GAUERDI Gauerdi, munduko kristauak oro dira ohean ene Jainkoa, zeinen kristau guti geratzen den! jende itzarria besterik ez da ageri bolantean trenetan metatuak —sardinak— tabernak lepo daude jendea lasterka lanera jendea lasterka atseginetara jendea larri helburura beharrez jendearen Jauna, urrikari gaitzazu!
Gauerdi, munduko haurtxoak oro dira ohean mutiko hau ez beste dena beldur aitaren aiduru tabernako atean eta neskato xehatu, bortxatu bat odol malkoak jario hiri handiaren bihotz harrian kukutua ankerrak sadikoak martiriak jendea, jendea, jendea, jendearen Jauna, urrikari gaitzazu!
Gauerdi: ilargi betea erregina handia hotz eta mutu erregina garbia ilargi betea edertasun galdua, jendeak ezin du haboro —sabelak astun okel eta gantz arimak arin kopuru eta kalkulu— zure orbanbako begia ikusi: labar erraldoiak jaso dituzte zeruaz babesteko.
Gauerdi, ordu honetan ene herrian eguzki jaioberriak irriz agurtzen ditu txilarra eta kukulora baita jendea ere bizkarrezurra makur duen jendea ebatsi egin dioten jendea haserre den ene herriko jendea jendearen Jauna, urrikari gaitzazu!
GAUERDI |