NAZIM HIKMET-I GUTUNA
Roque Dalton

euskaratzailea: Gorka Arrese
Susa, 23-24, Itzalpeko ahotsak, 1989ko ekaina

 

Nazim kamarada:

 

goiz honetan gogoan dut Peredelkino-ko zure etxea

pinu erraldoien artean basoko bihotzaren pareko,

gogoan dut begi antartikarren zure anaitasun zabala,

zure poesiaren kristalinitatea.

 

Gorderik dauzkat zure opariak: koilara

zurezko nabarra eta Lenin-en portreta

eta espero dut Izalco-ren buztinezko buru beldurgarria

zure eskutan utzi nuena

sarritan mintzatuko zaizula ene herri txiroaz

eta bere ogi gogorraz.

 

Nazim kamarada:

asalduraren auzotik idazten dizut,

El Salvador-eko

Quinta Bartolina de la Penitenciaría Central-etik.

 

Ezin izan nuen lehenago egin aske bainintzen

eta askatasun jostalari eta burbuilatsuaz batek ezin ditzake

hitzak presoen gailurreraino altxatu,

preso zahanenganaino zeinak zuk bezala erakutsi zuten bidatza

behatuz kartzelari harrizko pasagune ñimiño bat gehiago bailitz

guztion etorkizuneko askatasunetik pitin bat merezi izateko bidean.

 

Preso naukate, kamarada, orain hemeretzi egundanik.

Burdina gori azidoez larrosa iluna,

euren aberriaren bihotza, urratzen duten horiexek

hartu zuten ene askatasuna objektu single baten gisan

eta gorrotoz, ziegazainez eta harresiz inguratu ninduten

eta kendu airearen bihurriak,

izarrak, kaleak, neskatoen begiak,

latitude hauetako euri frankoa

gure larruazala bilatzen duena sua kausituz.

 

NAZIM HIKMET-I GUTUNA
Roque Dalton

euskaratzailea: Gorka Arrese
Susa, 23-24, Itzalpeko ahotsak, 1989ko ekaina