BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979

 

 

XI
ZALDIA BEHORRAREKIN 

 

      Eztela denbora asko, Napoletan, gizon pobre batek Peronella izeneko neskatxa eder eta polit bat emaztetzat hartu zuen, eta gizonak igeltseritzan eta andreak gorularitzan, ahal bezain ongi bizi izateko behar zuten apurra irabazten zuten. Mutil galan bat, Peronnella hura ikusirik, hartaz amoratu zen, eta bere eskaera maizengatik haren sekretuak hostu zituen. Eta elkarrekin egon ahal izatekotz, hau pentsatu zuten, ezen, nola senarra lanera edo lan-bila joateagatik goiz jaikitzen baitzen, hura etxetik irteten ikusiko zukeen lekuan ezkutatuko zela, eta nola karrika hura, Iboirezkoa zeritzana, guztiz bakartia baitzen, senarra irtenen zen bezain fitetz, hura barrenera sartuko zela. Eta halako egin zuten maiz. Baina goiz batez, gizon on hura irten eta gero, Joantxo Strignario, hala baizeritzan galaiari, etxera sartu eta Peronellarekin zegoela, handik gutira senarra, gauerarte etortzeko ohiturarik ezpazuen ere, bihurtu zen, eta atea hertsirik edirenik, hots egin zuen, honela pentsatzen zuen bitartean:

      «Ene Jainkoa, laudatu izan hadi beti, zeren, pobre kreatu baldin banauk ere, honelako emazte on eta prestuarekin kontsolatu bainauk. Horregatik, atera naizen bezain laster, inork ezer atsekaberik edo desohorezkorik eman ez diezon, atea hertsi dik».

      Peronellak, bere senarra entzun zuenean, honela erran zuen:

      «Ai, Joantxo maitea, hil eginen niauk. Hara non ene senarra, Jainkoak kondenatuko duena, itzulia den. Horrek zer erran nahi duen, ez diakiat, tenore hotan ezpaita sekula itzultzen, eta agia sartzerakoan hau. Beste erremediorik eztagoenez gero, dupa horretan sar hadi, eta irekitzera joanen natziaiok ni.

      Arineketan sartu zen Joantxo dupa-moduko hartan, eta andreak senarrari laster egin zuen.

      «Nola bihurtzen haiz hain goiz?», galdatu zeraukan hasarre antzean. «Heure lanabesekin bihurtzen haiz eta, egun eztuk lanik eginen? Nola biziko gara? Gonak eta gainerako arropak bahi ditzazula permitituko dudala uste duk-a, ni gau eta egun harilketan hari naizen bitartean, non apartatu egiten baitzaizkit hatzazalak haragietatik, eta guztia kriselua pizteko olio bederen eduki dezagun?»

      Hau erranik, negar egiten zuen, eta aurrera zerraikan:

      «Ai, ene pobrea eta tristea! Ordu gaiztoan jaio ninduan eta zori xarra kabitu zitzaidaan! Bai, etxe oneko semearekin ezkontzeko parada ukan nian, eta ez ninduan baliatu, eta honekin tokatu zitziaidian, etxera zer ekarri duan eztakien honekin! Besteak bere maitaleekin dostatzen dituk, eta bizpahiru edo gutiago dadukanik eztiagok, eta atsegin hartzen diaten, eta senarrari eguzkiaren truke ilargia ematen diraukoate, eta ni, ene urrikari hau, ona izateagatik eta halako trantzeetan ez ibiltzeagatik, honela ikusten nauk asturu gaitzean. Maitale bat zergatik hartzen eztudan eztiakiat, besteek bezala. Eta jakin behar duk, senar, gaizki portatu nahi baldin banu, norekin aurkituko nukeela, guztiz galantek maitatzen bainaute, eta ene gustoko direnak, arropak eta joiak eskaintzera bidali baiterauzkidate, baina neure gogoak eztiraudak, halakorik zilegiztatu, halakoren alaba ezpainaiz; eta hala eta guztiz ere, lanean egon behar huen orduan, etxera itzultzen haiz».

      «Ea, bada, andre, ezadi trista, Jainkoarren, nor haizen dakidala jakin behar baitun, eta are goizeon ohartuago naun. Egiaz irten ningunan lanera, baina egun Aita San Galeoneren besta-burua dela eta lanik egiten eztela, nik orduan eznekien bezala, hik ere eztakinala ongi ikusten dun. Horregatik itzulia naun etxera, baina hala ere hilabete baino gehiagorakotz ogia ekartzeko modua bilatu eta topatu dinat, zeren, enekin ikusten dunan hori, gure dupa saldu baiteraukat, orain artean ezertan eduki eztugun hori; eta hargatik bost florin urre ematen deraut».

      Erran zuen orduan Peronellak:

      «Ikus beza munduak zenbait tamalgarri duan! Hi gizon haiz eta mundutik habila, eta bertako gauzak ezagutu behar hitzuke, baina dupa hori bost saldu duk; ni, berriz, andre nauk, eta mundutik ez niabilak ia, baina, dupak etxean zein traste zen ikusirik, hi itzuli haizenean sendoa eta ongi zen ikustera barrenean sartu dun gizon on bati zazpitan saltu diraukoat».

      Senarra, hau entzunik, anitz boztu zen, eta laguntzen zeraukanari erran zeraukan:

      «Gizon ona, Jainkoarekin hoa: hik bostetan erosi nahi huena ene andreak zazpitan saldu duela entzun baituk».

      «Ordu onean biz», erran zuen gizonak. Eta joan zen. Peronellak senarrari erran zeraukan:

      «Hator, hemen hagoenez gero, eta gure negozioak trata hitzak».

      Joantxo, ezer beldurgarririk edo erreparagarririk gerta etzedin belarri-erne egon baitzen, Peronnellaren eleak entzutean, dupatik jalgi zen, eta senarra itzultzen ezpalu bezala, galdatu zuen:

      «Non hago, andre ona?»

      Senarrak, aldamenera zetorkiola, ihardetsi zuen:

      «Hemen niagok. Zer nahi duk?»

      Erran zuen Joantxok:

      «Nor haiz hi? Dupa horri prezioa jarri generaukan andrea ikusi nahi diat».

      Erran zuen orduan Joantxok:

      «Ongi egina iruditzen ziaidak dupa, baina barrenean mahats-hondakinak eduki ditik, antza, hain baitago kutsaturik ustelkeria itsusi batez, non ezin ken baitezaket, eta benetan erosiko, lehenago garbitzen ezpaderautazue».

      Erran zuen orduan Peronellak:

      «Ezpedi horregatik tratua gal. Ene senarrak garbituko baitu osorik».

      «Bai», erran zuen igeltseroak.

      Eta erremintak utzirik eta maunka husturik, argia pitz-erazi zuen, arrastelu bat eskatu zuen, duparen barrenean sartu zen, eta garbitzen hasi zen. Eta Peronellak, zer egiten zuen jakin bahi balu bezala, duparen ahotik sartu zuen bere burua, guztiz handia ezpaitzen, eta bi besoak eta soinak ere sartu zituen, eta honela hasi zen mintzatzen:

      «Hori garbi ezak, eta hau eta beste hura, eta beha ezak hor ere pizka bat geratzen dela».

      Eta horrela zegoela, eta senarrari erakusten eta gogora-erazten zeraukan bitartean, Joantxok, bere gutizia ezpaitzuen guztiz bete senarra zeienean, nahi bezala beteko etzuela oharturik, ahal bezala betetzea erabaki zuen, eta andrea goraturik, honek duparen ahoa estaltzen zuen bitartean, Partiako zelai zabaletan bridarik gabeko eta amodioak berotutako zaldiek behorrak asaldatzen dituzten erara, burura eraman zuen bere mutil-nahia, eta duparen garbiketa amaitu zenean bertan bukatu zuen. Elkarrengandik apartatu ziren. Peronellak duparen ahotik burua kendu zuen, eta senarra irten zen.

      «Argi hau har ezak, eta hire gogara garbiturik dagoen beha ezak», erran zeraukan Peronellak Joantxori.

      Joantxok behatu zuen, baietz erran zuen, zazpi florinak pagatu zituen, eta dupa etxera bidal ziezotela agindu zuen.

 

BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979