BATZUETAN EMAKUMEA...
Alaide Foppa

Aunque es de noche, 1962
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014

 

Batzuetan emakumea

etxeko zokoan ahantzitako

gauza bezala sentitzen da,

hegazti harrapariek barrua

jandako fruitua bezala,

aurpegi eta pisurik gabeko itzala bezala.

Bere presentzia ia ez da

aire mugiezinaren

dardarizo xumea besterik.

Sentitzen du trebes begiratzen diotela

eta lanbro bilakatzen dela

besarkatu nahian ari zaizkion

beso traketsen artean.

Izan nahi luke behinik behin

ume baten eskuan dagoen

laranja zaporetsua

—ez mamirik gabeko azala—

ispiluan distiratzen duen irudia

—ez aienatzen den itzala—

eta inoiz aintzat hartutako

ahots garbia

—ez isilune pisua—.

 

BATZUETAN EMAKUMEA...
Alaide Foppa

Aunque es de noche, 1962
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014