HONDARTZAN
Youenn Gwernig

War an aod, 1963
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Milaka heldu da hondartzara

kolore guztietako jendea

munduko kolore, munduko hizkuntzak

nahasian

oin eta zango

bizidun gorputzak

oin, oin, milaka oin

xendarik gabe

irentsi egin baitute

eta belarra moztu.

 

Beira apurtua eguzkitan jolas

diamanteak iduri

(soda botilaren apurrak)

hara mutiko beltz baten orpoa

gorri

baina kolorerik ez bere minak.

 

Jainkoen hondartza

zuhaitz, belar, harea

zerua horren garbi

kolore guztietako

jende txiroaren hondartza

amankomuneko hondartza

beltz, gaztain, hori

zurientzat: zeltak, germaniarrak, magyarrak

zerua, harea eta zuhaitzak

musutruk emanak

txiroentzat.

 

HONDARTZAN
Youenn Gwernig

War an aod, 1963
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016