Neskatoa eta garrasia
Mahmud Darwish

Idatz&Mintz, 70
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2021

 

NESKATOA ETA GARRASIA

 

Hondartzan neskatoa dago, neskatoak familia du

eta familiak etxe bat.

Etxeak ate bat eta leiho bi ditu…

Itsasoan, gerraontzi bat jolasten ari da

hondartzan dabiltzanak tirokatzen: lau, bost, zazpi jausten dira

harearen gainean. Neskatoa ozta-ozta salbatzen da

lainozko esku bati esker.

Halako esku zerutiar bat. Oihuka dio: Aita!

Aita! Altxa nazazu, itzul gaitezen: itsaso hau ez da guretzat.

Aitak, bere itzalarekin meztiturik, ausentziaren agonian,

ez du erantzuten.

Neskaren ahurrak odolez, hodeiak odolez.

Haren garrasiak hegaz egiten du berarekin batera,

hondartzatik urrun eta goraka. Garrasia gau mortuan.

Ez dago oihartzunik oihartzunean

eta neskatoak garrasi eternala

azken orduko albiste bihurtzen du, segituan ahaztuko dena

hegazkinak ate bat eta leiho bi dituen

etxe bat bonbardatzera datozenean berriro.

 

Neskatoa eta garrasia
Mahmud Darwish

Idatz&Mintz, 70
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2021