ESKUTADA BAT LUMA
Youenn Gwernig

Un dornad plu, 1961
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Harrizko mailadiaren orpoan

txoriño hil bat

kausitu nuen bart

 

harrizko mailadiaren orpoan

eskutada bat

errauts luma:

hosto ihartu bat zelakoan.

 

Eskutada bat luma hildako gauzen ñabardurez

hotz eta idor, haizepean dardaraka

txoriñoaren gorpua

guztiz hila

baina begi zimel itsuetan etsipenaren zantzua.

 

Baso horiek, txipiño gaixoa, hostorik gabe dituzu

altzairu, beira edo harrizko zuhaizti

ezin dizu zumar hondatuak

ezein babesik eman

jende horrek, larreko kantari, ezin zaitu babestu

zu babesteko ito zuten zeure kantua...

apurka zure errautsak nahasi eginen dira karrikako zikinarekin.

 

Ez dut lorik eginen gau honetan

esna edukiko naute

hozkailuaren bentiladore durundak

hegazkinek orroka autoek

tren basatien uluek hiriaren sabelean zapartaka;

ordu luze horietan

zure esperoan egonen naiz, arima txipi barea

esan diezadazun ba ote den oraino lurrean

hondatu gabeko zuhaitzik

larrean lorerik

zeruan txoririk!

 

ESKUTADA BAT LUMA
Youenn Gwernig

Un dornad plu, 1961
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016