NIRE SEME-ALABAK
Alaide Foppa

Los dedos de mi mano, 1960
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014

 

Bost seme-alaba ditut: bost,

nire eskuko atzamarrak bezainbeste,

nire bost zentzumenak bezainbeste,

bost estigmak bezainbeste.

Nireak dira

eta ez dira nireak:

egunetik egunera

gero eta haienago ni,

eta haiek,

gero eta gutxiago nireak.

 

Odolaren bide sekretuari esker,

nire antz apur bat hartu zuten.

Nire begi gaztainkarek distira berriez

begiratzen didate gaur; nire aho alai

eta garbia irritan da, haurren hortz-haginez.

Eta ostera ageri dira misteriotsuki

nire haurtzaroko aurpegierak,

ezkutuan bizi berria espero zutenak.

Jario sakon ordezkaezin, denbora ere

eman nien, nire odola baino nireagoa zena:

ametsen hari etena

eta pentsamenduen nondik norako hautsia;

itxaronaldi luzea, lo galduko gauak,

berritu gabeko atsedena, festak...

Eta iraun gabeko nire eder hauskorraz

denbora laburtu egin zen.

 

Bere horretan jaio zen amodioa aldiro,

niri zeridan fruituak beti

hazi bera sortuko balu bezala

eta nire bihotz oparoan, lore berri bera.

 

O, amodioa, inarroste ospela,

esperantza eta espantua,

eta anparatzen dituen urriki mantua.

 

Nire bizitzatik eman nizkien

odola, amodioa eta denbora.

Baina neronek elikatutako

eraspen agorrezinak

ez ninduen biluzik utzi:

entregatuko nintzateke osoro,

egun oroz,

haietako bakoitzaren alde,

eta bete-betean eta loratua

nengoke ni.

 

Bost seme-alaba ditut,

zabaldutako bost bide,

bost gaztaro,

bost loratze.

Eta bost zauriren

oinazea

eta bost heriotzaren

mehatxua daramadan arren,

nire bizitza mardultzen da

egunez egun.

 

NIRE SEME-ALABAK
Alaide Foppa

Los dedos de mi mano, 1960
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014