BANDERA URRATUA
Pete Seeger

The Torn Flag, 1969
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014

 

Suak hartuta zegoen hiri mindu batean, gauerdiz,

lurrean zetzan tarrataturik nazioko gezur-bandera.

Hurbildu nintzen korrika eta, jende aldrari itzuriz,

handik jasota eraman nuen toki seguru batera.

 

Orduan hartu nuen marradun oihal pusketa zahar hura,

saiatu nintzen ahalik ongien haren zikina garbitzen.

Baina bistan zen jarduna zela gezur bilgarri modura.

Kirats handiak erakarrita euliak ziren hurbiltzen.

 

Nire lanean suharki ari nintzen bitarte horretan,

galde moduko zerbait zioen ahotsa nuen aditu:

«Pixka bat alda nazakezula uste al duzu benetan?

Betsy Ross ez zen txarto aritu, baina akatsak baditut.

 

»Nire urdina ederki dago, zerukoa da kolorez.

Hain burubide goietarako egoki dira izarrak.

Marra gorriek, zazpi direnez, libro gaituzte perilez;

marra zuriek badute, aldiz, aldaketaren beharra.

 

»Marroi barrenkor-goxoko marrak behar nituzke orobat,

urre eta beltz tantatxo batzuk. Hurrena behar duguna:

hegiak berde zerutiarrez zipriztintzea erabat.

Marrak poxi bat okertuz gero ez nengoke hain zurruna».

 

Esnatu eta erantzun nion: «Barregarria da hori.

Aintza Zaharra mudatu denik inork pentsa ez dezala».

Baina gaua da laster gauerdi, beste hiri bat da su gori,

urratua den bandera horren gezurrak entzun ahala.

 

BANDERA URRATUA
Pete Seeger

The Torn Flag, 1969
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014