BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979

 

 

XV
GIZONA IZORRATURIK 

 

      Nahikoa erakutsi dut nor zen Kalandrino, eta neure ipuin honetan atera behar ditudan gainerakoak, eta horregatik beste gabe kontatu behar derautzuet, nola Kalandrinori izeba bat hil zitzaikan, eta berrehun lira utzi zerautzan heredentzian. Honekin Kalandrino lurralde bat erosi nahi zuela hasi zen erraten, eta hamar mila florin urre gastatuko lukeen bezala, prezioaren aipamenera ailegatzean desegiten ziren tratuetan sarten zen Florentzian aurkitzen zituen merkatari guztiekin. Brunok eta Buffalmaccok askotan erran zeraukaten, ezertarakotz balioko etzeraukan lurra erosi baino, hobe haiekin diru hura gastatzen baldin bazuen; baina bere trukoak eta guzti, ez bere asmo hori, baina behin bakarreko bazkari baterako ere gomitea etzuten lortu. Honegatik kexatzen zirela, Nelo zeritzan bere lagun pintore baten konpainian zeudela, Kalandrinoren kostu nola ongi entretenitu deliberatu zuten. Eta, batere luzamendurik gabe, eta eginen zuten akordiora etorririk, etxetik irteten zen egun batez Kalandrinori itxadon zeraukaten, eta urrats gutietara inkontrura jalgi zitzaikan Nelo, honela ziotsala:

      «Egun on, Kalandrino».

      Kalandrinok, Jainkoak egun on eta urte on ekar liezola erantzun zeraukan. Nelo, handik gutira, aurpegira zuzenki begiratzen hasi zitzaikan. Erran zuen Kalandrinok:

      «Zer begiratzen derautak?»

      «Gauon eztuk-a ezer sentitu? Eztuk aurpegi onik».

      Kalandrino berehala hasi zen kreinkatzen, eta erran zuen:

      «Ai ene! Eznauk-a osagarri aurkitzen?»

      «Eztuk hori, baina aldaturik aurkitzen haut. Agian eztuk horrela izanen», erran zuen Nelok.

      Eta joaten utzi zuen. Kalandrino guztiz urduri, ezer sentitzen ezpazuen ere, aurrera segitu zuen. Eta Buffalmacco, hurruti etzegoena, Nelorengandik apartatzen zela ikusirik, inkontrura jalgi zitzaikan hura ere, eta agurtu ondoren, ezer sentitzen zuenez, galdatu zeraukan. Kalandrinok honela eman zuen arrapostua:

      «Eztiakiat; oraintsu ziostan Nelok aldaturik aurkitzen ninduela. Ezer ukanen dut-a?»

      «Ezer asko. Erdi-hilik dirudik!»

      Kalandrinok sukarra sentitzen zuen jadanik. Eta momentu hartan bertan Bruno agertu zen, eta inork ezer erran zezan baino lehen, erran zuen:

      «Nolako aurpegi eria duan, Kalandrino! Defuntu bat dirudik! Zer sentitzen duk?»

      Kalandrinok, guztiak honela mintzatzen entzutearekin, egiatzat hartu zuen gaisorik zegoela, lurra jota, galdatu zerauan:

      «Zer egin behar dut?»

      «Hobe huke etxera joan, eta ohean etzan, eta ongi estaldu, eta gero maisu Simon abisatu, guztiz adiskide baita, dakian bezala. Berak erranen derauk zer egin behar duan, eta guk ere ikusiko haugu, eta beharko duan guztian eginen deraunagu.

      Eta Nelo bildu zitzaiela, Kalandrinorekin joan ziren honen etxera.

      Bera, neke handiarekin, bere lo-gelan sartu zen, eta emazteari honela erran zeraukan:

      «Gorde eta ongi estal nazan, gaisorik bainago».

      Eta etzan ondoren, neskame batekin bidali zeraukan mandatua maisu Simoni. Hau, orduan, Merkatu Zaharrean zegoen eta ezagugarritzat meloi bat zedukan.

      Eta bere lagunei Brunok hau erran zeraukan:

      «Honekin gera zaitezte, ni medikuak zer dioen entzutera bainoa, eta nezesario baldin bada, hura ekartzera».

      Hau entzunik, erran zuen Kalandrinok:

      «Hoa, ene lagun, eta egitekoa nola doan erranen derautak, ezpaitakik honen barrenean zer sentitzen dudan».

      Bruno, maisu Simonenera joan zen, eta neskamea baino lehenago bildu zen, eta maisuari historia guztia kontatu zeraukan. Harez gero, emakumea ere heldu zen, eta erran zeraukan hari maisuak:

      «Hoa, eta Kalandrinori erran beroa gorde dezala, ni berehala bainoakio, eta orduan erranen diraukonat zer dadukan eta zer egin behar duen».

      Mandatu hauekin joan zen neska. Eta guti barruan, maisua eta Bruno ere etorri ziren. medikua oiharen aldean jarri zen, poltsua hartu zeraukan eriari, eta momentu batzuren buruan, emaztearen presentzian, honela erran zuen:

      «Beha hadi, Kalandrino, adiskideki mintzatu behar baldin banatzaik, hau erranen derauat, hiri gertatzen zaiana hauxe dela, izorra hagoela».

      Kalandrino, hau entzutean dolorez hasi zen auhenka, eta honela erraten.:

      Ai, ene! Errua hire dun, Tessa, beti baratu nahi baihaiz ene gainean. Bai neraunan nik hau erraten!»

      Andrea, guztiz honest baitzen, bere senarra entzutean, lotsatu eta gorritu zen, eta buru makurturik, isilik jalgi zen gelatik. Kalandrinok, oraindik kexaka, honela zioen:

      «Ai, ene urrikaria! Zer eginen dut! Nola erdi ahal naiteke haurraz? Nondik irtenen da? Andre horren gaiztakeriagatik, hilik ikusten naiz. Jainkoak trista beza hura nik alegre egon nahi dudan bezainbat; osagarriz baldin banengo, ezpainago hala, jaikiko nintzateke, eta hainbat ukabil-kolpe emanen neraukeo non erdibiturik laxatuko baunuke. Bai, inoiz etzait gainean jarriko, eta enbarazotik eskapatzen baldin banaiz, gogoak hil aileza unetigatik».

      Kalandrino entzutean, Bruno, Buffalmacco eta Nelo, barreagatik hiltzeko pontuan zeuden, baina barrenean gordetzen zuten barre-gura. Maisu Simonek berriz aha-beteka barre egiten zuen, bere hortz-egin guztiak erakusten zituelarik. Baina azkenean, Kalandrinok maisuari kontseilua eta laguntasuna eskatzen zeraukalarik, erran zuen maisuak:

      «Kalandrino, ezaut horren atsekabez ikusi nahi, zeren, Jainkoari eskerrak, garaiz hire gaitzaz ohartu garenez gero, lan gutirekin eta egun gutiagotan horretatik aterako haudala segurtatzen baihaut, baina zerbait gastatu beharko duk».

      Erran zuen Kalandrinok:

      «Bai, maisua, Jainkoaren amoreagatik. Berrehun lira dizut, eta hoiekin lurralde bat erosi nahi banun ere, guztiak beharko baldin badira, guztiak kontent gastatuko dituzut, ez nadin inola ere erdi. Ezpaitakit trantze horretatik nola irtenen nintzatekeen, zeren andreei entzuten baiterauet hainbat zarata ateratzen erditzera doazenean, nahiz eta nondik badadukaten, non uste baitut halako minik baldin banu, erditu baino hilen bainintzateke lehenago».

      Erran zuen medikuak:

      «Ezadi axola. Edari distilatu bat gertatuko derauat, guztiz ona eta zapore onekoa, hiru goizetan guztia arranjatuko duena, eta sagar bat bezain oso eta sendo geratuko haiz. Baina gero kontuz ibili beharko haiz, eta ergelkeriarik eztuk eginen. Baina ur hirritarakotz, hiru gapoi gizen behar ditiat, eta nezesario den beste zenbait gauzatarakotz, hauei bost lira emanen derauek diru soltuan, eta berek erosiko eta heure botikara ekarriko dirauzkidaate; eta nik, Jainkoaren izenean, bihar igorriko derauat edari distilatu hori, eta harik noiz ontzi bete edanen duk».

      Kalandrinok, hau entzutean, honela erran zuen:

      «Maisua, zutaz fido nauzu».

      Eta Brunori bost lira eman zeraukan, eta hiru gapoi-paretarakotz beste zenbait diru, neke hura har zezatela erregutu zerauen bere amorearren.

      Brunok gapoiak erosi eta gainerako gauza nezesario guztiak, eta afari eder batetan jan zituzten, bere lagunek eta medikuak. Eta medikuak, bere lan-tokian ur azukratu eta usainztatu gerta-erazi zuen, eta Kalandrinok hiru goizetan edan zuen, eta gero medikua, bere hiru lagunekin, bisitatzera joan zitzaikan, eta poltsua hartu zeraukan eta gero, honela erran zuen:

      «Benetan hago sendaturik, Kalandrino: joan hadi beraz trankil egitekoetara, eta ezezak iraun ohean».

      Kontentuz jaiki zen Kalandrino, eta bere egitekoetara joan zen, mundu guztiari laudatzen zeraukala maisu Simonen jakituria handia, hiru egunetan eta batere nekerik gabe izorratasuna kendu zeraukana. Eta Bruno, Buffalmacco eta Nelo, alegre geratu ziren bere adimendu zorrotzaz Kalandrinoren zekentasuna burlatu baitzuten, Tessa, guztia konprenditurik, bere senarrarekin guztiz hasarratu bazen ere.

 

 

BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979