AMA HIZKUNTZA LEIALA
Czeslaw Milosz

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2020

 

Ama hizkuntza leiala,

zure zerbitzuko izan nauzu.

Gauero, kolore ontzi txikiak uzten nizkizun aurrean,

zuk zure urkiak, kilkerrak, gau-txoriak eduki zenitzan,

oroimenak gordetzen dizkidan itxuran.

 

Urteak eman nituen horrela.

Nire sorterri bakarra zinen; ez nuen besterik.

Nire eta pertsona on batzuen arteko

mezulari ere izango zinela pentsatzen nuen,

baita haiek gutxi izan arren ere, hogei, hamar,

are, baita jaio gabeak izanagatik ere, oraindik.

 

Zalantzak ditut orain, aitortzen dut.

Batzuetan iruditzen zait bizitza alferrik xahutu dudala.

Apalduen hizkuntza baitzara,

arrazoigabeena, beren burua gorroto dutenena,

are, beste herrialdeak gorroto baino indar handiagoz,

salatarien hizkuntza bat,

euren inozentziak gaixotutako

jende nahastuen hizkuntza bat.

 

Baina nor naiz, bada, zu gabe?

Akademiko bat herri urrun batean,

arrakastatsua, beldur eta umiliaziorik gabea.

Bai, nor naiz, bada, zu gabe?

Filosofo bat baino ez, beste guztiak bezalakoa.

 

Badakit nire hezkuntzaren parte dela:

indibidualitatearen gloriarik ez dago,

antzerki moral batean, alfonbra gorri bat

zabaltzen dio Zoriak bekatariari,

lihozko atzealdean, linterna magiko batek

giza eta jainkotiar torturen irudiak jaurtitzen dituen bitartean.

 

Ama hizkuntza leiala,

agian, azkenean, nik salbatu beharko zaitut zu.

Jarraituko dut, beraz, zure aurrean kolore ontziak uzten,

argi eta puruak ahal dela,

zorigaitzean ordena eta edertasun pixka bat behar izaten baitira.

 

AMA HIZKUNTZA LEIALA
Czeslaw Milosz

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2020