ERROTA ABANDONATUAK
Tonino Guerra

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 72 - 2022
armiarma.eus, 2022

 

Egunen baten kobazuloaren sakoneraino
sartuko naz mendian,

Marecchiara doan uraren iturburuko
ur horretan ikusteko neure burua.

 

Arakatu behar dodaz

errota zahar abandonatuak,
ikazkinek ogi beroa

euren esku baltzakaz zatitu
eta gaztaiagaz jaten eben han.

 

Hantxe egongo dira errotarri geldiak
eta hormetan eskegita kako-untze urunez zurituak,
baina tximeletek mobitzen daben aireak
ogiaren usaina izango dau

eta inoz hilten ez dan bizitzearena.

 

ERROTA ABANDONATUAK
Tonino Guerra

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 72 - 2022
armiarma.eus, 2022