ESKAINTZA
Czeslaw Milosz

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2020

 

Zuok, salbatu ezin izan zaituztedanok,

entzun nazazue.

Saiatu hitzartze soil hau ulertzen, bestelakoez lotsatu egingo nintzatekeelako.

Zin dagit, ez dakart hitzezko aztikeriarik.

Isiltasunarekin mintzo natzaizue, hodei edo zuhaitzen gisan.

 

Niri pizgarri egin zitzaidana hilgarri suertatu zitzaizuen zuoi.

Garai baten agurra nahasi zenuten garai berri baten hasierarekin,

gorrotoaren inspirazioa edertasun lirikoarekin,

indar itsua itxura landuarekin.

 

Sakonera gutxiko poloniar errekadun harana da hau. Lainotarantz

doan zubi erraldoi batekin. Hiri hautsi bat da hau,

eta zuokin ari naizenean,

haizeak kaioen txilioak jaurtitzen dizkizue hilobietara.

 

Zer da poesia

herriak eta jendeak salbatzen ez baditu.

Gezur ofizialei isileko onespena ematea,

eztarria berehala egingo dieten mozkorren kantu bat,

16 urteko neskatxentzako irakurketa.

 

Jakin gabe ere poesia ona nahi nuela,

haren helburu osasungarria, berandu, deskubritu nuela,

hori, eta hori bakarrik zait salbaziorako bide.

 

Artatxikia eta mitxoleta haziak zabaltzen zituzten hilobietan

txoriz jantzita etortzekoak ziren hildakoak elikatzeko.

Nik liburu hau uzten dizuet hemen, bizi izan zinetenontzat,

ez gaitzazuen berriro bisitatu.

 

ESKAINTZA
Czeslaw Milosz

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2020