aldiz “Karel”: Cerny. Zuzenak, serioak eta erneak ziren; isilpean maiz gertatzen denez ustekabeko egoeraren bat sortzen zenean, beti bilatzen zuten irtenbidea. “Trenbideetako” enplegatu hori eta Vysusyl-eko “andereņo” hori, politika arazoetan murgilduta zeudenik, ez zitzaion inori bururatuko. Hala ere, ni baino geroxeago atxilotu zuten. Han, lehenengoz ikusi nuenean izututa gelditu nintzen. Hitzegingo balu, ondorioak larriak lirateke. Baina isilik eutsi zion. Lagun bati irakurtzeko eman zizkion manifestu batzurengatik atxilotua izan zen. Eta arazoa bere horretan geratu zen. Hilabete batzu geroago Pokorny-ko eta Pixova-ko indisziplina zela bide, Honza Cerny Vysusil andrearen aizparen etxean bizitzen egon zela jakin izan zenean, naziek bi egunez eta beraien erara Josef “itaundu” zuten, gure Batzorde Zentraleko azken mohikanoaren arrastroa ateratzeko asmoz. Hirugarren egunean “400”.era iritsi zen eta kezkaturik eseri: mindutako haragi gainetan benetan txarto eseritzen zara. Galdetuz eta animatuz begirada antsiatsua bota nion. Bere auzoa zen Zizkov-eko lexikoaz alaiki erantzun zuen: —Buruak nahi ez duenean, ez du ahoak ez ipurdiak hitz egiten. Bikote hau ondo ezagutu nuen. Banekien zenbateraino maite zuten elkar eta nahiz eta egun bat edo bitarako baino ez izan, zein nostalgiko sentitzen ziren bata bestearengandik banaturik zeundenean. Hala ere, hilabeteak igaroaz doaz eta zein tristea gertatu behar zaio bizitza emakume bakarti bati, Nusle-ko gela eroso haretan, bakartasuna pairatzea heriotza bera baino hiru aldiz gogorragoa den adin horretan. Zenbat amets saiatuko zituen bere senarrari laguntzearren, eta elkarri —pixkat irrigarriki, egia esateko— “amatxo” eta “aitatxo” deitzen zioteneko idilio aldia berreskuratzearren! Eta berriz, bide bakarra aurkitu zuen: lanari ekin, bien ordez lan egin. 1943.ko urteberri bezperan, Josef-en argazkia aurrean, senarra jesartzen zen leku berean bakarrik eserita, hamabietako kanpai hotsen zain zegoen. Eta entzun zirenean, senarraren osasunaren alde topa egin zuen, bera itzultzeagatik, askatasunaren eguna erdietsi ahal zezan. Hilabete beranduago atxilotua izan zen. “400”.ko jende asko dardaraka jarri zen, bera bait zen gartzelako kontaktuen arduraduna. Baina ez zuen ezer aitortu. Ez zuten kolpeka torturatu: oso gaisorik zegoen eta beraien eskuetan hilko zen eta. Zerbait ikaragarriagoz torturatu zuten: bere irudimena erasotuz. Bere atxiloketa baino egun batzu lehenago Poloniara, lanera, bidali zuten bere senarra. Eta zera esaten zioten: —begira, han jende osasuntsuarentzat ere bizitza latza da. Eta zure senarra elbarria da. Ez da aterako. Nonnahi hilko da eta ez duzu gehiago ikusiko. Eta nor bilatuko duzu zeure adinaz? Zentzuduna izan zaitez. Esan iezaguzu dakizun guztia eta guk berehala ekarriko dizugu. Nire Pepe gizajoa! Han hilko da Polonian batek daki non. Eta batek daki zein izango den bere heriotza. Nire ahizpa hil dute, orain nire senarra hiltzen ari dira. Bakarrik gelditu naiz, guztiz bakarrik. Nor aurki dezaket nire adinaz? Bakarrik, heriotzararte abandonaturik... eta nik salba dezaket. Ekarriko zenidakeen?, bai, baina zeren truke? Orduan, ez nintzateke neu izango eta ez eta bera ere nire “aitatxo”. Eta hitzik ere ez zuen esan. Gestapoko garraio anonimo haietako batetan desagertu zen. Handik gutxira, Josef Polonian hil zenaren berri jaso genuen.
Lida
Baxa-tarren etxera lehenengoz joan nintzenean, arratsaldez zen. Josefina zegoen bakarrik, Lida deitzen zen begi bizidun neskato argal batekin. Lida neskatoa zen oraindik eta denbora guztian kuriositatez nire bizarrari begira zegoen, pozik, nirekin batera bera diberti zezakeen gauza berri eta interesgarria etxera sartu zelakoan. Agudo egin ginen adiskide. Harriduraz jakin nuen neskatila honek ia hemeritzi urte zituela. Josefinaren ahizpordea zen eta Placha deitura zuen, nahiz eta Placha-tarrekin ezer gutzi eduki. Miretsi egiten zuen antzerkia eta antzerkizale bezala aritzen zen. Beraren konfidente bihurtu nintzen. —Gaztaroko bihotzminak eta ametsak— kontatzen zizkidan eta ahizparekin zituen eztabaidetan epailetzat jartzen ninduen. Neska gazteengan maiz gertatu ohi denez, bere jiteak eraginda aritzen zen eta antsiaz itxarotako eta atzerapenez iritsitako umeak izaten diren bezala oso mizke hasitakoa zen. Sei hilabete ondoren, etxetik paseatzera lehenengoz atera nintzenean lagundu ninduen. Errenka dabilen gizon heldu batek, bakarrik dabilenean baino bere alabarekin dabilenean harridura gutxiago sortarazten du. Begiradak alabarengana zuzentzen dira eta ez errenarengana. Arrazoi beragatik lagundu ninduen bigarren ibilaldian eta gero isileko lehen zitara. Eta lehenengo isileko etxera. Eta akusazio agiriak dioen bezala horrela iritsi zen Lida nire enlaze izatera. Atseginez egiten zuen. Ez zen gehiegi arduratzen horrek esan nahi zuenaz eta zertarako balio zuenaz. Zerbait berria zen, interesgarria, edonork egiten ez duen eta abentura kutsuko zerbait. Eta hori nahiko zitzaion. Huskeriak izan ziren bitartean, ez nion ezer esan nahi. Atxiloketa kasuan, ezjakintasunak “erruduntasun” kontzientziak baino aisago babestuko zukeen.
Baina Lida bere lanean trebatu egin zen. Jelinek-tarren etxera mezu bat eramateko buelta bat ematea baino zerbait gehiago egiten azkar ikasi zuen. Hala ere, horretarako, jakin beharko zuen zeri buruz zen ere. Eta Lida-k debozioz eta atseginez ikasten zuen. Itxura batez, betiko neska alaia, ernea eta pixka bat bihurria zirudien, baina bere barnean aldatua zen iadanik. Pentsatu egiten zuen. Eta sinetsi egiten zuen. Eginkizun batetan ari zelarik, Mirek ezagutu zuen. Mirek-ek, iadanik lan garrantzitsu bat egina zuen, zeinetaz oso ondo hitzegiten bazekien. Lida liluratzea lortu zuen. Dudarik gabe, Lida-ri ez zitzaion posible izan haren izaeraren egiazko muina ezagutzea, baina kasu honetan ni ere ez nintzen ezagutzeko gai izan. Garrantzitsua zera izan zen, Mirek, bere lanaz eta itxurazko sinetsitasunaz, beste mutilak baino Lida-rengandik hurbilago egon zela. Guzti hori, laster erne zen Lida-rengan eta sustrai sakonak bota zituen. 42. urtearen hasieran, herabeti, Alderdian sartzeko posibilitateaz galdetzen hasi zen. Sekula ez nuen ikusi hain kezkaturik. Sekula ez zuen ezer hartu horrenbesteko seriotasunaz. Nik zalantzak nituen oraindik. Bere ikaspena jarraitzen zuen. Anartean, aproban jartzen nuen. 1942. urteko Otsailean, Batzorde Zentralak zuzenean onartu zuen bere sarrera Alderdian. Etxera itzuliz gindoazen gau izoztu haretan. Lida, beti hain kontulari, ixilik zegoen, orduan. Azkenik, etxetik hurbil zeuden landetan gelditu egin zen eta ahopeka, elurrezko kristalen karraska sentitu ahal izateko bezain ahopeka, zera esan zidan: —Nik badakit neure bizitzako egunik garrantzitsuena dela. Une honetantxetik ez naiz neure buruaren jabe. Zin dagizut nire betebeharrari ez diodala, sekula, huts egingo. Datorrena datorrela. Gauza asko gertatu izan dira. Eta bere eginbeharrari ez dio hutsik egin. Harreman delikatuenak mantentzen zituen “goikoekin”. Eginbehar arriskutsuenak burutu zituen: etenda zeuden loturak berreskuratu eta mehatxupean zeuden burkideak salbatu. Zerbait sutan zegoenean, hara zihoan Lida aingira modura irristatuz. Bere aintzinako erara egiten zuen, bere desaxola alaiaz zeinaren azpian bere erresponsabilitate zentzua tinko finkatu bait zen. Ni baino hilabete beranduago atxilotua izan zen. Mirek-en aitorpenek Lida jarri zuten ikusmiran, eta geroztik ez zen bat ere zaila izan bera izan zela haizpari eta koinatuari klandestinitatera pasatzen eta ihes egiten lagundu ziena ondorioztatzea. Burua astinduz, tentu handiz bete zuen ondorio larririk ekar zitekeen galerazitako zerbait egiten ari zen ideiarik gabeko neskatila axolagabearen papera. Asko zekien baina ez zuen ezer aitortu. Eta batez ere, lana egiteari ez zion utzi. Ingurunea aldatu egin zen. Baita ere lan metodoak eta beraz, eginkizunak. Baina berarentzat Alderdi kide bezala zuen betebeharra ez zen aldatu: eskua eskuaren gainean gelditzerik ez zegoela, zelakoa zela lan saila. Bere eginkizun guztiak egiten jarraitzen zuen sakrifizio, arintasun eta zehaztasunez. Kanpoko norbait salbatzearren nahaspilatutako egoeraren bati aurpegi ematea beharrezkoa izanez gero, beste baten “errua” Lida-k eramaten zuen, apartekorik ezer ez balitz bezala. Pankrac-ko gartzelako ordenantza izendatu zuten eta bere eskuhartzeari esker, ez ezagunak zituen dezenaka pertsona atxilotuak izatetik libratu ziren. Lan honetan ia urtebete zeramanean, bidean harrapatutako “mezu” batek amaiera jarri zion bere “karrerari”. Gurekin doa auzategira orain, Reich-era. Askatasuna lortzeko esperantza juztifikatuak dituen gure talde handiko bakarra da. Gaztea da. Gu ez bagara, ez ezazue utz gal dadin. Askoz ere gehiago ikasi behar du. Irakatsi iezaiozue. Ez iezaiozue utzi geldiarazten. Eta bidera ezazue. Harro bihurtu eta egin duenarekin betirako asetuta sentitzea, galerazi iezaiozue. Froga gatxenetatik pasatu da. Suzko frogetatik. Eta tenple ona duela erakutsi du.
Nire komisarioa
Hau ez dago Figuren artean. Figuratxo interesgarria da, besteak baino garrantzi pixka bat handiagokoa. Orain dela hamar urte, Pragako Flora kafetegian mahai gainean txanpon hotsa ateratzen zenuenean: “Mutiko, kontua!” oihukatuz, zure alboan berehala agertzen zen mahai artean aingira bezala igerian egiten zuen beltzez jantzitako tipo garai eta argala, kontua aurkeztuz. Katu mugimenduak, azkarrak eta isilak zituen eta begi sakonak, dena ikusten duen basapiztiarenak. Ez zenuen zure desioak adierazi beharrik ere. Berak agintzen zien kamareroei: “Hirugarren mahaian, kafesne bat”; “Ezkerrean, leiho ondoan, pastelak eta Lidove Noviny”. Bezeroentzat zerbitzari ona zen eta lagun ona beste enplegatuentzat. Garai hartan , ez nuen ezagutzen oraindik. Askoz beranduago, Jelinek-tarren etxean ezagutu nuen, lapitzaren ordez pistola eskuan zuela eta pistolaz apuntatuz, esaten zenidanean: —... hori da, gehien interesatzen zaidana.
Egia esan, ba genuen elkarrekiko interesik. Adimen naturala zuen eta besteen gainetiko abantaila: jendea “ezagutzeko” usaimena. Polizia kriminalekoa izan baldin balitz, arrakasta handiak lortuko zituen seguraski. Lapur edo hiltzaile txikiek, klasegabetutakoek eta gizartearengandik baztertutakoek ez zuten honi barrena hustutzeko zalantzarik izango, jende hauek norberaren burua salbatzeko baino ardura gehiagorik ez dute eta. Baina Polizia politikoaren erpeetan, “ahal duzun bezala salba zaitez”, pentsatzen duen tipo gutxi jausten da. Hemen, polizi maltzurkeria ez da presoaren maltzurkeriaz, soilik, neurtzen. Askoz ere indar gehiagoz neurtzen da: uste osoaz eta parte hartzen duen komunitatearen zuhurtasunaz, hain zuzen. Eta horren aurka, ez maltzurkeria ez kolpeak dira nahiko. “Nire komisarioarengan” ez duzu sineste propiorik eta sendorik aurkitzen. Ez berengan ez besteengan. Eta kasualitatez, haietatik baten batengan sinetsitasunik aurkitzen baldin baduzu, ergelkeriari lotuta joango da eta ez zuhurtasunari ez ideien eta gizonen ezagutzeari. Hala ere, arrakastaren batzu lortzen bazituzten, leku txikian eta luzaroan egin beharreko burrukan beste edozein egoeran ez legaletan izan daitezken baldintzak baino askoz zailagoak zirelako, izaten zen. Errusiar boltxebikeek, klandestinitatean bi urte irauten zuena zela militante ona, esaten zuten. Gainera, lurrak bere oinpean, Moscun, dardara egiten baldin bazuen, desager zitekeen eta Petrogradora joan eta Petrogradotik Odesara, inork ezagutzen ez zuen miloika biztanleetako hiri handietan galduz. Baina hemen Praga besterik ez duzu, non jende gehienak ezagutzen bait zaitu eta probokatzaile aldra bil daiteke. Hala ere, urtebete osoetan eutsi diogu; Gestapok aurkitu gabe bostgarren urtebetea ilegaltasunean bizi diren burkideak ere badaude. Asko ikasi dugulako da posible, egia esan. Baina, halaber, etsaiak nahiz eta boteretsua eta krudela, suntsitzea baino ez dakielako. II-A-I sekzioan, komunismoaren etsai amorratuen jokabideagatik ezagutzen diren hiru daude. Barneko etsaiaren aurkako gerran izan zuten adoreagatik erroseta beltza, zuria eta gorria daramate. Friedrich, Zander eta Josef Bohm “nire komisarioa” dira. Hitlerren Nazional Sozialismoari buruz gutxi hitzegiten dute. Dakiten guztia. Ez dute burrukatzen ideal politiko batengatik. Beraiengatik burrukatzen dute. Bakoitzak bere erara.
Zander —behazuna beti geldigatz daukan sagua—, polizi-metodoez gehien dakiena da. Baina finantza operazioez, askoz ere gehiago daki. Pragatik Berlinera hilabete batzutara trasladatua izan zen, baina itzultzen saiatu zen. Reicharen hiriburuko zerbitzuak desohorea suposatzen zuen berarentzat. Eta finantza galtzea. Afrikan edo Pragan edozein kolonia-enplegatu, Figura boteretsua da eta banketxean dirua sartzeko posibilitate handiagoa du. Saiatua da, izan, eta bere ardura erkustearren gosaltzen dagoen bitartean itauntzea gustatzen zaio. Eta ardura hori erakutsi beharra du, bulegotik at arduratsuago aritzen dela kontura ez daitezen. Gizajoa bere eskuetan jausten dena eta are gehiago etxean Aurrezki Kutxako libreta edo beste balore batzu baldin baditu. Lehenbaitlehen erahil behar da, Zander-en grina Aurrezki libretak eta baloreak baitira. (Alde honetatik enplegatu zuhurrena kontsideratzen da. Horretan, kontzentrazio esparruko bere laguntzailearen desberdina da, Smola txekiar itzultzailea, dirua hartuz gero bizitza eskatzen ez duen pirata-gentleman-arengandik desberdina).
Friedrich: tipo garaia, argala eta beltzarana, alproja begiak eta lotsagabekoaren irribarria, 1937. urteko egun batetan heldu zen Errepublikara, Gestaporen espia bezala, alemaniar emigratuen burkideen garbiketan laguntzeko. Ez du ezagutzen errugabekorik. Bere bulegoko ataria pasatzen duena erruduna da. Emazteei, beraien senarrak kontzentrazio esparru batetan hil direla edo urkatuak izan direla komunikatzea, gustatzen zaio. Gozatu egiten du mahaiko kaxoitik zazpi atabaka ateratzekoan eta erakutsiz atxilotuei esaten dienean: —Zazpi hauek, hil arte kolpatu ditut nire esku hutsez. Hi izango haiz zortzigarrena. (Orain zortzi dira, Jan Zika hil bait zuen). Espediente zaharrak erabiltzen gozatzen du; hildako baten espedientea ikusten duenean: konpondua. Konpondua, esaten du, poztasunez. Emakumeak torturatzen gozatzen du, batez ere. Luxuarekiko daukan zaletasuna, bere polizi aktibitatearen laguntzazko motore txikia besterik ez da: ondo hornitutako etxebizitzak ala ehun komertziok zure heriotza aurreratu egiten dute, horixe da dena. Nergr, kontzentrazio esparruko bere laguntzaile txekiarra, bera baino buru-erdi txikiagoa da. Hori garaierari dagokionean. Baina bestela ez dago ezelako desberdintasunik beraien artean. Bohm, “nire komisarioa” ez da diru ez hil zale, nahiz eta bere zerrenda aurrekoena baino laburragoa ez izan. Norbait izateko desioak menperatutako abentureroa da. Gestaporentzat ere aspaldidanik lan egiten zuen. “Salon Napoleoniko”-n zerbitzari bezala egiten zuen lan eta Beran-en elkarrizketa konfidentzialetara joaten zen. Beran-ek Hitlerri esan ez ziona Bohm-ek osatu zuen. Baina, zer zen guzti hura gizonaren ehizarekin konparatuz, bizitzaren eta heriotzaren jabe sentitzen denean, familia osoen zoria erabaki ahal duenean? Asetuta gelditzeko, ez zen beti beharrezkoa gauzak horren tristeki bukatzea. Baina baldin ez bazuen bestetara nabarmentzea lortzen, txarrena itxaro zezakeen. Zer balio du edertasunak eta bizitzak, Erostratoren ospearen ondoan? Berak bakarrik antolatu zuen probokatzaile sare zabalena. Ehiztaria ehiza txakur oralde handi batekin. Eta ehizan aritzen zen. Maiz, ehizatzearen atsegintasunagatik, soilik. Itaunketak askotan aspergarriak ziren berarentzat. Atxilotzea: hori zen bere maisulana. Eta gero, bere erabakiaren zain jendea ikustea gustatzen zitzaion. Behin tranbia eta trolebusetako berrehun txofer eta kobratzailea atxilotu zituen. Lanean ari ziren bitartean harrapatu zituen trafikoa geldiaraziz eta garraio guztian ikara sorraraziz. Nolako zoriontsua sentitzen zen! Ondoren, ehun eta berrogeitamar askatu zituen ehun eta berrogeitamar familik gizon on batetaz bezala hitzegin zezaten. Gehienetan horrelako kasu zabalak zituen baina garrantzirik gabekoak. Ni, kasualitatez atxilotua, salbuespena nintzen. —Hi haiz nire kasurik garrantzitsuena —sarri esaten zidan zintzotasun osoz—. Ni kasu garrantzitsuenetarikoa bezala klasifikatzeaz harro zegoen. Eta seguraski, horrek bizitza luzatu egin dit. Etengabe eta gogoz gezurrak esaten genizkion elkarri. Nik beti nekien; berak batzuetan soilik. Baina gezurra nabaria zenean, isileko akordioz bezala, baztertu egiten genuen. Uste dut egia jakitea itzalen batek “bere kasu nagusia” ilundu zezakela baino gutxiago axola zitzaiola. Makila eta burdina ez zituen kontsideratzen itauntzeko gailu bakarrak bezala. Gehiago gustatzen zitzaion modu konfidentziala ala mehatxuak, kasuen arauera, “bere” gizonaren estimaren arauera. Ni sekula ez ninduen torturatu, lehenengo gauean ezik, agian. Baina interesatzen zitzaionean besteengana bidaltzen ninduen, helburu horrekin. Dudarik gabe, besteak baino interesgarriagoa eta konplexuagoa zen. Irudimen aberatsagoa zuen eta erabiltzen ere bazekien. Elkarrekin joan ginen asmatutako zita batetara Branik-era. Han, ostatu batetan eseri ginen aire librean, gure ondotik jendea nola ibiltzen zen begiratzen. —Atxilotu haut —esaten zidan— eta begira: ezer aldatu al duk? Jendeak lehen bezala paseatzen du, barre egiten du, lehen bezala beraien ardurak dituzte. Mundua aurrera doa zu inoiz existitu ez bazina bezala. Seguraski, beraien artean zure irakurle bat baino gehiago egongo da. Eta hi haizela eta, zimur bat gehiago edukiko dutela uste al duk? Beste batetan, eguna itaunketan igaro ondoren, kotxe batetan sartu ninduen eta Praga osoa zeharkatuz Hradcany-ra eraman ninduen, Neruda kalearen goiko aldera: —Bazekiat Praga maite duala. Begira ondo! Ez al duk nahi inoiz itzultzea? Zein ederra den. Eta hi gabe ere berdina izango duk... Zirikatzaile papera ondo betetzen zuen. Udako arratsalde haretan udazkenaren hurbiltasuna somatzen zen Pragan. Tonu urdinez bildurik zegoen hiria, heldutako mahatsak bezala hautseztatua eta ardoa bezain hordigarria. Munduaren bukaera arte begiratzea nahi izango nukeen... Baina moztu egin nion: —... eta ederragoa izango da zuek joaterakoan. Bohm-ek barre egin zuen une batez. Ez gaiztakeriaz, baizik eta tristuraz, honela esan zuen: —Ziniko bat haiz. Beste zenbait aldiz, arratsalde hartaz hitz egin zuen: —Gu hemen ez garenean... Baina ez al duk, oraindik, gure garaipenean sinesten? Berak ere, iadanik sinesten ez zuelako galdetzen zidan. Eta adi entzijn zidan, Batasun Sobietarren garaitezineko indarrez hitzegin nionean. Izan ere, hauxe izan zen nire azkenengoetariko “itaunketa”.
Tiranteak - Interludioa
Nire aurreko zeldako ate aurrean tirante batzu daude esekita. Gizonentzako tiranteak, guztiz arruntak. Inoiz gustatu ez zaidan jantzia. Baina orain, norbaitek gure zeldako atea irekitzen duen bakoitzean, atseginez begiratzen diot: esperantza izpi bat ikusten bait dut. Atxilotzen zaituztenean jo egiten zaituzte —batzutan heriotzararte— baina lehenago, gorbata, gerriuhala eta tiranteak kentzen dizkizue urka ez zaitezen, nahiz eta izaratik eskegi ahal izan. Heriotzazko tresna harriskugarri hauek gartzelako bulegoan gordeta gelditzen dira Gestaporen “Parca” anonimo batek beste lekuren batetara bidaltzea erabakitzen duen arte: lanera, kontzentrazio esparrura edo urkabera. Orduan deitu egiten zaituzte eta dignitate ofizial handiz zure tiranteak, gorbata eta gerriuhala itzultzen dizkizue. Baina zure zeldara eramateko eskubiderik ez duzu: kanpoan eskegi behar dituzu, ate ondoan edo aurreko eskudelean eta hantxe egongo dira, ikuskizun, zure abialdira arte, zeldako egoileren baten gogoz kontrako bidaia hurbilaren ageriko ezaugarri gisa. Aurrean zeuden tiranteak, Gustinaren zoria jakin nuen egun berean agertu ziren. Tirante hauen jabea Gustina lanera doan konboi berberean joango da. Konboia ez da atera oraindik. Atzeratua izan da, dirudienez, lana egiteko lekua bonbaketek triskatu dutelako. (Beste perspektiba eder bat). Inork ez daki noiz aterako den. Agian, gaur arratsaldean bertan edo bihar edo beste astebete edo hamabost egun barru izan daiteke. Aurreko tiranteak beti daude eskegita. Eta badakit: ikusten ditudan bitartean, Gustina Pragan izango da. Horregatik poztasunaz eta maitasunaz begiratzen ditut, Gustinari lagun egiten ari den norbait bezala. Egun bat, egun bi, hiru... irabazten ditu. Nork daki, beste egun batek salba egin dezake, agian! Gu guztiok hemen bizi gara atmosfera honetan. Gaur, hilabete da... urtebete da... etengabe gure itxaropena finkatzen den biharamunera begira. Zure zoria erabakita dago. Etzi fusilatua izango zara. A, baina! Zer da bihar gerta daitekeena? Biharrera heltzea, soilik, bihar alda bait daiteke; egongaitza da dena, bai, nork daki bihar gerta daitekeena! Eta biharkoak iragan egiten dira. Milaka jausi egiten dira. Milakarentzat ez da iadanik biharkorik, baina bizirik jarraitzen dutenek esperantza finkoz bizitzen jarraitzen dute: bihar; nork daki bihar zer gertatuko ote den. Honela sortzen dira ipuin fantastikoenak: astebete bakoitzean kolore arrosako data batek gerraren azkena iragartzen du eta bakoitzak ahoa zabalik hartzen du; astero, Pankrac-ko gartzelak berri harrigarriren bat marmaratzen du, sinesteko ezin atseginagoa. Honen aurka, itxaropen faltsuen aurka burrukatzen duzu ez dutelako adoratzen baizik eta, alderantziz, nortasunak ahultzen dituelako; baikortasunak ez du behar gezurrik eta ez dauka gezurrez elikatu beharrik, baizik eta egiaz, dudarik gabekoa den garaipenaren ikuspuntu argi batez. Baina funtsezkoena zure baitan dago: egun bakar batetan era batekoa izan dakizuken sineskera eta gainditzen duzun egunak utzi nahi ez duzun bizitza eta mehatxatzen zaituen heriotzaren arteko muga gainditzen lagunduko dizula. Hain egun gutxi du gizabiziak! Eta, hala ere, hemen, azkar, ahalik azkarren igaro daitezela nahi duzu. Igarotzen den denbora, etengabe odolerazten zaituen ohartezinezko denbora, hemen zure laguna da. Zein arraroa! Biharkoa, atzoko bihurtu da. Etzikoa gaurko. Egun bat gehiago igaro da. Tiranteak zintzilik daude, oraindik, aurreko ate ondoan.
Urkamendira bideko erreportaia |