RAJA RAO-RI
Czeslaw Milosz

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2020

 

Raja, nahiago nuke

nire minaren arrazoia ezagutuko banu.

 

Urteetan ez dut

nengoen lekua onartu.

Beste nonbait egon behar nukeela sentitzen nuen.

 

Presentzia zuten faltan

hiriak, zuhaitzek, giza ahotsek.

Beste norabait joateko esperantzak eusten ninduen.

 

Beste nonbait bazen benetako presentziadun hiri bat,

benetako zuhaitz eta ahots eta lagun eta maitasunarekin.

 

Lotu, nahi baduzu, nire kasua

(eskizofreniaren mugan)

nire zibilizazioaren

itxaropen mesianikoarekin.

 

Ezeroso tiranian, eta errepublikan ere ezeroso,

askatasun egarriz nintzen batean, ustelkeria noiz amaituko bestean.

 

Polis egonkor bat eraikitzen nuen neure baitan,

funtsik gabeko inolako zalapartarik gabea.

 

Azkenean ikasi nuen esaten: hau da nire etxea,

hemen, ozeanoko ilunabarren ikatz distiratsuaren aurrean,

zure Asiaren ertzen aurrez aurreko ertz honetan,

errepublika handi eta neurriz ustel batean.

 

Raja, horrek ez ninduen

nire erru eta lotsaz sendatu.

 

Izan behar nukeen hura izateari

huts egin izanaren lotsa zen.

 

Horman erraldoi bilakatzen da

neure buruaren irudia,

eta miserable da haren aurka

nire itzala.

 

Hala heldu nintzen

jatorrizko bekatuan sinestera,

zeina ez baita

egoaren lehen garaipena baizik.

 

Nire egoak samindurik, haren engainu pean

ematen dizkizut, ikusten duzunez, ikasitako erantzunak.

 

Liberazioa lor daitekeela esaten entzuten zaitut,

eta jakinduria sokratikoa

zure guruenaren berdina dela.

 

Ez, Raja, naizenetik hasi beharra dut.

Ametsetan etorri eta nire ezkutuko muina

erakusten didaten munstro horiek naiz.

 

Gaixo banago, ez dago frogatzerik

gizakia izaki osasuntsua denik.

 

Greziak galdu beharra zuen, haren kontzientzia puruak

gure agonia zorrotzago ikusarazteko.

 

Jainkoak ahultasunean maita gintzan behar genuen,

eta ez dohatasunaren glorian.

 

Ez dago laguntzerik, Raja, agonia dagokit,

borroka, bilaukeria, auto-maitasuna, eta auto-gorrotoa,

Erresumaren alde otoitz egin

eta Pascal irakurtzea.

 

RAJA RAO-RI
Czeslaw Milosz

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2020