Amari
Mahmud Darwish

Idatz&Mintz, 70
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2021

 

AMARI

 

Minez oroitzen ditut amaren ogia

amaren kafea

amaren laztanak…

Egunetik egunera

umetako akorduak handitu egiten dira nire baitan.

Eta bizitzari eutsi egiten diot,

zeren hilez gero

lotsatu egingo naiz amaren malkoekin.

Egunen batean bueltatzen banaiz,

bihur nazazu zure betileen edergailu,

estal itzazu nire hezurrak

zure oinatzek bedeinkatu duten belarraz,

eta lotu nazazu zure ile-xerlo batekin

edo zure jantzi hegaleko hari batekin.

Baliteke jainko bat bihurtzea,

bai, jainko bat,

zure bihotzaren erdia ukitzea lortzen badut.

Bueltatzen banaiz, bihur nazazu

zure su irazekiaren egur

edo zure etxeko terrazako eskegitzeko soka,

zeren ezin baitut eutsi

zure eguneroko otoitza barik.

Zahartu egin naiz. Emazkidazu umezaroko izarrak

txori txikiekin abiatu nadin

itzulerako bidean

zu zain zauden habiarantz.

 

Amari
Mahmud Darwish

Idatz&Mintz, 70
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2021