LAN EGITEA NEKAGARRIA DA
Cesare Pavese

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak
Pamiela, 1985

 

Etxetik ihes egiteko kalea zeharkatzea

Mutiko batek bakarrik egin lezake, baina kaleak

Egunero ibiltzen dituen gizon hori

iadanik ez da mutiko bat

Eta ez doa etxetik ihes.

Badira udan

Plazak, sartzen ari den eguzkiaren azpian etzanik,

Hutsik geratzen direneko arratsalde batzuk

Eta landare alferrekoen etorbidetik

Heldu den gizon hori gelditu egin da.

Merezi du bakarrik egoteak geroan ere

bakarrik egoteko?

Kalerik kale bakarrik, plazak eta kaleak

Hutsik. Gelditzeko esan behar zaio andereren bati

Eta norberarekin bizi dadila eskatu behar zaio.

Bestela, zeire buruarekin hitz egiten duzu, bakarrik.

Horregatik batzuetan gaueko mozkortia

berriketan hasten da

Bere bizitza guziko proiektoak adierazten.

Ez da egia plaza bakartian itxadonez gero

Norbait helduko denik, baina kaleak ibiltzen dituena

Gelditu egiten da noizean behin. Bi balira,

Kalerik kale ibilkiaz ere, etxea jadanik

Andere horrenean egongo litzateke,

eta mereziko luke.

Gauez berriro ere bakarti geratzen da plaza

Eta alde batetik bestera joan gizon horrek

ez ditu edifizioak ikusten,

 

Alferreko argien bestaldean, ez baititu jadanik

begiak altxatzen:

Harlauzak besterik ez ditu ikusten,

esku latzeko beste gizon batzuek eginak,

Bere eskuak ere latzak dira.

Ez da egokia plaza bakartian geratzea.

Seguru, horren baten, kalean dagoela andere hura

Eskatuez gero etxean lagunduko lukeena.

 

LAN EGITEA NEKAGARRIA DA
Cesare Pavese

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak
Pamiela, 1985