Altzifrea hautsi egin da
Mahmud Darwish

Idatz&Mintz, 70
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2021

 

ALTZIFREA HAUTSI EGIN DA

 

Altzifrea hautsi egin da minarete baten gisa

eta loak hartu du bidean

bere itzal sotil,

berde, bera bezalako ilunean.

Horrela. Inork ez du minik hartu.

Autoak arin igaro dira haren adarren gainetik,

hautsak kristalak estali ditu…

Altzifrea hautsi egin da baina

usoak ez du bere habia ofiziala

auzoko etxera eraman.

Txori migrari bi hegaz ibili dira inguruan

eta keinu batzuk egin dizkiote elkarri.

Andre batek auzokoari galdetu dio:

ekaitzen bat izan da, orduan?

Besteak erantzun: ez, eta bulldozerra ere ez.

Baina altzifrea hautsi egin da.

Haren hondar ondotik igaro direnek esan dute:

Agian nekatu egin da arretarik ezaz

edo zaharregia zen, luzea baitzen jirafa baten lez

eta balio gutxikoa inarra baten antzera

eta maitemindu birentzako gerizperik ere ez baitzuen ematen.

Mutiko batek esan du: nik hutsik egin gabe marraztu dezaket,

itxura erraza du marrazteko. Neskato batek esan du:

gaur zerua osagabe dago altzifrea hautsi egin da eta.

Gazte batek esan du: gaur zerua osorik dago

altzifrea hautsi egin da eta.

Eta nik neure kautan:

ez dago ez misteriorik ez ziurtasunik,

altzifrea hautsi egin da, eta hori da dena,

hautsi egin da.

 

Altzifrea hautsi egin da
Mahmud Darwish

Idatz&Mintz, 70
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2021