Ziegak ez du murrurik
Mahmud Darwish

Idatz&Mintz, 70
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2021

 

ZIEGAK EZ DU MURRURIK

 

Ohi bezala,

nire ziegak salbatu egin nau heriotzatik

eta pentsamendu ugerretik

eta ideia ahituen engainutik.

Sabaian nire askatasunaren aurpegia topatu dut,

eta laranjondoen baratzea,

eta gudako hautsen artean

izena galdu zutenen izenak.

 

Orain banoa amodioa deklaratzera,

ederra da hori,

beraz, ez egon triste igande arratsetan

eta esan errime auzo guztian:

eztegua datorren

urte hasieran ospatuko dugu.

 

Txoriek ihes egiten didate ukabiletik,

izarrak urrundu egiten zaizkit… eta baita jasmina ere;

dantzariak gero eta gutxiago dira

eta zure ahotsa garaia baino lehen itzaltzen da,

baina nire ziegak,

ohi bezala,

salbatu egin nau heriotzatik,

nire ziegak…

Sabaian askatasunaren aurpegia topatu dut,

eta zure bekokiak dir-dir egin du

murruaren gainetik.

 

Ziegak ez du murrurik
Mahmud Darwish

Idatz&Mintz, 70
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2021