BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979

 

 

X
XORI ERRUSINOLA 

 

      Ezta denbora anitz, ene dama on-eritziak, Romagnan bizi izan zela zaldun guztiz noble eta aberats bat, Lizio de Vallbona zeritzana. Eta jadanik zahar-tzarotik hurbil zegola, bere andrea ganik, Jakobena gandik, alaba bat sortu zeikan, neskatu zenean lurralde hartako guztirik ederrena eta atseginena suertatu zeikana. Eta nola bakarrik aita-amekin tratatzen bait zuen, haiek guztiz on-eritzia eta artaz begiratua izaten zen, eztai egoki bat egin zezan zain. Lizio jaunarenera joaten zen maiz, eta harekin luzaro mintzatzen zen, mutil gazte eta galan bat , Bretunoro-ko Manarditar familiakoa, Rikardo izenekoa. Hargandik etzuten ez Liziok ez haren andereak ezer ezkutatzen, haien seme maite bat balitz bezala. Eta hark, neskaren edertasuna eta politezia eta manera eta giza-lege laudagarriak maiz ikusirik, zoroki amoratu zen harekin, nahiz eta begiramendu handiarekin ezkutuan gorde bazuen ere bere amodioa. Neskak, oharturik, haren tragazetatik ihes egin gabe, mutila hasi zuen maitatzen hark ere, honen kontentu handiz. Eta egun batez, Rikardok, askotan erran nahi baitzeraukan zerbait hitz-erdi, ausartziaz erran zeraukan:

      «Erregu egiten deraunat, Katalin, ez nazaala amodioz hil-eraz!»

      «Atsegin dunan egitea ez diraukonat neure buruari eragotziko; beraz, hire bizitzea eta enea salbatzea hire eskutan diagon».

      Erran zuen orduan neskak:

      «Rikardo, nola gordetzen nauten ongi dakusak, eta ni ikustera nola ahal hatorkeen ez diakiat, baina afrunturik gabe ahal daidikidan gauzarik erideten baldin baduk, erradak eta nik egin eginen diat».

      Rikardok, gauza asko pentsatu ondoan, hau erran zuen bat batean:

      «Neure Katalin eztia, ez dinat ezer egokirik aurkitzen, ezpada hire aitaren jardinaren aldean dagoen teilatu-pe horretara jalgin hadila lotara, zeren, bertan gauez hagoela baldin badakit, leku guztiz goren batetan badago ere, hartara igaten ahaleginduko bainaiz».

      «Uztezko presta baldin badago, bertan lo egiteko konponduko naizela uste diat», erantzun zuen Katalinek.

      Ados geratu zen Rikardo, eta behin bakarrean eta ezkutuka mosu eman zeraukala, handik joan zen. Biharamunean, maiatzaren bukaera etorria baitzen, neska amari kexatzen hasi zitzaikan gau hartan beroaren handiagatik ezin lo egin zuela. Erran zuen amak:

      «Bero, ene alaba? Ez dun batere berorik izan».

      «Ene ama, neure eritziz erran behar ukan zunan, eta zuzen zeundeke orduan, baina ongi dakizu neska gazteak askozaz beroagoak garela andre zaharrak baino».

      «Hori egia dun, alaba, baina hik nahi hukeen bezala ezin dakarkenat ez berorik ez hotzik. Datozen bezala hartu behar ditun eguraldiak, eta urte-giroek ahal dikuzkegun ezintzat sufritu behar ditinagu. Agian gaur epel izanen dun, eta hobeki lo eginen dun».

      «Jainkoak nahi beu», erran zuen Katalinek, «negutik udara hotzik ez diatorzu».

      «Eta zer egin nezake?» erran zuen andreak.

      «Neure aitak eta zuk atsegin baduzue gure gelaren ondoko teilatu-pean, jardinera ematen duen horretan, ohe bat baratuko nikezu; eta bertan lo eginen nikezu, eta lekua epelagoa denez gero, eta xori errusinola kantatzen dantzudan bitartean, zuen gelan baino hobeki niengokezu».

      «Lasai hadi, alaba, aitari mintzatuko natzaion, eta hark aginduko duena eginen dinagu».

      Eta Lizio jaunak, hau bere andreari aditu zeraukala, zaharra zenez gero, eskaria hura estrainio kausitu zuen, eta honela erran zuen:

      «Zer xori erresunilaren kantu pean lo egin nahi ote du Katalinek? Kontuz ez diezodan lorik eragin kilkerren kantu-pean».

      Eta honetaz enteraturik, Katalinek, beroarren ez-ezik hasarrearren, etzuen batere lorik egin, eta zargoriaz kexaka etzeraukan amari lorik egiten utzi; ama, hau entzunik, Lizio jaunari joan zeikan, eta honela erran zeraukan:

      «Jauna, guti maite duzu neska, Teilatu-pe horretan lo egitetik, zer kalte ahal datorke? Gau osoan eztitaukozu beroak lorik egiten utzi eta beste alde batetatik, neska batek xori errusinola entzun nahiak, zergatik harritzen zaitu. Neskek halako kapritxoak ditizute».

      «Bertan kabitzeko tamainiako ohe bat gerta biezote, kalamu-ehunezko isekidura batzuk jar bitzate, eta nahi haina bentzu xori errusinolak», erran zuen Lizio jaunak.

      Neskak, jakinaren gainean, ohe bat gerta ziezotela agindu zuen, eta etzateko orduan, hurrengo gauean, Rikardo ikusi zuenean, gelditutako keinua egin zeraukan, eta handik jakin zuen mutilak elkarrekin egonen zirela. Lizio jaunak neska entzun zuen kanpora jalgitzen, eta bitarteko atea hertsirik, lotara joan zen. Rikardok, etxe guztia soseguz entzun zuenean, zurubi bat hurbildu zuen paretara, eta honetatik, hormetako zenbait desberdintasunen laguntzaz, beste paret bat alkantzatu zuen, eta ez neke handirik eta erortzeko arrisku handiagirik gabe, teilatu-petxura bildu zen; han, neskak karizia askorekin errezebitu zuen, eta anitz musu eta laztanen ondoren, elkarrekin etzan ziren, eta gau guztian elkarri plazer handia eman zeraukaten, xori errusinolari nahiko biderretan kanta-erazi zeraukatela. Gauak labur eta atseginak handiak zirelako, haik ohartu gabe eguna heltzen zitzaielarik, gau-ako epelak eta dostaketa ugariak beroturik, soinean batere jantzirik gabe lokartu ziren. Katalinak Rikardo beso eskuinaz besarkatzen zuela, eta esku ezkerraz zuek andreok gizonen aurrean aipatzen hainbat lotsatzen zareten gauza hori eusten zeraukan. Eta gisa horretan, lotan eta itzarri gabe, eguna etorri zitzaien, eta hala jeiki zen Lizio jauna, eta alaba kanpoan lotan zegoela oroiturik, isilian iriki zuen atea, honela erraten zuela:

      «Dakusagun xori errusinulak nola eragin deraukan gaur Katalinari lo».

      Eta urrats geldiz aitzinaturik, ohea estaltzen zuen ehuna jaso zuen, eta biluzik eta lehen esandako moduan besarkaturik lo zeutzatela ikusi zituen Rikardo eta bere alaba, eta orduan, handik aterarik, andrearen gelara abiatu zen, eta deiturik, honela erran zeraukan: «Haik gora sarri, andre, eta hau ikusiko dun, nere alabak zenbat atseginez entzun duen xori errusinola, nola hartu duen eta esku-artea dadukan».

      «Nola ahal dateke hori?», galdatu zuen andreak.

      «Heurk ikusiko dun, laster baldin bahator».

      Andrea lasterka jantzi zen, eta isilean jarraiki zitzaikan Lizio jaunari, eta biak hurbildu ziren ohera, eta estalkia jasorik, argiro ikusi ahal ukan zuen madama Jakobinak, Katalinek nola harrapatu zuen eta esku-artea hain joran biziz kantatzen entzun nahi ukan zuen xori errusinola. Eta andreak, bere burua enganatutzat harturik, Rikardo irainez bete nahi ukan zuen, baina honela erran zeraukan Lizio jaunak:

      «Isil hadi, eta ezertan preziatzen baldin banaun, ez erran hitzik, zeren neskak mutil hau hartu duenez gero, harena izan dadila nahi baitut. Rikardo aiton-seme dun, gazte eta aberats, eta guretzat guztiz ahaide egoki izanen dun. Ene aldetik baketan joan nahi baldin badu, lehenik neskarekin ezkondu beharko dun, horrela ikas dezan xori errusinolak bere, eta ez besteren kaiolan sartu behar duela».

      Gertatu zenarekin senarra unatzen etzizaikala ikusirik, kontsolamendu hartu zuen andreak, eta alabak gau zoriontsu bat iragan zuela, atseden handia hartzen zuela eta xori errusinola esku-artean zedukala eritzirik, etzuen ezer erran. Eta hau gertatu zen bezain fitetz, itzarri egin zen Rikardo, eta eguna urraturik zegoela oharturik, hintza hartu zuen bere burua, Katalinari deitu eta honela erran zeraukan:

      «Ai, ene arima! Zer eginen dugu, eguna argitu eta ni hemen sarturik nagoenean?»

      Hau entzunik, hurbildu egin zen Lizio jauna, eta ohearen estalkiak kendurik honela ihardetsi zeraukan:

      «Sarri ikusiko diagu».

      Rikardo, hura ikusi zuenean, bihotza bularretik idekitzen zeraukatela iruditu zitzaikan, eta ohetik jaikirik honela erran zuen:

      «Jauna, Jainkoarren urrikal zaitez! Ene gaiztakeriaz eta desleialtasunaz heriotzea merezi dudala aitortzen dizut. Enekin, bada, nahi duzuna egizu, baina ahal baldin bada, bizitzea barka diezadazula erregutzen derautzut».

      Honi, honela ihardetsi zeraukan Lizio jaunak:

      «Halako pagamendurik eztik merezi ukan, Rikardo, eduki derautzudan onerizkoak eta hiregan jarri nuen fedeak. Baina, hala da eta hain bekatu handira gaztetasunak bultzatu hauenez, gero, heure burua heriotzetik gorde dezaan eta ni desohoretik libra nazaan, legezko emaztetzat har ezak Katalina, gau honetan heure ukan duan bezala, bizitza guztian ere ukan dezaan; honela, ene bakea eta heure salbazioa irabaziko duk. Bestela, Jainkoari gomenda hakio».

      Ele hauk erraten ziren bitartean, Katalinak xori errusinola laxatu zuen eta biluzgorria estalirik, gogorki negar egin zuen, aitari Rikardo barka zezala eskatzen zeraukan, Rikardori aitak nahi zuena zegiela erregutzen zeraukan, horrela, arriskurik gabe eta luzaro, gau hartan egin zutena beti egin ahal zezaketen. Baina horretarako etzuen eskari luzerik behar izan, zeren, alde batetatik, egindako bekatuaren Iotsak eta hura erremediatzeko gutiziak, beste batetatik heriotzaren beldurrak eta bizitzearen amodioak, eta azkenik beraren maitasun sukartsuak eta prenda guratuaz jabetzeko afanak. Rikardori erran erazi baitzeraukaten, bere borondate libreaz eta batere luzamendurik gabe, Lizio jaunak zioen hartara prest zegoela. Eta Lizio jaunak, Jakobinari bere eraztun bat eskatu zeraukala, Rikardori, han bertan eta bere presentzian, Katalina emaztetzat har-erazi zeraukan. Honez gero, kanpora atera ziren Lizio jauna eta haren andrea, honela ziotelarik:

      «Atseden har ezazue orain, jaikitzea baino beharrago izan baitzaitzue».

      Gurasoak joan eta gero, elkarri besarkatu zeraukaten gazteek, ganean sei legoatako bidea baizik ezpaitzuten, beste biatakoa egin zuten jaiki baino lehen; eta honela bukatu zuten lehen eguna. Jantzi eta gero, Rikardok Lizio jaunarekin hitz-bide zuhurragoak eduki ondoren, handik zenbait egunetara, eta komeni zen bezala, adiskideren eta ahaideren aurrean, behar izandako zirimoniaz esposatu zuen neska, eta jai handirekin eraman zuen etxera, eta eztai handi eta ederrak izan ziren, eta gero andrearekin bizi izan zen luzaro baketan, eta egunez eta gauez kanta-erazi zeraukaten nahi haina xori errusinolari.

 

BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979