HELDUREN DUN HERIOTZA ETA HIRE BEGIAK UKANEN DITIN
Cesare Pavese

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak
Pamiela, 1985

 

Helduren dun heriotza eta heure begiak ukanen dizkin—

Egunsentitik gauera arte,

Lo egin gabe, gor, damu zahar edo

Bizio absurdu baten gisan laguntzen gaituen

Heriotz honek. Hire begiak

Hitz hutsal bat izanen ditun,

Oihu isil bat, isiltasun bat.

Horrela ikusten ditun goizero,

Heu bakarrik ispilu aurrean

Makurtzen haizenean. Oi, esperantza maitea,

Egun hartan jakinen dinagu guk ere

Bizitza haizela eta ezereza haizela.

Guziontzat din heriotza begirada bat, bakoitzarentzat bat.

Helduren dun heriotza eta heure begiak ukanen dizkin.

Bizio bat uztea bezalakoak izanen dun,

Ispiluan aurpegi hil bat

Agertzen ikustea bezalakoa,

Ezpain hertsi bati entzutea bezalakoa.

Amildegira jaitsiren gaitun mututurik.

 

HELDUREN DUN HERIOTZA ETA HIRE BEGIAK UKANEN DITIN
Cesare Pavese

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak
Pamiela, 1985