NIRE GORPUTZAREN GORAZARREA
Alaide Foppa

Elogio de mi cuerpo, 1970
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014

 

BEGIAK

 

Laku bare txiki-txikiak

non nire begi-ninien

pindarra dardaratzen den

eta egunaren dirdaia

kabitzen den.

Koloreen bozkarioak

pizten dituen

ispilu aratzak.

Denboraren

paisaia geldoaren aurrean

zabaldutako leihoak.

Malkoez eta naufragio urrunez

elikatutako lakuak.

Lotan diren laku gautarrak

ametsek habitatuak,

betazal itxien azpian

distiratsuak oraino.

 

 

BEKAINAK

 

Nire betazalen gainean

esekitako

hegal laburrek

espazio urria baino

ez dute anparatzen

non itauntze latenteak

flotatzen duen,

espantu iraunkor bat

azaltzen duena.

 

 

SUDURRA

 

Kasik apendize bat

nire aurpegiaren

geometria barean,

kurba leun sortaren barruko

lerro zuzen bakarra,

airearekin lotzen nauen

erreminta sotila.

Espezia eta loreen

—jasmina eta anisa barne—

usain lañoak

perfume minak

lurrin lodiak

atoan xurgatzen ditu

nire sudurrak.

 

 

AHOA

 

Bi ezpainen artean

zenbat gozo gordetzen duen

musuei zabaldutako nire ahoak,

fruitu biziak hozkatzen dituzten

hortz-haginen estutxea,

zuku sakonez

ardo bizkorrez

ur freskoaz

betetzen den ibarra,

non mihia

gutizien suge mehea

bigunki tolesten den,

eta hitzaren

mirakuluak habia duen.

 

 

BELARRIAK

 

Arbola arrotz baten

bi hosto bezala

jaiotzen dira nire buruaren

albo bietan.

Enbor ezkutuan zehar

irristatzen da

soinuen

oparotasuna,

deitzen nauten

ahots biziek

jotzen naute.

 

 

ILEA

 

Aihen-belarrezko serpentina gozoa,

nire gorputzeko lur biguneko

landare bakarra,

udaberriari bihozbera

hazten segitzen duen

belar fina,

itzalezko hegala

nire lokien kontra,

lepondoaren gaineko beroki arina.

Nire luma mototsa

nire hegazti nostalgiarentzat.

 

 

ESKUAK

 

Nire esku

ahul lausoek,

eraztunen distirarako

objektu hutsak

dirudite,

galdutakoek soilik

betetzen dituzte,

atxiki ezin duten

arbolarantz zabaltzen dira,

baina goizeko

ura ematen didate,

eta nire azazkalen

arrosa koloreko kimuraino

iristen da taupada.

 

 

OINAK

 

Hegalik ez dudanez,

aski ditut

mundua kurritzera

heldu ez eta

dantzan ari diren nire oinak.

Loretan ziren belardietan

lasterka egin zuen nire oin zaluak,

harea hezean utzi zuen

bere aztarna,

bide galduak zituen bilatu,

hirietako espaloi gogorrak

zituen zapaldu

eta nora daramaten ez dakien

eskaileretan zehar da igotzen.

 

 

BULARRAK

 

Nire hatsak apenas kulunkatzen dituen

bi muino bare dira,

zain arrasto meheetako

bi fruitu hauskor dira,

asetako bi kopa izan ziren lehen,

urtaro betean

artatsu eta elikagarri,

eta jaten ematen diete oraino

botoizko bi loreri.

 

 

GERRIA

 

Bi zati desberdin

batzen dituen

zubi zinbela,

sorbaldari zutik

eusten dion

enbor malgua,

nire golko akitua

makurtzen du

eta aldaken kulunka

malgua gobernatzen.

Esker onez

zetazko begizta batez

apaintzen dut nire gerria.

 

 

SEXUA

 

Ildo ilunean gordetako

arrosa taupakaria,

nire bizitzaren ibili uherra

berehala suarazten duen

bozkario inarrosizko putzua,

inoiz urratu gabeko sekretua,

zauri oparoa.

 

 

LARRUAZALA

 

Hain bilbe ahula duenez

arantza batek ere du arrakalatzen,

hain zaurgarri denez

eguzkiak kiskaltzen,

hain minbera denez

hotzak ilea lazten.

Baina fereken

gama gozoa ere

hautematen du

nire larruazal meheak,

eta hura gabe nire gorputza

zauri biluzia litzateke.

 

 

HEZURRAK

 

Laudatzen ditut

jantzi epela

eitea

begitarte iheskaria.

Eta ia ahanzten dut

sostengatzen nauen

armazoi manaerraza,

asmamentsua den manikia,

eramaten nauen

eskeleto zalua.

 

 

BIHOTZA

 

Nire ukabil itxiaren

tamainakoa da, omen.

Txikia, beraz,

baina aski da bera

hau guztia

abian jartzeko.

Ondo lan egiten duen

behargina da,

atsedena irrikatzen badu ere,

modu lausoan

ihes egitea espero duen

gatibua bada ere.

 

 

ZAINAK

 

Nire larruazaleko argizariaren azpian

labirinto misteriotsuak

margotzen ditu

zainen

loratze urdinkarak.

Ia ikusten ez den

hidrografia meharra,

desioak eta pozoiak

eta elikagai kutunak

daramatzaten erreten segailak.

 

 

ODOLA

 

Ezkutuan jariatzen da

nire odol azkarraren uhandia.

Lurpeko meandroetan

umotzen den

eta nire bizitza sakonaren

alorra elikatzen duen

ibaia egundokoa da.

Gainezka betetzen nauen

korronte beroa

zauriaren lorean

da isurtzen.

 

 

LOA

 

Habia hain zurian

baretzen da nire bihotza,

kuku egiten duten

fantasma galduek ere

ez dute espantatzen.

Nire loan zehar pasatzen da

nire arnasaren

uhin barea.

Hainbeste ahanzturaren artean

biharko tenorea

da prestatzen,

iraupen laburreko heriotza

bizi dudan bitartean.

 

 

HATSA

 

Ez dakit nondik datorren

naraman haizea,

kontsolatzen nauen hasperena,

nire golkoa mugitzen duen

eta nire hegaldatze ikusezinari

bihotza ematen dion

aire konpasatua.

Kasik ez naiz

haizekirriak dardarazten duen

landarea besterik,

manupeko lanabesa,

haize bafada batek

doinu eginarazitako

flauta liraina.

 

Mexiko, 1970

 

NIRE GORPUTZAREN GORAZARREA
Alaide Foppa

Elogio de mi cuerpo, 1970
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014