DESTERRUA
Alaide Foppa

Aunque es de noche, 1962
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014

 

Nire bizitza

itzulerarik gabeko desterrua da.

Ez zuen etxerik eduki

nire haurtzaro galdu alderraiak,

ez dauka lurrik

nire desterruak.

Nire bizitzak

nostalgiazko ontzian nabigatu zuen.

Itsas ertzean bizi izan nintzen

zeruertzari begira:

jaramon egin gabeko etxerantz

egunen batean abiatzea pentsatzen nuen,

eta aurreikusitako bidaiak

beste abiaportu batean utzi ninduen.

Amodioa ote, agian,

nire azken badia?

O, gerizarik eman gabe

atxilo hartu ninduten besoak...

Besarkada ankerretik ere

ihes egin nahi izan nuen.

O, beso iheslariak

nire eskuek alferrik bilatu zituztenak...

Etengabeko ihesa

eta irrika etengabea

amodioa ez da portu segurua.

Nire esperantzarentzat

jadanik ez dago lur agindurik.

Desio zimelduez

populatutako herria soilik gelditzen da,

urrunetik paradisu

galdua dirudien

isilpeko aberri hobiratua.

 

DESTERRUA
Alaide Foppa

Aunque es de noche, 1962
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014