NIRE PENNABILLIKO ETXEA
Tonino Guerra

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 72 - 2022
armiarma.eus, 2022

 

Orain hemen goian bizi naz,
mendiko etxean
eta orbel sikuakaz pasetan dot denporea,
eta ilaran ipinten dodaz maila baten ganean;

edo harrien arteko arrakaletatik saltoka datozen

ur hari horreek ikutzera hurreratzen naz,
ur hotzetan kuxkurturiko arrankariak
eskuakaz harrapetan dauz bertan Silvestrok
katuek tximeletak harrapetan dabezan lez.

Kontuak egitea be gustetan jat

oinarrizko aritmetikeagaz:

bi eta bi lau sei eta sei hamabi
zazpi arrautza erosi eta hiru jausten bajatzuz
lurrera, zenbat geratzen jatzuz?

Edo, ezpabere, marrak egiten dodaz patioko
harearen ganean, adarrak bata bestearen atzetik
behinolako hanka sendoak

gogoratzeko, eta airea
ipurtargiz betea eta bizikletea
eta tiragomak, kometak,
eta abuztuan han beheko
harea-mendien atzean etxunda egoan itsasoa
abere on bat lez
ugazabearen laztanen pean.

Arrastietan haranari begira jarten naz
eta han atzean mendiak
eguzkitan zabaldutako trapuen
moduan soloak eta solo arteko mugak
mitxoleta-loraz gorrituak eta etxe bakar batzuk
elai habien antzekoak lurrean.

eta jentea makurturik beharrean
txiki-txiki hautsa lez eta ni jarrita
horrei gauza danoi begira,
eta oroimena guztiz zuri bihurtuta
eta izara horren ganetik pasetan da lantzean behin
nire ama koitadearen ahotsa
eta berak armairuaren ganean gordetan ebazan
menbrilloen usaina.

 

NIRE PENNABILLIKO ETXEA
Tonino Guerra

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 72 - 2022
armiarma.eus, 2022