BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979

 

 

III
PURGATORIOKO ANIMA BENEDIKATU BAT

 

      Bazegoen lehen Toskanan, eta badago orain ere, monasterio bat, beste anitz bezala, gizonek oso gutitan bisitatutako aurkientzan lekutua, eta bertan izendatu zuten abate gauza guztietan santu baina andra-kontuetan bekatari handi zen fraide bat. Baina bere bekatu hoik guztiz artoski eta trebeki egiten zituen, eta inork ez zuen haretako ez berririk ez aierorik; horregatik gauza guztietan santutzat eta zuzentzat edukitzen zutelarik. Abatearekin adiskidantza hartu zuen burges guztiz aberats batek, Ferondo izenekoa hura, gizon guztiz gaizki hazi eta hezia, eta abateak harekin ez zuen beste atseginik, haren arloteriak eragiten ziona baizik. Eta adiskidantza hura mamintzen zen bitartean, abateak jakin zuen ezen Ferondok guztiz emazte eder bat zuela, eta halako moldez amoratu zen harez, non ez bait zuen besterik pentsatzen ez gauez eta ez egunez. Baina erdi etsirik zegoen, zeren baitzekien ezen Ferondo, guztiz arlote eta ero gauza askotan, bere andrea ongi maitatzeko eta hobeki gordatzeko guztiz zuhur eta prudente zela. Baina trebetasun handitan ibilitako gizona zenez geroztik, Ferondoren bihotza ukitzen jakin zuen, eta monasterioko jardinean entretenitzera bere emaztearekin etor zedila delibera-erazi zeraukan, eta bizitze eternalaren dohatsutasunaz eta antigualeko gizon-andre askoren aktione santuez mintzatzen zitzaien. Horregatik, zitzaitzan, eta senarrari lizentzia eskatu eta lortu zeraukan. Hala joan zitzaion andrea abateari kofesatzera, eta gainera atsegin handiz, eta beste ezer erran baino lehen, hau erran zeraukan: 

      «Jauna, Jainkoak senarrik eman ezpaleraut, eman derautadan bezala, atsegin ukanen nizun, zure irakaskintzen arauera, bizitze eternalaren bidean abiatzea, zuk arguditu derautadazun bezala. Baina nik, Ferondo zein den eta haren ergeltasuna norainokoa den konsideraturik, alarguntzat har ahal zezakezut neure burua, ezkondurik nagoenez geroztik, beste senarrik ezin har ez badezaket ere. Eta harek, nola den hain ergel eta neurririk eta arrazoinik gabe ene jelos, hala guztiz ezin egon eta zori-gaizto batetan nadukazu, eta jadanik, ezin bizi naitekezu, harekin. Eta honela, beste aitortzetara heldu baino lehen, umilki erregutzen derautzut, honetaz kontseiluren bat eman diezadazula, zeren hortik ezpaderaukazu gaikiari senda-biderik bilatzen, balio guti ukanen dizu kofesatzeak eta beste edozein ongik».

      Argudio honek abatearen gutiziak biztu zituen, eta patuak bere gurari nagusiaren bideak irekitzen zerautzala iruditu zitzaikan, eta honela erran zuen:

      «Aise endelegatzen dizut, alaba, zu zaren bezain gazte polit eta eder bati enoiagarri izateko zaikala, senartzat gizon ergel bat edukitzea, baina are gaizkiago iruditzen ziaidazu, jelos izan dadila, eta horregatik, zuk bi gaizkiak sufritzen dituzula ikusirik, nekerik gabe sinesten zitizut zure larritasunak. Baina horri, azken fin batean, batere kontseilurik ez erremediorik eztiraukozut ikusten, aldez aurretik bere jelosiak sendatzen ezpaderatzagu Ferondori. Bera sendatuko duen medizina bat badakit apaintzen, argudituko derautzudana sekretuan gordatzen baldin badakizu, behintzat».

      Erran zuen andreak:

      «Eztagizula horregatik dudarik, ene aita, zeren lehenago utziko nindukezu hiltzen, zuk ez erratea ordenatuko derautadazuna inori erran baino; baina orain aditzera ematen didazun hori, nola eraman daiteke burura?»

      Erantzun zuen abateak:

      «Senda dadila gura baldin baduzu, purgatoriora bidali behar dugu».

      «Eta nola», erran zuen andreak, «bizirik doake hara?»

      Erran zuen abateak:

      «Horretarako hil dadila komeni duzu, eta horrela joanen duzu hara, ete nekeen indarrez jelosia senda dakionean, otoitze jakin batzuren bitartez erregutuko deraukozugu Jainkoari, bizitze mortal honetara erakar dezala berriro».

      «Horrela, alargun utziko naua?», erran zuen andreak.

      «Bai, zenbait denboraz», ihardetsi zeraukan abateak, «eta bien bitartean, arta hartu behar dizugu, inorekin ere ez berriz ezkon zaitezen, Jainkoak gaizkira hartuko bailuke. Eta Ferondo bihur dadinean, hari itzuli behar baiteraukazu, inoiz baino jelosago lukezu».

      Andreak erran zuen:

      «Patu gaitz horretatik sendatuko baldin bada, edozertara nagozu prest: Atsegin duzuna egizu, beraz».

      Orduan, erran zuen abateak:

      «Hala eginen dizut; baina, zer galardoa errezibituko dut nik zerbitzu horren truk?»

      «Ene aita», erran zuen andreak, «komeniko zaitzuna, ene eskuetan baldin badago, behintzat; baina ni bezalako andre urrikari batek, zer eman ahal diezakeo zu bezalako gizon horren jakintsu bati?»

      Eta honi abateak honela erantzun zeraukan:

      «Andrea, zuk ene fabore, nik zure fabore bezainbat egin ahal dezakezu; eta hala nola ni zure ongia eta kontsolamendua egitera prestatzen naizen, zuk ere ene bizitzearen osagarria eta kontsolamendua burura eraman ahal dezakezu».

      Erran zuen andreak:

      «Hala baldin, ni gerturik niagozu».

      «Beraz, orduan», erran zuen abateak, «zeure amorioa emanen deratadazu, eta zeurekin kontenta nadila erdietsiko duzu, halako sukarretan eta gutizietan bizten bainaiz».

      Andreak, hau entzun eta gero guztiz espantaturik, honela eman zeraukan arrapostua:

      «Zeren eskatzen zitzaiztadazu, neure aita? Gizon santu bat zinela uste nizun. Gauza egokia da emakumeak kontseilu-eske doazkien gizon doatsuek halako eskaerak egin dietzezan?»

      Eta honi hau erran zeraukan abateak:

      «Ene arima eder hori, ez zaitezela mirets, hori ez bait da santutasunaren gutiespenerako, honek espirituaren barrenean gordeten bait du bere etza-lekua, baina ni eskatzen natzaizuna gorputzaren bekatua duzu. Baina dena den bezala, zure edertasun lerdenak hain indar handia duenez, geroztik, amorioak horretara eragiten niauzu; eta honela diotsut, beste edozein andre baino gloriaago ahal zaitezkeela zeure edertasunaz, santuon atseginekoa bait da, eta hauek paradisukoak ikustera ohiturik gaituzu. Gainera, abate banaiz ere, besteak bezain gizon nauzu, eta, ongi ikus ahal dezakezun bezala, ez oraindik zahar. Eta diozudanagatik ezdadukazu zergatik damurik har, zeren horrela, Ferondo purgatorioan dagoen bitartean, ni lagunduko natzaizu, eta berak egin behar zerauzkizun kontsolamenduak, nik eginen derauzkizut. Inork ez dizu hori jakinen, gutiek baitariztate zuk dariztazu bezain santu, edo are santuago. Jainkoak eskaintzen derautzun doainik, ez dezazula uka, zeren zuhurtziaz ene kontseilua hartzen eta segitzen baldin baduzu alkanzatuko duzuna, anitzek gutiziatzen bait dute. Joia aberats eta karioen jabe nauzu, zureak oro izanen direnak. Egizu, bada, enegatik, ene esperantza eztia, nik zuregatik gogo onez egiten dudana».

      Andreak aurpegia lurrera makurtu zuen, eta eskatua ematea ongi iruditzen ezpazitzaikan ere, etzekien nola bere burua uka. Abateak, erantzuna luzatzen zuela ikusirik, gogoa erdi-irabazi zeraukala uste ukan zuen, eta honela, lehen hitzei, beste batzurekin eman zerauen segida, eta solas harekin berehala sinets-erazi zeraukan, bera eskatzen zitzaikana ongi zela.

      Eta andreak, lotsaturik, edozertara prest zegoela erran zeraukan, baina ez zela ezer gertatu behar, Ferondo purgatoriora joan baino lehen. Eta abateak, bozaren bozez, honela ihardetsi zeraukan honi:

      «Berehala joan-eraziko diogu. Bihar edo etzi bisitatzera datorkidala ahalegin zaitez».

      Eta hau erranik, andreari eskuan urrezko eraztun guztizko eder bat jarri eta despedida eman zeraukan. Andrea, dohainarekin kontent eta gainera beste anitzen esperantzan, bere lagunekin bildu zen, eta abatearen santutasunaz mila diosale kontatuz, haiekin bihurtu zen etxera. Handik gutira, abatiara joan zen Ferondo, eta abateak, hura ikusi bezain laister, purgatoriora igortzera erabaki zuen. Eta Orienteko lur-aldeetan printze handi batek erregalatu zerautzan bertute miragarriko hauts batzuk hartu zituen, Mendietako Agureak, inor loak har-erazirik, bere paradisura eraman edo handik ekarri nahi zuenean usatzen omen zituenak, batere zauririk edo kalterik geldi zekitzan gabe, hilik bezala utzitzen zutena; eta hiru egunean lotan egon zedin kantitate sufizientea harturik; Ferondo kontura zedin gabe, beira edo edal-ontzi bete ardotan bota zituen, eta hari eman zeraukan edaten. Gero klausteriora eraman zuen, eta harek eta haren fraideek gizonaren ergelkeriaz egin zuten barre. Barreok ez zuten luzaroegi iraun, hautsen poderioz, bet-betako lo sakon batek hartu bait zuen Ferondo, halako moldez non, zutik egonik ere, lurrera erori baitzen lotan. Abateak, ez behar harek desgogotzea irudia eginik, gerrikoa erauntz erazi zeraukan, ur hotza bota zeraukan aurpegira, eta beste mila erremedio asmatu zuen, estomak-butz batetatik edo halako beste minen batetatik sendatu nahi balu bezala. Baina abateak eta fraideek, guzti harek Ferondori batere onik egiten ez ziola ikusirik, poltsua hartu zioten, eta hura ez aurkiturik, hiltzat eman zuten, andrea eta ahaideak abisatu zituzten, eta guztiz etorri ziren, eta zenbait negarren ondoan, abateak, hilak zedutzan bestimendekin berekin katabut batetan sar zezatela agindu zuen. Andrea bere etxera itzuli zen, eta bere senarrarekin, zedukan haurtso bateganik separatu nahi ez zela esan zuen, eta beraz, etxean gelditurik haurtxoa eta Ferondoren aberastasunak gobernatzen hasi zen. Abatea, Boloniatik etorri berri zegoen fraide lagun batekin, gauean jaiki zen isilik. Hilobitik atera zuten Ferondo, eta bekatu publikoak egiten zituzten fraileen presondegitzat zedukaten kalabozo ilun-ilun batetan sartu zuten. Bertan, bere erropak erauntzi zerautzaten, eta lasta zama baten gainean atinik utzi zuten, itzar zedin zain. Eta fraide boloniarrak, zer egin behar zuen abateak ongi informaturik, itzartze hari iguriki zeraukan. Biharamunean, abatea, eta berarekin haren zenbait fraide, kontsolamenduak emateko aitzakiarekin, andrearen etxera joan zen, eta auhenez beterik eta beltzez bestiturik aurkitu zuen. Hura kontsolatu zuen, eta argiro gogoratu zeraukan bere promesa. Andreak, bere burua libre eta Ferondoren edo beste inoren enbarazoa gabe ikusirik, baietz, prest zegoela erran zeraukan, eta hurrengo gauean elkar ikusiko zutela gelditu ziren. Eta gau hura gauturik, abatea, Ferondoren erropez bestiturik eta fraide baten laguntzaz, hara joan zen, eta laketez eta atseginez etzan zen berarekin eguna urratu arte. Gero, monasteriora itzuli zen, eta maiz ibili zuen bide hura, hain egiteko plazenta burura eramateagatik. Eta batzuek, joan etorriok ikusirik, Ferondo hil eta ondoko penitentziatan zebilala uste ukan zuten, eta hunetaz luzaro mintzo izan ziren hiriko jende arloteak, eta andreari ere honela kontatu zeraukaten, honek guztia inork baino hobeki jakin arren. Fraide boloniarra, Ferondo bere senera bihurtu eta non aurkitzen zen ere ez zekienean, eskuan zihor bat zekarrela, barrenera sartu zen, eta deiadar ozenekin inongo jipoina eman zeraukan. Ferondok, negarrez eta aldarrika, honela galdatu zuen:

      «Non nago?»

      Eta fraideak honela erantzuten zeraukan:

      «Purgatorioan hago».

      «Nola?», erran zuen Ferondok. «Hil naiza?»

      Erran zuen fraideak:

      «Bai».

      Honekin, Ferondo bere emazte semengatik hasi zen negarrez, munduko gauzarik bitxienak erraten zituela. Fraideak jatekoa eta edatekoa eraman zeraukan, eta Ferondok honela erran zeraukan:

      «Hilok jan egiten dugua?»

      Erran zeraukan fraideak:

      «Bai, eta orain dakarkizudan hau, heure emazteak bidali zian goizean elizara, hire arimaren alde mezak erran zitezen, eta honela nahi dik Jainkoak, aditzera emana izan dakiala».

      Erran zeraukan orduan Ferondok:

      «Urte on demola Jainkoak! Hil baino lehen anitz maitatu ninduan, gau osoan bai nedukan besa-artean, eta hura laztandu, eta atsegin nuenean are gauza eztiagoak baizik, ezpai nuen egiten».

      Eta gero, gose handiak zegoela konturaturik, jaten eta edaten hasi zen, eta ardoa onegia iruditu etzitzaikalakotz, honela erran zuen:

      «Gaizki diazogu hau, Jauna; berak ezpaitu bidali, pareteren kontra dauden zahagietako ardotik».

      Eta jan ondoren ere, fraideak, lehengo zihor berberarekin, inolako jipona erregalatu zeraukan. Eta Ferondok, ez oihu gutiren artean, honela galdatzen zuen, harriturik:

      «Zergatik egiten derautadak hau?»

      Eta erran zeraukan fraideak:

      «Jainko gure Jaunak, egunero birritan honela egin dadila ordenatu duelakotz».

      «Zergatik?», galdatu zuen Ferondok.

      Erran zuen fraideak:

      «Jelos izan hintzelakotz, emaztetzat aurkituriko andrerik hoberena eduki arren».

      «Ai ene», auhen egin zuen Ferondok, «eta zein ongi dioan! Bai, eta eztiena ere, erla-berasketako eztia bera baino eztiagoa baitzen; baina Jainkoak jelosia parte gaiztoan hartzen zuenik ez niekian, bestela ez bait nintzen jelos izanen».

      Erran zuen fraideak:

      «Han egon hintzen artean hartu behar huen kontu eta emendatu, eta bertara itzuliko bahintz, oroit albaihendi orain zer egiten derauadan, eta ez aizela inoiz jelos».

      Erran zuen Ferondok:

      «Hiltzen direnak, inoiz bihurtzen direa?»

      Erran zuen fraideak:

      «Bai, Jainkoak hala baldin nahi badu».

      «Oi», erran zuen Ferondok, «mundura bihurtzen baldin banaiz, munduko senarrik hoberena izanen nauk. Eztiat inoiz joko, ezterauat inoiz aurpegira ezer erreprotxatuko, salbu egun bidali derautadan ardoa. Baina batere kandelarik ezdik bidali, eta ilunbean barazkaldu ukan behar ukan diat».

      Erran zuen fraideak:

      «Bai, bidali zitian, baina mezatan akabatu ziren».

      «Egia diok, antza», ihardetsi zuen Ferondok, «eta bertara itzul banadi, bere gogo guztiak egiten utziko dirauzkioat. Baina erradak, hau egiten derautadaan hori, nor haiz hi?»

      «Hilik niagok ni ere, eta Sardiniakoa izan ninguan. Eta neure ugazabari jelos izatea laudatzen neraukalakotz, hiri edaten eta jaten ematera eta zihor-kolpeak jotera kondenatu niauk Jainkoak, Berak hirekin eta biokin beste erremedioren bat asma dezan arte».

      Erran zuen Ferondok:

      «Hemen, hi eta bioz gainera, ez dagoa inor besterik?»

      Erran zuen fraideak:

      «Bai, milaka; baina hik ezin entzun ez ikus ahal ditzakek, eta ez haiek hi».

      Erran zuen orduan Ferondok:

      «Zer distatzen dugu hemendik lurrera?»

      «Oi», erran zuen fraideak. «Ezin konta ahal legoa».

      «Hainbeste baldin badago», erantzun zuen Ferondok, «mundutik kanpoan egoteko garela segurutzat diadukoat».

      Eta arrazonamendu hauen eta antzeko beste anitzen artean, horrela jaten eta edaten zuela, eta horrela zihortua izaten zela, Ferondok hamar hilabete iragan zituen, eta epe haretan abateak haren emaztea bisitatu zuen maiz, eta bere gogara gozatu eta zaporatu zuen. Baina asturu gaitzen bat gertatu behar bait da beti, izorra gelditu zen andrea, eta luzamendurik gabe erran zeraukan abateari. Abateari ahalik eta laisterren iruditu zitzakan Ferondo ekarri behar zuela purgatoriotik bizitzera, bere andrearekin bihur zedin, eta honek bere izorratasunaren estatua jakin-erazi ziezon. Eta abateak bere presondegian Ferondo deiturik, boza disimulatu eta desgisatu ondoren, honela erran zeraukan:

      «Ferondo, kontsola hadi, Jainkoari baitiotsa hi mundura bihur hadin, eta bertara ailegatzean seme bat ukanen duk, eta Benito eritziko deraukak, zeren abate santuaren eta heure emaztearen eta Aita San Benitoren otoitzei eskerrak egiten baiteraukak Jaunak gratia hau».

      Ferondo, hau eginik, guztiz kontent geratu zen, eta honela erran zuen:

      «Gusto dut. Jainkoak demola urte on mosen gure Jaunari, eta abateari, eta Aita San Benitori, eta ene emazte hain goxo, hain xuabe eta hain politari».

      Abateak Ferondori, edaten zuen ardoan, lau ordutan lo eragiteko asko hauts bota erazi zeraukan; gero, bere erropak jauntzi zerautzan, eta ehortzi zuten katabutaren barrenean sartu zuten. Eta eguna zabaldu zenean, Ferondok, katabutaren irrikituetatik, argia ikusi zuen. Eta hamar hilabetetan batere argirik ikusi gabe baitzegoen, bizirik zegoela iruditu zitzaikan, eta oihuz hasi zen:

      «Ireki iezadazue! Zabal iezadazue!»

      Eta hain gogorki hasi zen estalkia buruarekin kolpeka, non kasik iltze guztiak ken baitzerautzan, eta fraideak, goizeko otoitz aldia finitzera etorririk, huragana laister egin zuten, eta Ferondoren boza ezagutu zuten, eta hura ikusi zuten bere sepulkrotik jalgitzen. Guztiek, gertakariaren rarotasunagatik espantaturik, abateagana egin zuten laister; honek, bere otoitzak utzi irudia eginik, honela erran zuen:

      «Ene semeok, etzaretela beldur. Gurutzea har ezazue, eta ur benedikatua, lagun zakizkidate, eta Jainkoaren botereak zer erakutsi nahi deraukun dakusagun».

      Hala izan zen egina. Ferondo, zerurik ikusi gabe hain luzaro egon zenari zegokion bezain zuri eta zurbil, bere katabutetik jalgitzen zen, eta abatea ikusirik, haren oinean aurrera gurtu zen, honela ziosalarik:

      «Ene aita, errebelatua izan zaitadan arauera, zure otoitzek eta Aita San Benitorenek eta neure emaztearenek purgatorioko oinazeetatik atera eta bizitzera bihurtu nauzue, eta horregatik eskatzen natzaiozu Jainkoari, urte on eta kalenda hobeak denguzkitzuela orain eta beti».

      Erran zuen abateak:

      «Jainkoaren boterea laudatua izan bedi. Hoa, bada semea, Jainkoak honela bihurtzen bai hau, heure emaztea kontsolatzera, beti, bizitze hau utzi huenetik, negarrez egon baitzaik, eta aurrerantzean, haizen Jainkoaren adiskide eta zerbitzari on».

      Erran zuen Ferondok:

      «Jauna, honela errana izan ziaidazu. Nagoen lasai, hura ikusi eta berehala besarkatu bait dut, franko maite dudalakotz».

      Abatea bere fraideekin gelditu zen, gertakariagatik guztirik miresten eta sinestera ematen, eta misererea manatu zuen kantatzen. Ferondo hirira itzuli zen, eta bertan, hura ikusten zutenean, guztiek ihes egiten zeraukaten, harek erresuzitatu zela erraten bazerauen ere. Emazteak ere beldurra hartu zeraukan Ferondori, baina jendea trankildu zenean, bizi-bizirik zegoela oharturik, anitz gauza galdatu zeraukaten, eta herk, kasik zeharo zuhurturik, guztiei ihardesten zerauen, bere ahaideen animen berriak ematen zerauzten, eta argiro eta zorrozki mintzatzen zen purgatorioko gauzez, eta guztien presentzian kontatu zuen, Gabriel Arkangeluak erresuzitatu baino lehen egin zeraukan rebelazionea. Eta guzti honen buruan, bere etxera joanik, bere ondasunak eta bere emaztea berriko posseditu zituen; eta azken hau, bere adimenduaren argitan, izorra bete zuen. Eta zorteak hala nahirik, denbora zenatzean, ergelen eritzian andreak bederatzi hilabete-hilabetetan erditzen bait dira, emaztea seme mutiko batez erditu zitzaikan, eta hura Benito Ferondo bataiatu zuten. Ferondoren itzulkerak eta haren hitzek, guztiei sinets erazi baitzerauen erresuzitatu zela, abatearen fama santua handiagotu zuten; eta Ferondo, bere jelosiaren kausaz hainbeste zihor-kolpe harturik, abateak andreari prometatu zeraukan bezala, gaitz haretatik sendatu zen, eta aitzinerat ez zen jelos izan. Andrea, honestki, harekin bizi izan zen, ohi zuen bezala; baina batzutan, suspizionerik sortuko ez zuenean behintzat, abatearekin tratatzen zen, bere nezesitate handietan eman zeraukan laguntasuna nolabait rengratiatzeagatik.

 

BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979