Tonino Guerra. Aurkezpena
Xabier Boveda

Idatz&Mintz, 72 - 2022
armiarma.eus, 2022

 

        1920ko martxoaren 16an jaio zen Santarcangelo di Romagnan, Riminitik hamar bat kilometrora dagoen herrixka menditsuan, Emilia-Romagna eskualdean.

        Tonino Guerra ezaguna dugu, batez ere, zinema munduan; izan ere, XX. mendeko europar gidoigile miretsienetako bat izan zen. Antonioni, Vittorio de Sica, Francesco Rosi, Tarkovski, Angelopoulos eta Fellini zuzendariekin batera lan egin zuen, besteak beste, laurogei film baino gehiagotan. Euren artean aipagarriak dira hauek: Blow-up, Amarcord, Kristo Ebolin geratu zen, Ginger eta Fred, Eta ontzia badoa, Ezkontza italiarra, Lucky Luciano, Iragarritako heriotza baten kronika, Nostalgia

        Baina literaturan ere ezaguna da, eleberriak (Fortunatoren historia, Oreka, Ehun txoriak, Euri epela), narrazio-liburuak (Hanka bat ekialdean zuen agurea, Eguzki-hautsa), antzerkia (Elurra da Pekinen), eta poesia-liburuak (Kakalardoak, Idiak, Eliza abandonatuen liburua, Bidaia, Eztia) idatzi dituelako.

        Berak kontatzen digunez, Alemaniako Troissdorf kontzentrazio-esparruan hasi zen idazten. 22 urte zituela, eskualdeko beste lagun antifaxista batzuekin atxilotu zuten eta preso egon zen. Han poemak eta abestiak idazten zituen berarekin zeuden preso rogmanoloei lagun egiteko. Harrezkero, haren poesia guztiak horixe izan ei du helburu, alegia, irakurtzen duenari lagun egitea.

        Toninoren poesia romagnolo dialektoan idatzita dago, berez-berez irteten zaiona eta haurtzaroko munduari eta lurrari loturik sentitzen duena: “Rogmanoloz idazten dut, nire ama-hizkuntza delako, nire haurtzaroko, nire odol-hizkuntza, arnasten dudana. (…) Bizitza osoa pasatzen dugu haurtzaroarekin solasean, eta nire haurtzaroak romagnoloz egin dit niri".

        Bere poesian, sarritan, kontakizun bat, gertaera bat, pertsonaia batzuk agertzen dira, modu sotilean, hizkera lau ahozkotasunetik hurbilean; hain zuen ere, biluztasun horretan azaltzen da agirian irudien indar iradokitzailea, zineman zein literaturan bilatu nahi izan zuena: “Niretzat ez dago alde handirik poemak idaztearen eta gidoiak idaztearen artean. Biek gauza bera bilatzen dute: irudiak sortzea”.

        Erroman bizi izan zen, baina 1984an gaixotasun larri bat izan zuen eta konturatu zen bizitza errotik aldatu behar zuela: “Erroma utzi behar dut apur bat nekeagatik, eta beste apur bat naturarekin, zuhaitzekin, euriarekin, elurrarekin harremana berreskuratzeagatik”. Eta haurtzaroko Marecchia haranera itzuli zen, lehenengo Santarcangelora, eta gero Pennabillira.

        2012an hil zen, patuaren keinu ironiko batez, poesiaren nazioarteko egunean.

Hona dakartzagu haren poesia batzuk euskaratuta. Arestian esan dugunez, berak dialektoan idatzi zituen, eta guk pentsatu dugu itzultzerakoan hemengo euskalki batean idatz genitzakeela. Mendebaldeko euskalkia aukeratu dugu horretarako.

 

Tonino Guerra. Aurkezpena
Xabier Boveda

Idatz&Mintz, 72 - 2022
armiarma.eus, 2022