ARS POETICA?
Czeslaw Milosz

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2020

 

Poesiaren edo prosaren eskariez libratuko nauen

forma espaziotsuago bat izan dut beti amets,

elkar ulertzeko aukera emango diguna, autoreari

edo irakurleari agonia sublimeak jasanarazi beharrik gabe.

 

Poesiaren muinean bada zerbait indezentea:

gugan zenik ere ez genekien zerbait azaleratzen du,

eta, orduan, begiak kliskatzen ditugu, tigre bat

argitara agertu balitz lez, buztanari eraginez.

 

Horregatik esan ohi da zuzenki poesia demonioek diktatzen dutela,

nahiz eta esajerazio bat den hori, aingeruek diktatua dela defendatzeko.

Ez dago jakiterik nondik datorkien harrotasun hori poetei,

gero, maiz geratzen baitira lotsagarri euren ahultasunaren argitan.

 

Zentzua duen nork izan nahi luke demonioz betetako hiri bat,

jakinik, gainera, etxean bezala ibiliko direla, beren hamaika mintzairekin,

eta, ezpain edo eskuak lapurtzearekin kontentu ez,

eta zoria ere aldaraziko diotela euren komenentzian?

 

Estimu handitan da egun makabro den guztia,

eta, beraz, txantxetan nabilela pentsatuko duzu

edo hau asmakizun bat gehiago besterik ez dela,

ironiaren bidez artea laudatzeko.

 

Liburu zentzudunak soilik irakurtzen ziren garai batean,

gure miseria eta mina jasaten laguntzen zigutenak.

Eta horrek ez du zerikusi handirik psikiatren klinikatik

atera berri diren milaka liburu orriztatzearekin.

 

Baina mundua ez da itxura batean dirudiena

eta gu ere ez gara geure eldarnioetan ikusi uste bezalakoak.

Jendeak, horregatik, zintzoa izaten jarraitzen du

eta senide eta auzokideen errespetua izaten du sari.

 

Poesiaren egitekoa da gogoraraztea

zeinen zaila den pertsona bakar bat izatea,

gure etxea irekita baitago, atean giltzarik gabe,

eta bisitari ikusezinak nahieran baitabiltza joan etorrian.

 

Aipatzen dudan hau guztia, ados nago, ez da poesia,

poemak gutxika eta gogo txarrez idatzi behar liratekeelako,

indarraren indarrez beharturik, eta soilik esperantza dugunean

espiritu onek, eta ez txarrek, hautatuko gaituztela tresnatzat.

 

ARS POETICA?
Czeslaw Milosz

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2020