BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979

 

 

VII
OILAR MUTU BAT ETA BEDERATZI OILO ZUHUR

 

      Bazegoen antikualean eta badago gaur egun, haren santutasunagatik guztiz famatutako monja komentu bat, bere ospe ona ez zikintzeagatik izenik aipatuko ezteraukadana. Bertan, bere abatesa nagusiarekin, zortzi andre bizi ziren, guztiak gazte, eta bere baratze ederrean hortu-zain, gizon urrikari bat zedukaten morroi. Eta bere soldatarekin akort etzegolakotz, kontuaren eskatu zitzaien andreei, eta bere herrira, Lamporcochiora, itzuli zen. Eta kontentuz errezebitu zuenen artean, nekazale gazte bat zegoen, indartsu eta morrosko, eta kaletarra balitz bezala, itxura onekoa. Masetto zeritzan, eta heldu berriari galdatu zion non egon zen hain luzaro. Gizonak, Nuto zeritzanak, ongi erantzun zeraukan, eta Masettok monasterioan zer ofizio jokatu zuen galdatu zeraukan. Honi Nutok, honela ihardetsi zeraukan: 

      «Baratze eder eta handi bat laboratzen nian, eta gainera, noizean behin, egur bila nindioan basora, eta hura garraiatzen nian, eta halako lan arinetan aritzen ninduan, baina pagatzen zerautadaten soldatarekin, apurraren apurrez, ezin galtzarik ere eros niezakeen. Gainera, monja guztiak gazte zituan eta gorputzean deabrua zutela zirudian, eta horrela etzuan ezer haien gustora egiten, aitziti ere, hortuan lan egiten nuenean, batak erraten ziraudaan: —Hau hemen ezarrak—, eta besteak: —Hura hemen ezarrak—, eta hirugarrenak, haitzurra eskuetatik kentzen zerautadala baziostaan: —Hau eztiagok ongi—, eta horrekin hasarratu egiten nindiaten, ni, lana utzirik, hortutik aldaratzen nintzen arte. Haien kontatoreak, joan nintzenean, ofizio honetako inor ezagutzen baldin banuen, igor nizaiola eskatu zerautadan, eta nik hala prometatu niraukoan; baina Jainkoak merzede handiak eginen dirauzkiok, nik inor igortzen baldin baderaukat».

      Masettok, Nutoren hitzak entzun zituenean, monja haiekin egoteko desir biziak sentitu zituen, bertan gutiziak guztiz beteko zituela segurutzat ematen zuelakotz. Eta baldin Nutori ezer erraten bazeraukan halakorik gertatuko etzela iruditurik, honela erran zeraukan:

      «Handik eskapatzeaz, ongi egin duzu. Gizonak, zer egin ote du andra artean? Hobeki liegokek deabruekin, zazpi andretatik seik ez bai dakite zer nahi duten».

      Arrazoin hauk bukaturik, haien aurrean nola presentatuko zen hasi Masetto pentsatzen. Nuto mintzatu zitzaikan ofizioa ongi ezagutzen zuen, baina gazteei eta irudi oneko ikustea ametatuko ez ote zuten kreintatzen zuen. Eta bere buruarekin mila fantasia irudikortu zituela, hau asmatu zuen:

      «Leku hori urrun asko omen dago hemendik, eta bertan inork ez nazagu. Mututzat har-erazitzen baldin badut neure burua, segur nago ametatuko nautela».

      Eta argudio honekin pozgarriturik, soinean kargatu zuen haizkora, eta inori zoan erran gabe, eskeko pobrearen gisan sartu zen komentuan, eta bertan, zorteak hala nahirik, kontatorea aurkitu zuen, eta mutu balitz bezala keinuka. Jainkoarren eskatu zitzaikan jatekoaren, basoko egurra eginen zerautzala trukean. Pozik eman zeraukan besteak jaten, eta Nutok ebakiko ez zukeen sibil baten aurrean baratu zen, baina gazteak, hain zen bortitz, non denbora guztiz laburrean ebaki zuen. Kontatoreak, basora joan behar zuenez geroztik, berekin eraman zuen, egur gehiago ebaki erazi zeraukan, gero aurrean jarri zeraukan astoa, eta keinuka ordenatu zeraukan komentura eraman zezala. Ongi obeditu zeraukan erori gazteak, eta kontratoreak, behar zuen beste zenbait gauzatan zerbitza zezan, berekin gorde zuen mutila beste zenbait egun gehiagotan. Eta abatesak ikusi zuen behin, nor zen galdatu zuen, eta besteak honela erantzun zeraukan:

      «Gizon mutu urrikari bat, andrea, limosna eske etorri zena, zeinari behar genuen zenbait mandatu agindu bai neraukan. Baratzea laboratzen baldin baleki, eta gurekin gelditu nahi baldin balu, zerbitzu onak errendatuko lerauzkegula uste dizut, ez-behar eta pobre bait dabil, eta indartsu eta bortitz bait da, eta edozer gauza egin ahal baidezake. Eta gainera, zure andre guztiekin denbora alfer hitz aspertutan eman dezan, ez duzu perilik».

      Abatesak, honela erantzun zeraukan:

      «Ala Jainkoaren fedea, egia diozula. Beha zaitez laboratzen dakien, eta ea nola lotzen deraukazun ongi. Zapata pare bat erregala iezaiozu, eta soineko zaharren bat, lausenga ezazu, eta emozu ongi jaten».

      Hala prometatu zuen gizonak. Masettok, komentua eskobatzen zuen bitartean oro entzun zuen, eta bere golkorako erran zuen kontentuz:

      «Hemen ezartzen baldin banauzue, inoiz laboratu derautzuezan dizueten bezala laboratuko derautzuet nik hortua».

      Ezin hobeki laboratzen zuela ikusirik, han gelditu nahi zuenez galdatu zion keinuz kontadoreak. Eta keinuz ihartdetsi zeraukan Masettok baietz, eta gizonak, hura ontzat harturik, baratzea begiratzeko eta gobernatzeko egitekoa jarri zeraukan, eta bere gainerako bete-beharrak ordenatu zerautzan, eta gero, komentu haretako beste zer-eginetara abiaturik, bertan bera utzi zuen.

      Eta egunetik egunera gogorki trabailatzen zela, ziriak sartzen eta adarrak jotzen zitzaitzan monjak, eta mutuekin hain maiz gertatzen den bezala, adituak ez direla usterik, gogora ezin daitezkeen hitzetan iraingarrienak erraten zerautzaten. Eta haretaz oso guti arduratzen zen abatesa, mintzo gabe bezala belarri gabe ere erizten zeraukala. Eta behin, gogorki lan egin ondoren, atseden hartzen zuen bitartean, baratzetik zebiltzan bi monja gazte, bere zetzan lekura hurbildu zitzaitzan, eta lo egiten zuela ustetan, behatu ere egin zeraukaten; bietatik ausartenak besteari erran zeraukan:

      «Sekretuz hartuko hukeela segur baldin baneki, maiz bururatu zaitadan eta hik ere probetxu atera ahal dezakenan pentsamendua nierrakenat».

      «Mintza hadi», erantzun zuen besteak, «inori ezer erranen ez paiteraukat».

      Eta ausarten hura hasi zitzaikan:

      Eztiakinat inoiz konturatu haizen zein austerki bizi garen, eta hemen batere gizon sartzen ausartzen ez dela, salbu, bere zaharrean, kontatorea, eta bere mutuan, hau. Eta nik, maiz, bisitatu gaituzten andre guztiei entzun dirauenat, munduko eztitasun guztiak burla bat direla, andreak gizonarekin sentitzen dituenen aldean. Horregatik maiz deliberatu naun, beste batekin zein baldin badut, mutu honekin saiatuko naizela, eta are hobeki, zeren hau munduko hoberena baita, inori ezer ezin baiterraioke. Morrosko ergel bat baizik besterik eztela ongi baitakin, zentzuan baino gorputzean aitzineratuagoa. Bozin entzun dinat hire eritzia».

      «Ai ene! Zer diotsan?», deiadar egin zuen besteak. «Geure duntzelatasuna Jainkoari prometatu deraukagula eztakina?»

      «Oi», aldarri egin zuen lehenak. «Anitz promesa zeuden, egunoro konplitzen eztirenak. Halakorik prometatu baldin badinagu, beste bat edo beste anitz bila ezan, konpli dezanik».

      Lagunak erran zeraukan:

      «Eta izorra utzitzen baldin bagaitu?»

      Aitzakia hau atera zeraukan bere adiskideak:

      «Etorri baino lehen haiz gaizkiaren beldur. Etorriko zaigunean, erremedioren bat eridenen diraukonagu. Mila manera aurkitu zitinagu, inork jakin ez lezan, eta horretarako tautik ere eztinagu erran behar».

      Besteari, estakuru hau entzunik, batari baino gogo handiagoak sortu zitzaitzan dastatzekotz nolako animalia den gizona, eta erran zuen:

      «Eta zer eginen dugu?»

      Besteak erantzun zuen:

      «Bederatzigarren ordua dela badakusan. Guk ez-ezik gainerako monja guztiek lo egiten dutela uste dinat. Inor baratzean dagoenez begira dezagun, eta inor baldin ezbadago, ezar diezogun honi eskua gainean, eta iturburuaren gainean dagoen etxolarat daramagun. Bata harekin ahal diagokeen, eta besteak arta ahal diken inor ezdadin ager. Eta hain ergel denez gero, gure gutiziei makurtuko ziaien».

      Masettok arrazonamendu hau entzuten zuen, eta burua makurtzeko prest, haietatik batek harrapa zezala zain zegoen. Eta biek oro ongi ikertu eta inork haiez axolarik hartzen ez zuela azterturik, gertakaria asmatu zuena Masettori joan zitzaikan, iratzarri zuen, bera zutitu zen, eta neskak, laztan balakagarriez, eskutik hartu zuen, eta mutilak zoroki irri egiten zuen bitartean, etxolara eraman zuen; bertan gehiegi erregu-erazi gabe, Masettok galdatzen zitzaikanari amore eman zeraukan. Eta monjak, guztizko lagun leiala zenez gero, ongi ase eta rasiatiatu ondoren, bestea deitu zuen, eta honek, nahi zuenari ere makurtu zitzaikan, ergel huts baten manerak inoiz ahaztu gabe. Eta honela, handik aldaratu baino lehen, zein-bederak, berriro jakin nahi ukan zuen nolakoa zen mutilaren behorrez ibiltzeko arterioa, eta gero, elkarrekin hitzbidean, arguditzera etorri ziren lan hura uste eta erran baino eztiagoa zela. Eta aurrerantzean, ordu egokiak hautaturik, mutilarekin dastatzera zioazen.

      Baina egun batez, haien lagun batek gelako lehiatilatik ikusi zituen, eta beste bi laguni erakutsi zerauzten. Ezer baino lehen, abatesari denuntziatzeko pentsamenduak sortu ziztzaizten, baina gero, opinionez mutaturik, gogo batez hasi ziren Masettoren trebetasunaz gozatzen, eta zenbait egokieraren bitartez, hirurek ere jakin zuten mutuaren konpainiaz. Eta geroxeago, abatesak, oraindik halako gertakariez ohartu ezpazen ere, bero handiko egun batez, baratzetik bera bakarrik paseadan zetorrelarik, Masetto eriden zuen, zeina, eguna bazen ere gauean behorrak hezteko nekeaz nekaturik, arbola batetako gerizapean lotara etzan bait zen. Eta haizeak erropa guztiak eraiki zerautzala, hura bera zegoen estalkirik gabe. Eta biluzitasun harek, andreak ikusi zuela eta bera bakarrik zegoela, monjattoen gutizia ber-beretan eror-erazi zuen, eta Masetto iratzarririk, bere salara eraman zuen eta bertan zenbait egunetan gorde zuen, hortua laboratzera jalgitzen etzitzaitzala ikusirik, monjen tristura handirekin. Eta abatesak dastatu eta arra-dastatu zuen eztitasun hura, besteetan lehenago kondenatu zuena. Azkenean, bere lo-tokirat igorri zuen, eta berriro ere bilatu zuen, eta besteek ere bilatzen bait zuten gizonak hainbeste andre ezin ase zezakeelarik, mutu irauteaz kalte haundia ahal lezarkeola pentsatu zuen, eta gau batez, abatesarekin zegoelarik, huraganik apartatzerakoan, honela hasi zitzaikan erraten:

      «Inoiz aditu dizut, andrea, oilar bat abastant dela hamar oilotarako, baina hamar gizon eztirela asko andre bat asetzekotz; baina nik bederatziri jokatu behar diraukozut komeria. Munduko ezergatik ere ezin persebera zezakezut komenientia honetan, zeren egin dudanarekin halako fin batetara hurbiltzen nauzu, non jadanik ezin baitaidit ez guti ez anitz, eta Jainkoaren bakearekin joaten utzitzen ezpanauzue, ene premiarako erremedioren bat topatu behar duzue».

      Andrea, mututzat zeukana horrela mintzatzen entzunik, biziro harritu zen, eta erran zuen .

      «Hau, nola da? Mutu uste hindudan».

      «Andrea», erran zuen Masettok, «hala ninduzun baina ez jaiotzez, ezpada mintzoaz jabetu ninduen eritasun batez zeina, gaur arte, ezpaitzait atzera bihurtua izan, eta horregatik, neure ahal guztietan laudatzen dizut Jainkoa». Sinetsi egin zeraukan andreak, eta bederatzi andre zerbitzatze hura zer gauza zen galdatu zeraukan. Oro kontatu zeraukan Masettok, eta bera habilago zen monjarik etzegoela oharturik, hain zuhur eta prudent zenez gero, Masettori handik joaterik etzeraukan permetatu, eta bere monjekin remedio bilatzera adostu zen, Masettoren kausaz etzedin monasterioa kondenatua izan. Eta egun haietan kontatorea hil zitzaienez gero, haik, aho eta gogo batez, anartean ezkutuan egiten zutena elkarri aitortzen eraukatelarik, akortio batetara etorri ziren, eta Masettoren laket handiz, aldirietako jendeei sinets-erazitzekotz haien orazioneek eta monasterioa konsekraturik zegoen Jaundone Santuaren merezimenduek bihur-erazi zeraukatela Masettori hain luzarotik galdua zuen mintza-bidea; eta kontatore izendatu zuten, eta gizonaren nekeak elkarren artean hain zuhurki repartitu zituzten, non guztiz eroso soportatu eta sufritu ahal ukan baitzituen guztiak. Eta haien artean, gizon onak aski bereterto engendratu bazuen ere, hain artatsuki eta trebeki gonernatu zen egitekoa, non abatesak iragaitza ona ukan arte, ezpaitzuen inork inon berririk ikasi. Masetto, zahar aita eta aberats zelarik, bere gaztaroan bere haurrak hezteko trabailua gabe bere burua ongi gobernatzen jakin zuelakotz, soinean haizkora zeramalarik, gaztean irten zen herrira itzuli zen, bere barrenean pentsatzen zuelarik, ongi tratatzen dituela Kristok, bekokian adarrak jartzen derautzatenak.

 

BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979