Gogoan izan besteak
Mahmud Darwish

Idatz&Mintz, 70
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2021

 

GOGOAN IZAN BESTEAK

 

Gosaria prestatzen duzun horrek: gogoan izan besteak

(ez ahaztu usoei jaten ematen)

Zeure zereginetan borrokatzen zaren horrek: gogoan izan besteak

(ez ahaztu bakea eskatzen dutenak)

Uraren faktura ordaintzen duzun horrek: gogoan izan besteak

(hodeietatik edan behar dutenak)

Etxera, zeure etxera, itzultzen zaren horrek: gogoan izan besteak

(ez ahaztu kanpamenduetako herria)

Izarrak zenbatuz loak hartzen zaituen horrek: gogoan izan besteak

(badago lo egiteko lekurik ez duenik)

Metaforekin askatzen zaren horrek: gogoan izan besteak

(hitzaren eskubidea galdu dutenak)

Urruneko beste horiek gogoan dituzun horrek: gogoan izan zeure burua

(esan: ai, ilunpetan argizaria banintz!)

 

Gogoan izan besteak
Mahmud Darwish

Idatz&Mintz, 70
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2021