GAUEKO ATSEGINAK
Cesare Paves

euskaratzailea: Itxaro Borda
Maiatz-11, 1986

 

Haizea biluziena den momentuan gu ere

gaua hatsartzeko gelditzen gara: karrikak

haizez hoztuak dira, usainak eroriak ;

dilindan dauden argiei altxatzen dira sudurrak.

 

Gure itzultzearen beha dagoken etxe bat daukagu

denek ; lotan ilunean emakume batek itxoiten gaitu:

gelako usainak astunak dira. Lotan eta hatsartzen

ari den emazteak ez du haizea ezagutzen; haren gorpuaren

berotasuna, gutan murmurioka dabilan odolaren beroa da.

 

Gauari irekiak diren karrika sakonetik datorren

haize horrek garbitzen gaitu; dilindan dauden argiak eta

gure sudur gogortuak borrokan ari dira larrutsik. Usain

bakoitza orroitzapen bat da. Ilunean, urrunetik jeiki da

hiria lehertzen duen haizea, mendixketan zehar jautsiz,

eta pentzeetan, eguzkipean bero den belardian barna, eta

omorez beltza dagoen lurrean barna. Guretzat orroitzapena

usain kiretsa da, bere leizeen hatsa neguan azaltzen duen

lur zaurituaren gozotasunik gabeko usaina. Usainak beltzean

itzali dira, eta hirian, xoilik, haizea dator gugana.

 

Gaur, lotan dagoen emaztearen ondora joango gara, eta gure

behatz hormatuek haren gorputza xerkatuko dute, berotasunak

odola inarrosiko digu, omorez beltza den lurraren berotasunak:

hats biziak.

Hura ere eguzkiz hantua

 

Hura ere eguzkiz hantua da, eta bere biluztasunean, orain,

egunaz desagertzen eta lur gostua duen bizitzarik

gozoena erakusten du.

 

GAUEKO ATSEGINAK
Cesare Paves

euskaratzailea: Itxaro Borda
Maiatz-11, 1986