|
Urkamendira bideko erreportaia
VI. KAPITULUA 1942.eko setio egoera
1943.eko Maiatzak 27
Duela urte bete doi-doi. Itaunketatik, behera, “zinemara”, eraman ninduen. “400”.etik egunero egiten genuen bidaia zen: eguerdian, behera, Pankrac-tik eramandako bazkarira eta arratsaldez berriro laugarren solairura. Baina egun hartan ez ginen gora itzuli. Eserita zaude eta jan egiten duzu. Goilarea erabili eta mamurtzen ari diren presoz beterik daude bankuak. Ia ia gizatiarra dirudi. Bihar hilik egongo diren guztiak eskeleto bilakatuko balira, goilaren eta katiluen tintin hotsa, bapatean desagertuko litzateke, hezurren birrikinatze eta masailhezurren klaskada sikuen artean. Baina, oraindik, ez zuen inork somatzen. Guztiek janariari ekiten zioten, astebeteak, hilabeteak eta urteak oraindik bizirik irauntekotan. Eguraldi ona, esan zitekeen. Ondoren haize bolada handia eta berriz isiltasuna. Zaintzaileen aurpegiagatik, soilik, asma zitekeen zerbait gertatzen zela. Geroxeago, deitu egiten gaituzte eta erreskadan jartzen, eguerdian Pankrac-era bidaltzeko. Ezohizkoa da. Itaunketa gabeko eguerdia, erantzunik gabeko galderetaz nekatuta zaudenean. Jaungoikoen oparia bezala da. Baina ez da. Korridorean Elias jenerala aurkitzen dugu. Begiak bizi bizi ditu. Ikusten nau eta zaintzaile taldearen artean zera marmaratzen dit: —Setio egoera. Presoek, beraien komunikazio garrantzitsuenetarako, segundu frakzioak baino ez dituzte. Nire galdera mutuari ezin zaio erantzunik eman. Pankrac-ko zaintzaileak harrituta azaltzen dira gure itzulera goiztiarraz. Zeldara naramanak konfidantza gehiago ematen du. Ez dakit, oraindik, nor den. Baina entzun dudana esaten diot. Burua mugitzen du. Ez daki ezer. Baliteke oker entzun izatea. Bai, izan daiteke. Horrek lasaitu egiten nau. Arratsalde berean zeldara itzultzen da eta zera esaten du: —Arrazoia zenuen. Heydrich-en aurkako atentatua. Larriki zauritua. Setio egoera Pragan. Biharamunean, iladan jartzen gaituzte, behean, korridorean, itaunketara eramateko. Viktor Synek burkidea ere, gure artean aurkitzen da, 1941.eko Otsailean atxilotua eta Alderdiaren Batzorde Zentraleko azken kide bizia. Gartzelako giltz zaintzaileak, S.S.ko uniformez jantzirik, paper zuri bat mugiarazten du bere begi aurrean, non letra handiz, honako hau irakur daitekeen: Entlassungsbefehl [Bajako ordena]. Barre egiten du, zakarki. —Ikusten duk, judatar hori; ez duk alferrik itxaron: bajan jartzeko ordena! Zas... Eta Viktor-ren burua gorputzarengandik banatuko den samako lekua hatzaz markatzen du. Otto Synek izan zen, 1941.eko setio egoeran lehen erahildakoa. Viktor, bere anaia, 1942.eko setio egoerako lehen biktima da. Mauthausen-ra garraiatzen dute. “Ehizarako”, sotilki esan ohi dutenez. Pankrac-tik Petschek-erako joan etorria milaka eta milaka presorentzat eguneroko kalbarioa da. Zaintzen, autoz, joaten diren S.S.ak, “Heydrich-renagatik beraien mendekua hartzen dute”. Furgoi zelularrak kilometroa egin orduko hamar presoei ahoetatik odola ixurika darie eta buruak errebolber kulataz apurtuta dituzte. Nire noizbehinkako presentzia furgoian, abantaila da besteentzat, nire bizar iletsuak S.S.ak erakarri eta xelebrekeriak egitera bultzatzen bait ditu. Nire bizarrari auto baten eskutokiari bezala heldu eta bortizki astintzea, plazeretatik gogokoena gertatzen bide zaie. Niretzat, itaunketarako prestaketa ona dira. Itaunketok, egoera orokorraren ildotik izan ohi dira eta beti lelo berdinaz bukatzen dira: —Bihar zentzudunago ez bahaiz, fusilatua izango haiz. Honetan, dagoeneko, ez dago ikaragarririk ezer. Arratsaldero, behean, korridorean, izenen deia entzuten duzu: berrogeita hamar, ehun, berrehun pertsona kateatuta kamioetara jasotzen dituzte hiltegira destinatutako abereen gisa. Kobylisy-ra eramaten dituzte hantxe burutzen bait dira hiltze sumarioak. Hoien errua? Errurik ez izatea, nagusiki. Atxilotuak izan dira, inolako prozesupean ez daudenez, ez dira beharrezkoak lekuko gisa eta beraz aukerakoak dira heriotzarako. Atentatua baino bi hilabete lehenago burkide batek beste bederatziri irakurri zien olerki satirikoa izan zen, atxiloketaren arrazoia. “Atentatua onestearren”, hamarrak hiltzera daramatzate. Duela urte erdi, emakume bat manifestu ezlegalak banatzen zituen susmoagatik, detenitua izan zen. Berak ezeztatu egiten du. Orduan, ahizpak eta nebak, ahizpen senarrak eta neben emazteak atxilotu egiten dituzte eta denak hiltzen, setio egoera honen agindua familia osoak akabatzea bait da. Errorez atxilotutako postaria, behean dago, pareta ondoan, askatasunaren zain. Bere izena entzuten du eta deiari erantzuten dio. Heriotzara kondenatutakoen iladan jartzen dute, eramaten dute, eta fusilatu egiten dute. Eta biharamunean, konturatzen dira izen berdinak direla medio nahastu egin direla eta fusilatua beste bat izan behar zuela. Beste hori ere fusilatu egiten dute eta kitto. Nork galtzen du denbora bizitza kendu behar zaion jendearen identitatea jakiten? Gainera, ez al da premia gabekoa, nazio osoari bizitza kentzea kontua denean? Itaunketatik goizaldean itzultzen naiz. Behean, pareta ondoan, arropak oin-tartean dituelarik, Vladimir Vancura idazlea dago. Ondotxo dakit horrek zer esan nahi duen. Hark ere ba daki. Eskua ematen diogu elkarri. Korridorearen goialdetik ikusten dut, azkenengoz. Hortxe dago, burua makurtuta, bere bizitza osoa zeharkatzen duen begirada luzeaz. Ordu erdi beranduago bere izenaz deitzen diote... Handik egun batzuetara, leku berean, Milos Krasny dago, iraultzaren soldadu ordaltsua, ihazko Urrian atxilotua ez tortura ez zigor ziegaz ezin mendaratu izan dutena. Korridorera erdi begira, bere atzekaldean dagoen zaintzaile bati, lasaiki, zerbait azaltzen ari da. Ikusi egiten nau, irribarre egiten du, burukeinu batez adio eginaz, eta jarraitzen du: —Guzti honek ez dizue ezertan lagunduko. Gure arteko asko jausiko dira oraindik baina zeuok izango zarete garaituak... Eta berriro, eguerdian, Petschek Jauregiko behealdean jatekoaren zain gaude. Elias jenerala dakarte. Besapean egunkaria dakar eta irribarrez seinalatzen du: Egunkariaren bidez jakin izan du atentatua egin dutenekin duen “harremanen” berri. —Lelokeriak —dio laburki eta jateari ekiten dio—. Gauza berberaz alaiki hitzegiten du arratsaldean, Pankrac-era besteekin itzultzerakoan. Ordu bete beranduago, zeldatik atera eta Kobylisy-ra daramate. Hildakoen kopurua gehituz doa. Iadanik ez dira ez dezenaka ez ehundaka kontatzen, milaka baizik. Odolak, beti freskua, piztien sudurrak ernarazten ditu. Goizaldeko orduetan ere jendea bidaltzen dute. Igandeetan ere eramaten dituzte. Orain, denek daramate S.S.ko uniformea. Beraien jaia da, sarraskiaren jaia. Langile, baserritar, irakasle, idazle, enplegatuak, heriotzara bidaltzen dituzte; gizon, emakume eta umeak hiltzen dituzte; familia osoak desegiten dituzte; baserri osoak errautsi eta erretzen dituzte. Berunez hiltzea, herrialdetik izurria bezala barreiatu da eta ez du aukerarik egiten. Eta horrore honetan, gizonak zer? Bizi. Sinestezina. Baina, bizi, jan, lo egin, maitatu, lan egiten du eta gainera heriotzaz ezer ikusirik ez duen milaka gauzetaz pentsatzen du. Agian, ikaragarrizko karga jasango du bere lepoan, baina burua jeitsi gabe, bere pisupean erori gabe. Setio egoerako erdialdera, “nire komisarioak” Branik-era eraman ninduen. Ekaineko hilabete ederra, ezkien usain gozoek eta arkazien beranduzko loreek lurrineztatzen zuten. Igande arratsaldea zen. Errepidea, tranbien geltokietan, ez zen nahikoa, ibilalditik itzultzen zen jendetza presatiarrarentzat. Zaratatsu, alai, gozoro nekatuta, ur, eguzki eta izaki maitearen besoak besarkatuta itzultzen ziren. Heriotza, eta heriotza soilik, beraiek mehatxatuz inguru-marika zebilen heriotza hain zuzen, horixe zen beraien aurpegietan isladatzen ez zen gauza bakarra. Untxiak bezain saltari eta ponpox mugitzen ziren. Untxiak bezala. Eskua luzatu eta hoietako bat hautatu, zure janguraren arabera. Zokoratu egiten dira, baina berehala betiko harat honari ekiten diote, beraien kezka, poz eta bizi nahiaz. Presondegiko mundu harresitutik bapatean jendetzara eramana izan nintzen eta, haseran, bere eztitasun beatifikoa saminduraz dastatu nuen. Ez zen bidezkoa; ez, ez zen bidezkoa. Bizitza zen nik han ikusten nuena; presio ikaragarri bateri menparatutako bizitza, indargabetuta batentzat eta hazkorra beste dozena batentzat. Heriotza baino gogorragoa den bizitza. Eta hori ez da mingotsa. Gainera, gu geu, ziegetan, terrore bizian, beste mota batekoak al gara? Batzutan poliziaren autobusetan joan nintzen itaunketara eta zaintzaileak moderazioz aritzen ziren. Leihatiletatik, kaleak, dendetako erakustokiak, lore kioskoak, jendetza, emakumeak begiratzen nituen. “Bederatzi pare berna eder konta ahal baditut” —esan nion behin neure buruari— gaur ez naiz exekutatua izango. Eta gero, kontatzen nituen, begiratzen nituen, konparatzen nituen, zehatz-mehatz aztertzen nituen beraien formak eta interes suhartsuaz onartu edo errefusatzen nituen, ez nire bizitza horren menpean balego bezala, baizik eta bizitzaz zer ikusirik ez balu bezala. Gehienetan, berandu itzultzen nintzen zeldara. Pesek aita iadanik kezkatsu izaten zen, bere buruari zera galdetzen: itzuliko al da? Besarkatzen ninduen; hitz gutxitan berriak kontatzen nizkion, nor gehiago jausi zen atzo Kobylisy-n. Ondoren, jangura basatiaz jaten genituen egoskari lehor nazkagarriak, abesti alaitsuak kanta eta datoen joko zoro hortaz jokatzen genuen. Arratsaldez, hain zuzen, edozein momentutan, ireki zitekeen zeldako atea eta gutariko batentzat heriotzaren mezua iritsi. —Hi ala hi, behera! Bil ezak guztia. Azkar. Oraingoan ez digute deitu. Izualdi honetatik bizirik atera gara. Harriduraz gogoratzen ditugu, gure sentimenduen gainetik. Nola eginda dagoen gizona, jasanezina ere pairatu bait dezake! Baina ez litzatekeen posible momentu haiek sakoneko aztarnarik gugan ez uztea. Agian, pelikula karrete bat bezala gure burmuinean izkutatuta egongo dira eta egun batetan desbiribiltzen hasiko dira, egun batetan bizitza errealean erotasunera arte desbiribiltzen, bizitzea lortzen baldin badugu. Eta, agian, hilarri handia bezala ere ikusiko ditugu, hazi hain ederrak erainak izan diren lorategi berdea bezala. Erne egingo diren hazi guztiz ederrak.
Urkamendira bideko erreportaia |