LAN EGITEAK NEKATZEN DU
Cesare Pavese

euskaratzailea: Itxaro Borda
Maiatz-11, 1986

 

Bakarrik haurrak du karrika trebeskatzen

bere etxetik ihes joateko, baina egun osoan

karrikan herrestan dabilan gizon hori ez da

haurra, eta ez du bere etxetik ihes egiten.

 

Udan, badira arratsaldeak plazak hutsak baitira,

apaltzen ari den eguzkiari eskainiak, eta arbol

debaldez hornitu abenida hortarik datorren gizona

baratzen da. Bakarrik egoteak balio ote du, gero eta

bakartiago senditzeko? Herrestan gabiltzake, plazak

eta karrikak hutsak dira. Emazte bat geldi arazi behar

litzateke, harekin mintzatu, elkarrekin bizitzeaz

konbentzitu. Bestela, bakarrik mintzo gara, horregatik

batzutan,

gautiar mozkortiak etortzen dira eta bizi osoko

proiektuak aipatzen dizkigute.

 

Dudarik gabe, ez da, plazaren mortuan idurikatzean norbait

kurutzatzen, baina karriketan herrestan noiztenka gelditzen

gara. Biga balira bederen, xoilik karriketan ibiltzeko, etxea

emakumea legokeen tokian litzateke eta berdin balio luke.

 

Gauez plaza berriz husten da.

Eta pasatzen den gizon horrek ez ditu etxeak ikusten,

argi inutilen erdian, begiak ez ditu altxatzen,

bakarrik, bereak bezalako esku babatsu eta gogorrak

dituzten gizonek ezarri kaleko harriak senditzen ditu.

Ez da komeni plaza hustu honetan egotea.

Baliteke, emazte bat karrikan otoizten balitz,

etxe bat eskain lezakeela.

 

LAN EGITEAK NEKATZEN DU
Cesare Pavese

euskaratzailea: Itxaro Borda
Maiatz-11, 1986