RUIE DESCARTES INGURATUZ
Czeslaw Milosz

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2020

 

Rue Descartes inguratuz,

Senara jaitsi nintzen, lotsati: bidaiari bat,

munduaren hiriburura iritsi berri zen gazte barbaroa.

 

Asko ginen, Jassykoak, Koloshvarekoak, Wilno eta Bukarestekoak, Saigon eta Marrakexekoak,

bakoitza bere sorterriko ohiturez lotsatuta,

haiei buruzko aipamenik txikiena ere egin gabe hemen:

zerbitzariak deitzeko txaloak, neskatxak oinutsik presaka heltzen,

okela banatu bitarteko konjuruekin,

eta, nagusi zein maizter, elkarrekin egindako errezoak.

 

Atzean utzi nituen probintzia lainotsuak,

eta unibertsalean sartu nintzen, liluratuta eta grinatsu.

 

Denbora gutxira, Jassy eta Koloshvarreko edo Saingongo edo Marrakexko asko

hil egingo zituzten beren etxeetako ohiturak eraisten saiatzeagatik.

 

Denbora gutxira, beren begiradek indarra hartu zuten,

hil ahal izateraino unibertsal zenaren, ideia ederren, izenean.

 

Bitartean, bere izaeraren arabera jokatzen zuen hiriak,

bere barre karkailen karkararekin iluntasunean,

labeko ogi luzeekin eta buztinezko pitxarretara isuritako ardoarekin,

arraina, limoia eta berakatza erosten kale merkatuetan,

lotsari eta handitasunari eta gloriari arretarik jarri gabe,

hori guztia gertatua baitzen jada eta monumentu bihurtua

baitzuen bere burua, auskalo noren ohoretan,

edo aria ia entzungaitz eta hitza hartzeko txanda.

 

Berriz jarri dut bizkarra ibaiertzeko granitozko harrietan,

azpimunduak gurutzatu ostean itzuli eta bat-batean

azalean ikusi izan banu bezala sasoiak biltzen dituen txirrika

non erori baitiren inperioak eta non hilda dauden inoiz bizirik izandakoak.

 

Munduak ez du hiribururik, ez hemen ez beste inon ere,

eta eraitsitako ohiturak indarrean dira berriz beren xokoetan,

eta orain badakit giza belaunaldien denbora ez dela lurrarenaren parekoa.

 

Nire bekatu larriei dagokienez, bada bereziki gogoan dudan bat:

nola bota nuen, egun batez, errekasto baten ondoko baso bidean nindoala,

harri bat belarretan bilduta zegoen suge gorbatadun baten gainera.

 

Eta bizitzan gertatu zaizkidan guztiak ez dira zigor justu bat besterik,

tabu bat apurtzen duen orori, goiz ala berandu, heltzen zaiona.

 

RUIE DESCARTES INGURATUZ
Czeslaw Milosz

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2020