NOR ZARA ZU?
Alaide Foppa

Los dedos de mi mano, 1960
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014

 

Nor zara zu, seme berantiar hori?

Uste dut aurreko seme-alabez

zer edo zer banekiela

duda eta esperantzazko

lehen egunean bertan.

Baina zu, espero gabeko hori,

nor zara?

zugan, ez nuen inoiz pentsatu.

Nolatan helduko zara

mundu etsai honetara

neuk ere ezagutzen ez bazaitut?

Barkatu, seme:

zuretzat lekurik ere ez zela

iruditu zait eta.

Nire bihotza, ikusiko duzu,

irekitako granada odoltsua da.

Eta ni akitua nago.

Gainera,

beste seme-alabek utzi didaten

nire bizitzaren zati hori

kenduko didazu:

ia deus ez,

baina mingarria zait

gelditzen zaidan azken

hori gabe gelditzea.

Lagundu beharko didazu zu ezagutzen.

Eta beharko du zure bizitzak,

hain kementsu eta sendo,

nirea alaiki irenstea,

eta nik, nigandik urrun

eta oharkabe,

ia damurik ez izatea.

 

NOR ZARA ZU?
Alaide Foppa

Los dedos de mi mano, 1960
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014