Urkamendira bideko erreportaia
Julius Fucik

euskaratzailea: Elena Ituarte
Txalaparta, 1988

 

IV. KAPITULUA

400.a

 

      Berbizkundea gertaera zerbait berezia da, hain berezia ezen deskribatzea ezinezkoa bait da. Lo ondo egin ondoren goiz eder batetan mundua xarmant ikusi ohi da. Baina eguna ederragoa izango balitz bezalakoa da hau, sekula baino hobeto lo egin balu bezala. Bizitzaren eszenatokia ondo ezagutzen zenuela iruditzen zitzaizun. Baina hau, argikuntza zuzendariak kristal argiz hornitutako erreflektagailu guztiak batera piztuko balitu bezala da eta bapatean zure aurrean argiz betetako eszena bat jarriko balu bezala. Zuri ondo ikustea iruditzen zitzaizun. Baina zure begi aurrean prismatikoak bazenitu eta aldi berean mikroskopio baten bitartez begiratuko bazenu bezalakoa da. Berbizkundea guztiz udaberrikoa da eta udaberrian bezala paisaia ezagunetan ere ustegabeko enkantuak agirian jartzen ditu.

      Eta hori, une batetarako baino ez dela jakinarren ere. Inguratzen zaituena, Pankrac-ko gartzelako zelda bat bezain atsegina eta aberatsa bada ere.

      Baina azkenean, egun batez kanpora aterako zaituzte, mundura. Egun batez, itaunketarako deituko zaituzte. Ohatila gabe joango zara eta nahiz eta gezurra irudituko zaizun, ia zure zangoz ibiliko zara. Eskudel bat dago korridorean eta beste bat eskaileran. Eta zu, egia esan, ibili baino gehiago lau hankaz arituko zara tatarrez. Behean zutaz arduratuko diren beste preso batzu izango dira eta kotxe-zelularrareraino eramango zaituzte. Eta ondoren, hamar edo hamabi pertsonarekin bueltak ematen dituen ziega ilun batetan eserita aurkituko zara, aurpegi berriak irrifar egingo dizue eta zuk haiei. Norbaitek zerbait xurxulatuko dizu eta zuk ez duzu nor den jakingo. Beste bati eskua emango diozu eta ez duzu nor den jakingo. Eta azkenez kotxea Petschk Jauregiko ateondo handitik sartuko da zartada batez. Burkideek jeitsiko zaituzte. Pareta bilusiak dituen gela zabal batetara sartuko zarete. Bost banku bata besteen atzean. Eta presoak bankuetan tinko eserita, eskuak belaunetan dituztelarik aurreko pareta bilusian begiak josita... Eta hau da, mutil, zure mundu berriaren atal bat, “zinema” deitutakoa.

 

 

1943. urteko
Maiatzaren Lehenaren
interludioa

 

      Gaur 1943. urteko Maiatzaren Lehena da. Idazten uzten didan zaintzaile bat ari da zerbitzua egiten. Hau zortea! Berriz kazetari komunista sentitzen naiz eta une labur batez eta mundu berriaren burruka indarren Maiatzaren Leheneko desfileari buruz txosten bat idatz nezake. Ez ezazue espero aireraturiko banderez hitzegin dezadan. Horrelakorik ez dago. Entzuteko hain atseginak diren heroitasun ekintza horiek ere ezin dizkizut kontatu. Gaur askoz ere sinpleagoa da dena. Ez dago aurreko urteetan, Pragako kaleetan bat batera sartzen ikusten nuen milaka burkide oldartsu eta dardaratsurik ez eta Moskuko Plaza Gorria gainezkatzen ikusi dudan hainbeste burkideren jendetzarik ere. Ez dago ez miloika ez ehundaka ikusterik. Hemen zenbait burkide soilik ikusten duzu, gizon eta andre. Baina hala ere, ez dela garrantzi txikiagokoa sentitzen duzu. Ez da, une honetan suzko froga gogorraren menpe dagoen indarren errebista delako, errauts baino altzairu bilakatzen delarik. Gerrako luebakietako errebista da. Eta luebakietan kanpainako uniforme grisa erabiltzen da.

      Baina guzti hau zehetasun txikiaz osaturik dago eta ikusi ez baduzu, irakurtzerakoan ez duzu ulertuko agian.

      Hala ere, saia zaitez ulertzen. Sinetz iezadazu: indar handia dago.

      Alboko zeldaren goizeko agurra, Beethoven-en bi konpas izaten dira eta gaur arranditsuago, esanguratsuago entzuten da, paretak ozenkiago bidaltzen bait du.

      Daukagun hoberenarekin janzten gara. Eta zelda guztietan gauza bera gertatzen da.

      Zeldako ate irekiaren aurretik ordenantzak pasatzen dira ogia, kafea eta ura ekarriaz. Skorepa burkideak bi ogi zati eman beharrean hiru ematen digu. Maiatzaren Leheneko bere agurra da, gizaseme abegikor baten agur eragilea. Ogi zatien azpian hatzamar batek bestea sakatzen du. Hitzegitea galerazita dago. Haiek zure begiradak ere zaintzen dituzte. Baina mutuek, ez al dute argi ulertzen hatzen bitartez?

      Patioan, zure zeldaren leihopean, emakumeak korrikan sartzen dira ordu erdiko gimnasiarako. Mahai gainean zutitu naiz eta burdinen artetik ukabila altxatzen dute, agurtzeko. Keinua errepikatu egiten dut. Behean, patioan, aparteko animazioa dago gaur, guztiz berria; beste egunetan baino askoz ere animazio alaiagoa. Emakume zaintzaileak ez du ezer somatzen edo agian ez du ikusi nahi. Hau aurtengo Maiatzaren Lehenaren gure manifestazioaren atal bat da.

      Eta orain gure ordu erdiko gimnasia. Irakasle neu naiz. Mutilok, Maiatzaren Lehena da eta ez gara hasiko beste egunetan bezala. Zer axola zaintzaileak ohartzen badira. Lehenengo ariketa: bat, bi; bat, bi: mailuaren kolpeak. Bigarrena: segatu. Mailua eta igitaia. Irudimen apur batez, burkideek ulertuko dute, agian. Mailua eta igitaia. Nire ingurura begiratzen dut. Irribarre egiten dute eta ariketa sutsu errepikatzen. Ulertu didate. Hona hemen, mutilok, Maiatzaren Lehenaren gure promesa. Eta pantomima hau, Maiatzaren Leheneko gure promesa da, zeinari zintzo jarraituko bait gatzaizkio, nahiz eta heriotzara joan.

      Berriz zeldan. Bederatzirak dira. Une honetan Kremlin-eko erlojuak hamar dangada jotzen ditu eta Plaza Gorrian desfilea hasiko da. Aita: haiekin bat egin gaitezen! Han, une honetan Internazionala kantatzen ari dira; une honetan, Internazionalak mundu guztian durunditzen du. Gure zeldan ere durundi dezala! Kantatzen dugu. Kanta iraultzaileak bata besteen atzetik ateratzen dira, ez bait dugu bakarrik egon nahi, ez gaude bakarrik baizik eta orain askatasunean baina burrukatzen gu bezala, kantatzen ari direnekin gaude...

 

            Burkideak gartzeletan,

            ziega hotzetan:

            gurekin zarete

            gurekin zarete

            nahiz eta gure errezkadan ez izan...

            Bai, gu zuekin gara.

 

      Eta honela da guk 267. zeldako presook, imajinatzen dugun 1943. urteko Maiatzaren Leheneko desfilearen amaiera solemnea. Baina, benetan al da amaiera? Eta gaur arratsaldean patioan zehar zeldetako presoei adorea emateko, Armada Gorriaren martxa, Gerrilariaren kanta eta beste Sobietar kanta batzu ziztuka paseatzen aritu den emakumeen sektoreko ordenantza hori, zer? Eta papera eta lapitza ekarri dizkidan eta une honetan lotsagaldukoren batek ustekabean harrapa ez nazan korridorea artatzen ari den polizia txekiarren uniformez jantzitako gizon hori, zer? Eta, azken finean, eskuizkribu hauek babestu eta, kontuz izkutatuz, momentu egokian argitara daitezen, kanpora ateratzen dituen beste hori? Paper zati honengatik arriskuan jartzen dute burua. Haiek gaurko zapalketa eta biharko askatasunaren arteko zubia ezartzearren, arriskatzen dute burua. Burrukan ari dira. Bakoitza bere lekuan, bere gudatokian eta zaletasunez eta beldurrik gabe, burrukatzen dute. Eta hain sinpleak dira, hain anonimoak eta patetismo gabekoak... Hamar aldiz, hogei aldiz, Maiatzaren Lehenaren manifestazioetan, Iraultzaren Armadak hamaika aldiz ikusi ahal izan dituzu. Eta beti zerbait solemnea izan da. Baina Armada honen benetako indarra eta bere nortasun garaitezina, burrukan soilik estima dezakezu. Pentsa izan duzun baino sinpleagoa da heriotza eta heroitasunaren aurpegiak ez du osperik. Baina burruka, uste zenuten baino krudelagoa da. Eta hari lotu eta garaipenerarte bideratzeko, beharrezkoa da neurtuezinezko kemena. Egunero ikusten duzu mugitzen baina ez zara beti konturatzen. Hain naturala eta nabaria dirudi dena!

      Gaur berriz somatu duzu.

      Gaur 1943.eko Maiatzaren Lehenaren desfilean.

 

      1943.eko Maiatzaren Lehenak, kontaketa honen haria eten egin zuen, une batez. Hori ondo dago. Egun handietan besteetan baino zerbait desberdinagoak dira oroimenak eta gaur gainezka egiten dizun bozkarioak, oroimena deforma dezake.

      Petschek Jauregiko “zinemak”, ez du, ez, benetan poztasunaren izpirik. Tortura gelako gelaurrea da, non besteen arrenkurak eta ikarazko garrasiak entzungo bait dituzu, zuri zer gertatuko zaizun jakin gabe. Sendo, mardul eta bizitzaz beterik abiatzen ikusten duzu jendea eta bizpairu orduko itaunketaren ondoren, murriztuta eta guztiz hondatuta itzultzen dira. Ahots ozena entzuten duzu itaunketerako abiada jakinerazten eta ordu bete barru, apurtutako ahotsak mina eta sukarraz itotakoak, itzultzea iragartzen dizu. Eta oraindik okerragoa: begirada garbi eta zintzoz joaten ikusten duzu eta itzultzerakoan ezin dizute begietara begiratu. Agian, ahulezia une bat besterik ez da izan, komisarioaren bulegoan. Zalantzazko momentua, beldur une txiki bat baino ez edo norberaren burua salbatzeko nahia eta gaur edo bihar horrore guzti hauek hemen jasango dituzten biktima berriak iritsiko dira; burkidea izandakoak, etsaien esku utzitako biktima berriak.

      Kontzientzia saldu duen jendearen espektakulua, fisikoki torturatutako gizona baino ikaragarriagoa da. Eta zure ondotik iragan zen heriotzak zure begiak garbitu baldin baditu, zure zentzuak berbizkundeak zorroztuta aurkitzen baldin badira, zein duda-mugetan aritu den, zeinek saldukeria egin duen hitzen beharrik gabe, somatzen da eta baita ere nork pentsatzen duen bere barne txokoan eta une honetan hain zuzen ere, ez litzatekela azken baten, hain okerra izango egoera apur bat baretzea burrukako burkideen arteko funtsgabekoena salatuz. O, ahul gizajoak! Burkidearen bizitzaz erositako bizitza, bizitza konsideratu ahal izango balitz bezala!

      Baliteke “zineman” izan nintzen lehen egotaldian horretaz ez gogoratzea. Baina gero maiz pentsatu dut. Eta ideia hau, seguraski jakintzaren iturri onena den tokian birgogoratu zait, hots, 400. gelan.

      “Zineman” eserita ez nuen iraun denbora luzean. Ordu bete edo ordu t’erdi. Ondoren nire izena entzun zen atzekaldean eta txekieraz hitzegiten zuten uniforme gabeko bi gizon nitaz arduratu ziren. Laugarren solairuan utzi ninduten igongailuan sartu eta gela zabal batetara eraman ninduten, non hurrengo zenbaki hau jartzen bait zuen atean:

 

400

 

      Han, bere zaintzapean, lehenengotan erabat atzekaldean, pareta ondoan eserita, bakar bakarrik egon nintzen. Behin eszena bera bizi izanaren zirrara arraroaz, nire ingurura begiratu nuen. Izan ote naiz inoiz hemen? Ez. Inoiz ere ez. Baina hala ere, gela hau ezagutzen dut, ametsetan ikusi dut, ametskaitz sukarti eta krudelak keinu ikaragarriz aurkeztuz desitxuratu bazuen ere, ezin izan zuen ezagutzea galeraztea adina aldatu. Orain harkorra da, egunaren argiaz eta kolore argiz betea. Bere burdinsare finezko leiho handietatik Tyn-eko eliza eta Letna-ko mendiska berdeak eta Hradcany-ko gaztelua ikus daitezke. Ametsean, leihorik gabeko gela iluna zen, argi horiska lohiaren hautsaz argitua, zeinaren azpian gizonak gerizak bait ziruditen. Orduan, jende gehiago zegoen hemen. Orain, hutsik dago eta bere sei banku lerratuek sorginbelarrezko eta edoskazko zelai alaia osatzen dute. Nire ametsean, banku hauetan bata bestearen aldamenean eserita zeunden gizonez betea ikusi nuen eta haien aurpegiak zurbilak eta odoleztatuak ziren. Han, atetik oso hurbil, begietan mina erakusten zuen gizon bat, zutik, oberol urdinez jantzita, edateko, gehiago edateko irrikaz zegoen eta azkenean pizkanaka behera erori zen, oihala jausten den bezalaxe...

      Bai, horrela zen; baina badakit ez zela ametsa izan. Eldarnio sukartsu eta krudel hura errealitatea zen.

      Nire lehenengo itaunketa zehar izan zen, atxiloketa gauean. Hiru, agian hamar aldiz ekarri ninduten hona. Batek daki! Atsedena hartu ala beste batzuekin hasi nahi izaten zuten bakoitzean. Ni ortozik nengoen eta gogoratzen dut nola beheko baldosek suntsitutako nire oinazpiak atseginez errefreskatzen zituzten.

      Aldi haretan, Junkers-eko langilez beterik zeuden bankuak. Gau haretako Gestaporen harrapaketa izan zen. Eta ate ondoan zegoen oberol urdinez jantzitako gizon hura, Junkers lantegiko zelulako Barton burkidea, nire atxiloketaren zeharkako kausa zen. Hau, nire zoria inori ez leporatzearren diot. Nire atxiloketa ez zen burkideren baten saldukeria edo koldarkeriaren erruz izan. Zuhurgabetasun eta zoritxarraren ondorioa izan zen. Barton burkideak, bere zelularentzat, Alderdiaren zuzendaritzarekin kontaktu bat bilatzen zuen. Bere adiskide Jelinek-ek konspirazioaren arauak errespetatu gabe, arazo hori nirekin kontsultatu beharrean, bere interbentzio pertsonalik gabe konpondua izan zedin, berak hartu zuen kontaktu hori bilatzeko konpromezua. Hori izan zen bere lehenengo errua. Bigarrena, okerragoa, Barton burkidearen konfidantza, Dvrak deitutako probokatzaileak irabazi zuela. Barton burkideak Jelinek-tarren izena eman zion. Eta horrela, Gestapoa Jelinek-tarren familiaz interesatzen hasi zen. Bi urtetan zehar, ezin hobeto bete zuen eginbehar behinenagatik ez zuten bilatzen, ez, baizik eta bere konspirazio betebeharretatik pauso bakar bat aldentzera eraman zuen garrantzi gabeko laguntza baten ondorioz. Eta hain zuzen ere, zitatu ginen gauean Petschek Jauregikoak Jelinek-tarrak atxilotzea erabaki eta hain kopuru handitan etortzea, kasualitate hutsa izan zen. Ez zegoen haien asmoetan. Jelinek-tarrak biharamunean atxilotuak izan behar ziren. Gestapo jolas egitera etorri zen, “aire apur bat hartzera” bezala, eta Junkers lantegiko zelularen atxilotzeak suposatzen zuen arrakasta ospatzera. Gure harridura polizia iristerakoan, ez zen izan haiena ni han aurkitzerakoan baino handiagoa. Nor atxilotzen zuten ere ez zekiten. Eta, agian, inoiz ere ez zuten jakingo nirekin batera ez bazuten...

      Baina hausnarketa hauek ezin izan nituen egin 400.ean, harik eta denbora luzea igaro arte. Ordurako ez nengoen bakarrik; pareta ondoko banku eta aulkiak okupaturik zeuden eta ustekabez betetako orduak igarotzen ziren. Inola ere ulertzen ez nituen ustekabe arraroak eta lar ondo ulertu nituen zorigaitzeko ustekabeak.

      Lehenengo ustekabea maila bi hauetatik kanpo zegoen. Zerbait atsegina, txikia izan zen, inorentzako garrantzirik gabekoa.

      Bigarren ustekabea: lau pertsona lerro indiarrez gelara sartzen dira, txekiarrez agurtzen gaituzte uniforme gabeko agenteak eta ni eta mahai atzeetan eserita eta beraien paperak aurrean jarri ondoren, enplegatuek ohi duten askatasunaz zigarrotxoak pizten dituzte. Baina ezagutuko ez ditut, bada, ...! Haietatik hiru gutxienez ezagutzen ditut eta ez da posible Gestaporen zerbitzuan izaterik. Edo izango ote dira? Haiek ere bai? Baina, R. da Alderdi eta Sindikatoen idazkari ohia, bere nortasuna pizka bat basatia baina zintzoa. Ez, hori ez da posible. Eta hori Anita Vikova da, beti horren zintzo eta ederra, bere ilea guztiz zuria izanarren beti militante tinko eta leiatsua. Ez, hori ez da posible. Eta hori Vasek da, Iparraldeko meategi batetako igeltsaria eta gero Alderdiaren idazkari erregionala. Nola ez dut ezagutuko, bada! Zenbat burrukaldi bizi izan genituen elkarrekin han, Iparraldean! Posible al da beraien manupean erortzea? Ez, ez da posible. Baina orduan, zer bilatzen dute hemen? Zer egiten dute hemen?

      Galdera hauei erantzunik eman gabe beste berri batzuk ere pilatzen zaizkit. Mirek, Jelinek eta Fried senarremazteak dakartzate. Bai, badakit: hauek zoritxarrez, nirekin batera atxilotuak izan ziren. Baina, zergatik dago hemen Pavel Kropacek, intelektualen arteko lanean Mirek-i laguntzen zion arte historialaria eta Mirek-ek eta neuk izan ezik inork gehiago ezagutzen ez zuena? Eta zergatik dago hemen, ez dugula elkar ezagutzen adierazten didan eta kolpeen eraginez aurpegia handituta duen gizon gazte eta garai hori? Nik ez dut ezagutzen. Nor izango ote da? Stych? Stych doktorea? Zdenek? Baina, Jangoikoa, mediku taldea esan nahi du horrek. Eta Mirek-ek eta neuk izan ezik, nork ezagutu dezake? Eta zergatik galdetzen zidaten, itaunketan, hainbat aldiz, txekiar intelektualei buruz? Nola iritsi dira nire lanaren eta intelektualeek egiten dutenaren artean dagoen kontaktua suposatzera? Nork jakin dezake Mirek-ek eta nik ezik?

      Erantzuna ez zen gaitza, baina larria eta krudela zen: Mirek-ek saldukeria burutu du. Mirek salatari bilakatu zaigu.

      Lehenengoan gutxienez, ez zuela dena aitortuko itxaron nezakeen. Baina ondoren beste atxilotuen talde bat ekarri zuten eta Vladimir Vankura, Felber profesorea eta bere semea, bere zomorroaz ez ezaguna zen Bedrich Vaclavek, Bozena Pulpanova, Jindrich Elbl, Dvorak eskultorea, ezagutu ditut, txekiar intelektualen Batzorde Nazional Iraultzailea osatzen duten guztiak edo osatzeko deituak zirenak: denak hemen gaude. Mirek-ek intelektualen lanari buruz zekien guztia ezagutarazi du.

      Petschek Jauregiko nire lehen egunak ez ziren errazak izan. Baina, hauxe izan zen hartu nuen kolperik gogorrena. Heriotza itxaroten nuen baina saldukeriarik ez. Nahiz eta bihotzperatasunez epaitu, nahiz eta zirkunstantzi guztiak kontutan izan eta Mirek-ek esan ez zuena gogoratuz ere, ezin izan dut beste hitzik aurkitu: saldukeria. Ez da izan soilik zalantza, ahulezia edo sukarren erdian lasaitzea bilatzen duen torturatutako gizonaren hondapena. Ez dago ezer zuritu lezakeenik. Une horretan ulertu nuen zergatik zekiten lehen gauetik nire izena, zergatik aurkitu zen han Anita Jiraskova, zeinen etxean Mirek-ekin elkarrizketa asko izan bait nituen. Kropacek eta Stych doktorea han zergatik zeuden ulertu nuen.

      Ia egunero 400.era joaten nintzen eta egunero xehetasun berriak ezagutzen nituen. Tristea eta etsipengarria zen, benetan. Horrelaxe dira kontuak. Lehen gizon zuzena zen, Espainiako frentean burrukatu zuenean baletatik ihes egitea pentsatzen ez zuena eta Frantziako kontzentrazio esparruko esperientzia krudelen aurrean ere umildu gabea. Eta orain Gestapoko agente baten makilpean zurbildurik dago eta bere burua salbatzeko saldukeria egiten du. Zein azalekoa zatekeen bere kemena, kolpe batzuen aurrean amore emateko! Bere sinetsitasunak bezain azalekoa! Berak bezala pentsatzen zuen burkide talde batekin, gogorra zen. Gogorra zen, haiek bezala pentsatzen zuelako. Baina orain, bakarrik, etsaiaren erasoz inguraturik, guztiz galdu du bere indarra. Bere buruaz arduratzen hasi zenean dena galdu zuen. Bere burua salbatzeagatik, bere burkideak sakrifikatu ditu. Koldarkeriak menperatu zuen eta koldarkeriagatik da traidorea.

      Ez zuen pentsatu hobe zela hiltzea etxean aurkitu zizkioten materialak dezifratzea baino. Eta dezifratu egin zituen. Izenak eman zituen. Izkutatoki baten helbidea eman zuen. Stych-ekin zuen zitara Gestapoko agenteak eraman zituen. Dvorak-en etxera bidali zituen eta baita Vaclavek eta Kropacek-ekin zeukan zitara. Anita entregatu zuen. Lida, maite zuen neska adoretsu eta bipila ere entregatu egin zuen. Guzti honen erdia esateko, nahiko izan ziren kolpe batzu. Nire heriotzaz sinesturik, inoren aurrean ez zuela justifikatu beharrik izango pentsatu zuen eta beste guztia esan.

      Bere portaeraz, pertsonalki, ez dit inolako kalterik egin. Ni banengoen Gestaporen erpeetan. Zer gehiago erants zitekeen nire ezbeharrei? Alderantziz: bere aitorpena, ikerkuntza guztia oinarritu zezaketen gauza konkretu bat zen, katearen hasera bezalako zerbait, zeinaren katemailak nire eskuetan bait zeuden eta haien helburua azkenerarte heltzea bait zen. Horri esker, soilik, iraun dut bizirik setio-egoerara arte eta nirekin batera gure taldeko beste asko. Bere eginbeharra bete izan balu ez zen talderik egongo. Gu biok aspaldidanik hilda geundeke baina besteak bizirik aurkituko lirateke eta lan egingo zuketen.

      Koldar batek, bere bizia baino gehiago galtzen du. Hark galdu egin du. Armada lorioseko desertorea da eta bere etsai doilorrenaren mesprezua merezi du. Eta biziko balitz ere, ez litzateke biziko, kolektibitatetik bere burua baztertu bait du. Gero, bere portaera nolabait zuzentzen saiatu zen baina ezin izan zuen inoiz irabazi adiskideen konfidantza. Eta hori beste inon baino ikaragarriagoa da gartzelan.

 

      Presoa eta bakardadea: bi hitz horiek, dirudienez, banatuezinak dira. Baina hori ez da egia, ezta gutxiagorik ere. Presoa ez dago bakarrik. Gartzela, kolektibitate handi bat da, eta han norberak bere burua baztertzen baldin ez badu, bakartasun gogorrenak ere ezin dezake inor banatu. Zapalduen anaitasuna, bildu, indartu eta sentiberagoa egiten den presio baten menpean dago. Mezuak bizi, hizketatu eta trasmititu egiten dituzten ormak zeharkatzen ditu. Korridore bereko zelda guztiak hartzen ditu, sufrimendu berdinak, zerbitzu berdinak, ordenantza berdinak eta aire zabalean igarotako ordu erdiko denboraldiak elkartzen dituztelarik, berri bat emateko edo bizi bat salbatzeko hitz bat edo keinu bat nahikoa denean. Irteera eta itzulera berdinak, itaunketara eta “zinemara” joan etorriek, presondegi guztia elkartzen dute. Hitz gutxitako eta laguntza askotako anaitasuna da, esku-eman batek, izkutuan pasatutako zigarrotxo batek, sartu zaituzteneko kaiola apurtu eta hautsi dezake eta baita bakartasunetik askatu. Zeldak eskuak dituzte: itaunketako torturen ondoren erori ez zaiten nola eusten zaituzten ohartzen dira eta beste batzuek gosez hiltzera behartzen zaituztenean, beraiek ematen dizue elikadura. Zeldak begiak dituzte: hiltzera zoazenean, begiratu egiten zaituzte eta badakizu burua tente eraman behar duzula, beraien anaia bait zara eta zalantzazko pauso batez ere, ez duzu ahuleziarik erakutsi behar. Odol-jarioa, gorabehera suntsiezina den anaitasuna da. Beraien laguntzagatik ez balitz, ezingo zenuke jasatzen duzunaren hamarra ere jasan. Ez zuk, ez eta inork ere.

      Kontaketa honen zehar, jarraitzea lortzea baldin badut —azkenaren egunik ez ordurik inork ez daki eta— kapitulu honi izenburua ematen dion 400 zenbakia, sarri ikusiko duzue. Nik ezagutzen dut. Gela bat zen eta bertan igaro nituen lehenengo orduak, bertan egin nituen lehenengo gogoetak, ez ziren batere alaiak izan. Baina ez zen soilik gela bat: komunitate bat zen, komunitate alai eta burrukalaria.

 

      “400.a” 1940. urtean sortu zen, poliziaren sekzio antikomunistaren aktibitatea hazi zenean. “Zinemaren” sukurtsal bat zen: itaunketara joan behar zutenen itxaron-gela, komunistentzat bereziki jarria, itaunketa guztietarako beheko solairutik laugarrenera bakoitzean ekartzen ibili beharrean itaunketen arduradun ziren Gestapoko enplegatuen eskura, nahinoiz, edukitzearren. Haien lana errazteagatik zen. Edo, haiek horrela pentsatzen zuten, behintzat.

      Baina jar itzazu bi preso elkarrekin, batez ere bi komunista eta bost minututan zure asmo guztiak hondatuko dituen kolektibo bat eratuko da. 1942. urtean “Zentral komunista” besterik ez zitzaion deitzen. Aldaketa ugari ezagutu ditu eta bere bankuetatik milaka eta milaka burkide, gizon eta emakume iragan dira. Baina ba da inoiz aldatu ez den zerbait: kolektibo horren arima, burrukari zintzo atxekia eta garaipenaz zihur dena.

      “400.a” trintxera aurreratua zen, etsaiez guztiz inguratua eta su bilduaren menpe jarria baina amore ematerik sekula pentsatu ez zuena. Bertan bandera gorria airean zegoen eta bere barnean askatasunagatik burrukatzen zuen herri oso baten elkartasuna adierazten zen.

      Behean, “zineman”, S.S.-ak haien bota astunak arrastaka zeramatzatelarik pasatzen ziren eta zure begien mugimendu txikienari oihuz erantzuten zien. Hemen, “400.ean”, borondatez ala nagusien aginduz, Gestaporen zerbitzuan interprete bezala dauden Polizia Buruzagitzaren inspektore txekiarrak zaintzeaz arduratzen dira eta Gestaporen mertzenari ala... txekiar bezala betetzen zuten beraien lana. Ala bien arteko jokabidez. Hemen, ez zeuden tinko eserita, eskuak belaunei itsatsita eta begiak finko edukitzera behartuta. Hemen askatasun handiagoz jezar zintezkeen; zure ingurura begira zenezaken; keinu bat egin eskuz eta, premiaren arabera, zerbait gehiago ere egin zenezakeen. Une horretan zerbitzuan zegoen zaintzailearen esku zegoen dena.

      “400.a”, gizona deritzan izaki horren ezaguera sakonena lortzeko lekua zen. Han, heriotzaren hurbiltasunak, mundu guztia biluzik jartzen zuen: atxilotu komunistak edo komunistekin lan egiten zutenaren susmopeko zirenak besoko oihal gorri batez markatzen zituzten, baita ere hauek zaindu behar zituztenak eta alboko gela batetan haien itaunketan parte hartzen zutenak. Hemen, itaunketa bitartean, hitz bakoitzak ezkutu ala arma bezala balio zezakeen. Baina “400.ean” ez zegoen hitzen ostean izkutatzerik. Han, kontua ez da esaten duzuna, zure barne-muinean dagoena baizik. Zure barne barnean, esentzia gelditu da soilik. Bigarren mailan zegoen guztia eta zure nortasunaren hondoa nobletu, ahuldu ala edertzen zuen guzti hori desagertu egin da, heriotzaren aurretik doan mendabalak sustraitik atereaz. Sujetua eta predikatua izan ezik, ez dago besterik: zintzoak gogor irauten du, traidoreak traizionatu, burgesa etsituta dago eta heroiak burrukatzen dihardu. Indarra eta ahulezia, adorea eta beldurra, tinkotasuna eta zalantza, garbitasuna eta zikinkeria, gizakiaren baitan daude. Baina bata ala bestea nagusituko da. Hau ala hori. Eta norbait ur bitara ibiltzen saiatzen baldin bada, zinbalak eskuan eta luma horia kapelan daramala hiletara doan dantzaria baino lehenago aurkituko dute.

      Atxilotuen artean bazegoen gisa horretako pertsonarik eta, halaber, inspektore eta txekiar agenteen artean. Itaunketetan Reich-eko Jaun Onari kandela bat pizten zioten eta “400.ean” boltxebike deabruari beste bat. Alemaniar komisarioaren aurrean hortzak apurtzen dizkizute kolpeka zure kontaktoaren izena eman dezazun eta 400.ean lagunkiro ogia eskeintzen dizue gosea arintzeko. Miaketetan dena lapurtzen dizue etxe bizitzan eta ondoren 400.ean, izkutuka, harrapatutako zigarro erdi bat eskeintzen dizue, beraien sentimendu onak adieraztekotan. Eta beste batzu, espezie bereko aldaera besterik ez direnak, sekula bere kabuz inori txarrik egin ez ziotenak baina ez eta sekula inori lagundu ere. Hauek beren buruaz soilik pentsatzen zuten. Haien minberatasunak barometro politiko bikaina bilakatzen zituen. Ixil eta erabat neurriko, azaltzen al dira? zihur: alemaniarrak Stalingradorantz abiatzen dira. Atseginak, eta atxilotuekin harremanetan hasten al dira? Egoera aldekoa da: alemaniarrak, Stalingradon, eragotziak izan dira. Txekiar jatorri zaharrez eta Gestaporen zerbitzura behartuak izateaz hitz egiten dute? Bikaina: seguraski, Armada Gorria Rostov-erantz abiatzen ari da. Oraindik beste batzu daude, —espezie berekoak— itota hiltzeko zorian zaudenean eskuak zakelean sartzen dituzte eta lehorrera heltzen zarenean, atseginez luzatzen dizkizute.

      Espezie honetako jendeak “400.ko” kolektiboa sentitu egin du eta beraien indarra estimatzen duelako, hurbiltzen saiatu da. Baina ez zen inoiz partaide izan. Eta ba zen, komunitate hau ezagutzen ez zuen beste espezie bat: nik hiltzailetzat joko nituzke, naiz eta hiltzaileak, dena den, gizateriaren partaide izan. Txekiar hiztun basapiztiek, idizila eta burdina eskuan hartuta, komisario alemaniar askok ikuskizun horretatik albora begiratu beharra sentitzeraino torturatzen zituzten atxilotuak. Borrero horiek, ezin zuten ez bere herriaren ez Reich-aren alde burrukatzen zuten aitzakia gezurtiaz bere burua zuritu: atseginez torturatu eta hiltzen zuten; hortzak apurtzen zituzten, tinpanoak zulatu, begiak hustu, ernaorganoak ostikoka zatikatu, torturatuen burmuina bilusik uzten zuten eta krudeltasunak bultzatuta heriotzararte jipoitzen zituzten krudeltasuna bera ez zen beste arrazoirik gabe. Egunero ikusi izan duzu: atmosfera hilzoriko zarraz eta odolez betetzen zuen bere presentzia egunero jasatzera behartuta zeunden. Zure uste sakonean, justiziari inoiz ihes egingo ez zien zihurtasunean bermatzen zinen, haien krimenen lekuko guztiek hilgo zituzteken arren.

      Eta hauen ondoren, mahai berdinean, dirudienez berdinak eta jerarkia berdineko beste gizon batzu ezertzen ziren. Izenak maiuskulaz idaztea merezi duten gizonak. Presondegiko arautegia atxilotuen faboretan aplikatzen duten gizonak; “400.ko” kolektibitatea eratzen lagundu zuten bakarrak eta bihotz osoz eta ausardia guztiaz kolektibitateko partaide zirenak. Komunistak ez izateagatik baino txekiar poliziaren zerbitzuan komunisten aurka arituak izateagatik nabarmentzen da bere prestutasuna. Baina, menperatzaileen aurka burrukatzen ikusterakoan, indarra ezagutu zuten eta komunistek herriarentzat daukaten garrantzia ulertu, eta une haretatik, zintzoki zerbitu eta lagundu zieten, presondegiko bankuetan ere, tinko jarraitu zutenei. Kanpoko burrukalari asko, Gestaporen eskuetan jausiz gero nolako horroreek itxaroten dizkien jakingo balute, zalantzan jarriko lirateke. Baina hemen daudenak etengabeki egunero eta orduoro begibistan dituzte horrore horiek. Egunero eta orduoro atxilotuen ondoan jarriak izatea eta martirio latzagoak sufritzea espero zitzaketen. Hala ere, ez ziren zalantzan jarri. Milaka gizon salbatzen lagundu zuten eta bizia salbatu ezin izan zienen zorigaitza eztitu. Heroi-titulua merezi dute. Hauen laguntzarik gabe, “400.a”, inoiz ez zitekeen zen bezalakoa izan eta milaka komunistek ezagutu zuten bezalakoa: leku argitsua etxe ilun batetan, trintxera bat etsaiaren atzeguardian, menperatzailearen gordelekuaren barnean askatasunaren aldeko burrukaren zentrua.

 

Urkamendira bideko erreportaia
Julius Fucik

euskaratzailea: Elena Ituarte
Txalaparta, 1988