Mahmud Darwish (1941-2008)
Xabier Boveda

Idatz&Mintz, 70
armiarma.eus, 2021

 

MAHMUD DARWISH
(1941-2008)

 

      Mahmud Darwish palestinarren poeta nazionala da. Palestinaren sufrimendua, eta exilioaren nostalgia haren obraren gai nagusiak dira.

      Galilean jaio zen, Birwa herrixkan, 1941eko martxoaren 13an, nekazari giroko familia batean. Han eman zituen bere lehen urteak, harik eta 1948an, britainiarrak Palestinatik erretiratu eta Israelgo estatua ezarri ondoren, haren familiak etxetik ihes egin behar izan zuen arte. Libanon urtebete eman zuten, eta, Palestinara itzuli zirenean, Israelgo armadak erabat suntsituta topatu zuten Birwa, beste hainbat herrixka bezala. Deir Al Asaden jarri ziren bizitzen modu klandestinoan, eta Mahmudek liburuetan aurkitu zuen babesa, eta hizkuntzaren bitartez —geratzen zitzaion bakarra— bere nortasuna islatzen eta erakusten hasi zen. Orduan, idazteari ekin zion, eta horrekin batera alderdi komunistaren barruko lan politikoan murgildu zen.

      Hogei urterekin bere lehen poema liburua argitaratu zuen, Hegorik gabeko txoriak (1962), arabiar poesia klasikoak eragindako poesia lirikoa. Lau urte geroago, Palestinarekin maiteminduta (1966) izenekoan eskola erromantikoaren eragina sumatzen da. Etapa honetan bere estiloa delikatuagoa bihurtzen da, ez hain zuzena. Ondoren, Darwishen berrikuntza poetikoa dator, poesia abstraktuagoa eginez, eta eremu sinbolikoak garrantzi handia hartzen du. Horrelakoak dira Gauaren amaiera (1968) eta Txoriak Galilean hiltzen dira (1971) liburuak.

      Haren mezu poetikoaren indarragatik, Palestinako herriaren eguneroko sufrimenduaren eta umiliazioaren testigantza zuzena izateagatik eta militantzia komunistagatik, Israelgo agintariek arriskutsuegia zela iritzita, hainbat konfinamendu eta espetxeratze sufritu zituen. 1971n exiliora joan zen, lehenengo Beirutera, baina, Israelek Libano inbaditu ondoren, Mahmud Darwishek Parisen eta Tunisian izan zuen erbestaldia.

      Poemen formarekin eta erritmoarekin esperimentatzen jarraitzen du. Itzal luzearen gorazarrea (1983) eta Arrosa gutxiago (1986) liburuekin perfekzio formalarekin batera sentimenduen intentsitatea eta zintzotasuna lortzen du. Hamaika izar (1992) obrarekin bere goren mailara heltzea lortzen du. Olerki luzeak dira, irudien eta erritmoaren arteko harmonia handia dutenak.

      1996tik aurrera Ramallara joan zen bizitzera, eta Al-Karmel literatura aldizkari ospetsua zuzendu zuen. Baina Israelgo armadak artxibo guztiak suntsitu zituen 2002ko hiriaren setioan.

      1995etik aurrera Darwish poesia metafisikoan murgiltzen da, Ekialde Hurbileko mitologiaren berridazketa ezaugarri duela, epika eta lirika nahastuz: Zergatik utzi duzu zaldia bakarrik? (1995), Murala (2000).

      Hainbat sari jaso zituen, horien artean Lannan Cultural Freedom Price, 2001ean, eta Herbereetako Claus Printzea, 2004an.

      2008ko abuztuaren 9an hil zen Houstonen (AEB).

 

Mahmud Darwish (1941-2008)
Xabier Boveda

Idatz&Mintz, 70
armiarma.eus, 2021