CAMPO DEI FIORI
Czeslaw Milosz

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2020

 

Erroman, Campo dei Fiorin,

oliba saskiak eta limoiak,

ardoz eta lore hondarrez

zipriztindutako galtzada.

Saltzaileek arrain arrosekin

estaltzen dituzte salmahaiak:

mahats ilun eskukadak pilatuz

mertxika azalen gainean.

 

Plaza honetan bertan

erre zuten Giordano Bruno.

Morroiek piztu zioten sua

jendetzaren bultzada artean.

Garrak itzali zirenerako,

jada beteta ziren tabernak,

oliba saskiak eta limoiak

berriz saltzaileen bizkarretan.

 

Campo dei Fiori gogoratu nuen

Varsovian, zabu-karruselaren parean,

udaberriko arratsalde garbi batez,

inauteri kanta baten doinutan.

Ghettoko hormaz bestaldeko salbak

blaitzen zituen melodia argiak,

eta hegan zebiltzan bikoteak

hodeirik gabeko zeru garbian.

 

Tarteka, kometa ilunak zekartzan

suteetatik zetorren haizeak

eta karruselekoek petaloak

harrapatzen zituzten airean.

Haize bero horrek berak

altxatzen zituen nesken gonak

eta jendetzak barre egiten zuen

Varsoviako igande eder hartan.

 

Ikasbide moraltzat hartuko du inork

Erromako edo Varsoviako jendeak

tratuan, barrez, eta amodioan segitzea,

martirien erreketa paretik pasatuta ere.

Beste batzuentzat, ordea, honek

giza aferen iragatea erakutsiko du:

garrak hil aurretikoa dela

ahanzturaren jaiotza.

 

Nik, hiltzen direnen bakardadea

soilik nuen buruan orduan,

nola, Giordanok,

bere erreketara igo zenean,

ezin izan zuen topatu

ezein giza hizkuntzatan

gizatasun hitzik,

badirauen gizatasunarenik.

 

Jada ardotan zebiltzan berriz,

edo atez ate saltzen itsas izar zuriak

eta azokara bizkarrean eramandako

oliba saskiak eta limoiak,

eta bera, aldiz, jada urrunduta,

mendeak joan izan balira legez,

ingurukoak, haren suzko hegaldia ikusteko,

une batez gelditzen ziren bitartean.

 

Hemen hiltzen direnak,

munduak ahaztutako bakartiak,

haientzat, antzinako planeta bateko hizkuntza

bilakatzen da gure lengoaia.

Harik eta, urte mordoa joan

eta dena kondaira denean,

Campo dei Fiori berri batean

sumina pizten den arte poeta baten hitzean.

 

CAMPO DEI FIORI
Czeslaw Milosz

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2020