HAU ANARKISTA NERABE BATEK ERRAN ZIDAN BEHIN
Roque Dalton

euskaratzailea: Luigi Anselmi
Bertzerenak, Pamiela, 2006

 

(Proiektu hau ez da orijinala. Aisialdietan apezpiku aritzen

den E.B.k jakinarazi zidan, zeinek, bere aldetik, goian aipatu

anarkista nerabearen ahotik —ogibidez potretagile— jasoa

baitzuen.)

 

Ez akabatu apezak,

supituki atzarri eta sekula santan atzeman

den iruzurrik handienari

erreparatzen diozuen herriak.

 

Aitzitik, bultza ezazue haien hazkuntza,

alharazi eta asebete itzazue bedera-bedera arta bereziaz.

Holan apaiz gizenak zamalkatuz joanen ahal zarete lanerat

—gasolinaren prezioa beti eta gorago—,

ostatu atarian loturik utzi

eta erranen —Oi, behin eta berriz

zuen baithan ernatzen den arbaso arbuiagarri hori—

zuen zamaria azkar eta kementsuagoa dela

bertze zaldiak oro baino.

Igandeetan apez-lasterketen ikusterat eramanen ditugu haurrak

—hori baita onartuko den zorizko joko bakarra—

eta han nabarmen ageriko dira

apezpikuen leinuko pur sang ederrak.

 

Orga-apezak izanen ditugu, bai eta zama-apezak ere,

apez trostalari arinak edo hazitarakoak berdin,

eta zalditegiek santutegi usaina izanen dute.

 

Apez ezdeusak baltsamatuak izanen dira

egongelako apaingarritzat saldu aitzin:

buruko tontsura hautsontzi gisa ere balia genezake.

 

HAU ANARKISTA NERABE BATEK ERRAN ZIDAN BEHIN
Roque Dalton

euskaratzailea: Luigi Anselmi
Bertzerenak, Pamiela, 2006