BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979

 

 

II
ONGIJOTAKO ADAR-PARE EDER BAT
 

 

      Bazegoen denbora zaharretan gizon bat Aretion, Tofano zeritzana. Emaztetzat Chita izeneko guztiz andre eder bat eman zeraukaten, eta beherala, nola jakin gabe, jelosia izugarri batek hartu zuen. Haretaz enteratu zen andrea, eta asarratu egin zen, eta maiz galdatzen zeraukan bere jelosiaren kausa, baina harek ezin ziezakeon eman beste arrazoinik, bortxazko eta zeken batzuk baizik, batere motiborik gabe beldur zen gaitzetik hil zedila borondatea andrearen gogoan jarri zutenak. Eta mutil gazte bat haren bila zebilaia oharturik, harekin hasi zen ezkutuka ikusten. Hain aitzinatu ziren gauzak, non bakarrik falta baitzen egintzekin hitzei buru bat ematea, eta andrea hala hasi zen hura erdiesteko bideak asmatzen. Eta bere senarraren ohitura gaiztoaren artean edate atsegina zegoela konturaturik, ez bakarrik ohitura hura laudatu, baina maiz edan zela eskatu ere egiten zeraukan. Eta halako moldez trebetu zen joko honetan, non, nahi zuen bakoitzean, horditu arte edan-erazitzen bait zeraukan eta gatu mozkor ikusten zuenean, lotara eratzaten zuen. Honela eduki zuen bere maitalearekin bere lehen tratua, eta hurrengoetan beste asko, eta hordikeriak hari hain hartu zeraukan konfidantza, non, ez bakarrik maitalea senarraren etxean sar-erazitzera ausartu, baina-bai-eta, guztiz urrun ezpaitzegoen, bertan gauaren ordurik gehienak iragatera, maitalearenera joan ere egiten baitzen. Eta andre amorosoak nola aurrera zirauelarik, hala gertatu zen ezen senar urrikaria konturatu egin zela, ezen, andreak edaten ematen zien bitartean, berak etzuela inoiz ezer edaten, eta horregatik, dudak sortu zitzaitzan barrenean, egiatan gertatzen zena, berak lo egiten zuen bitartean bere nahikundeak konplitzeagatik obratzen zuela horrela andreak. Eta honen borogua egin nahirik, gau batez, egunean ezer edan gabe, inoiz baino hordiago egotea iakindatu zuen mintzaeran eta maneran, eta andreak, lo egiteko edari gehiago behar zuela pentsatu gabe, beste gabe eratzan zuen. Eta gero, bere ohitura zuen bezala, etxetik atera eta maitalearenera joan zen, eta gau-erdira arte egon zen harekin. Tofano, andrea aldamenean etzeukala ikusirik, jaiki egin zen, ata-ondora joan zen, gakoz eta gilzaz zarratu zuen, eta lehiora jalgi zen, andreak ikus zezan itzultzean, bera haren ohituraz reparaturik zegoela. Eta andreak tardatu zuen bezain luzaro, bertan iraun zuen berak. Andrea zen, eta atea bortxatu nahi ukan zuen. Tofanok, pizka itzuli eta atea hertsirik ikusirik, damuz eta ahalgez bete batean itzaradoki zuen, eta azkenean, honela erran zuen: 

      «Alferrik nekatzen haiz, andrea, hemen ez bai haiz berriz sartuko. Egon haizen lekura bihur hadi, eta segurutzat eduki ezan, itzuli ere ez haizala itzuliko, heure gurasoen eta auzoen presentian merezi dunan ohorea renda diezanadan arte».

      Andreak Jainkoaren amorearren eskatzen zitzaizan sartzen utzi ziezola, berak uste zuen lekutik ezpaitzetorren, andre-auzo batekin beila egitetik baizik, gauak guztiz luzeak baitziren, eta lagun harek lorik ez beilarik ere ezin egin baitzezakeen bakarrik. Alferrean izan ziren eskari guztiak, abere itsu hura prest baitzegoen aretiotar guztiek ezagut zezaten haren desohore hura. Erreguak ezertarako etzitzaitzala ikusirik, mehatxuez baliatu zen andrea, eta honela erran zuen oihuz:

      «Zabaltzen baldin ezpaterautadak damutuko haiz».

      «Zer derautadan?», galdatu zeraukan Tofanok.

      Andreak, amorioaren konseiluak adimendua zorroztu baitzeraukan, honela ihardetsi zeraukan:

      «Arrazoinik gabe kausatu nahi derautadan ahalgea sufritu baino, nahiago diat neure burua butzu honetara iaurtiki, eta bertan ilhotz aurkitu nautenean, mundu guztiak pentsatuko dik, heure, heure hordikerian, bota nauala, eta horrela ihes egin beharko duk, eta ondasunak galduko dituk, eta pregoinetan ibiliko haiz, edo bestela ene hiltzailetzat urkatuko haute».

      Bere dema gogorretik etzuten Tofano ele hauek apartatu, eta hala, erran zeraukan andreak:

      «Ea, ezin para hazaket; baina Jainkoak barka behaza, eta hemen utzitzen derauat neure gorua».

      Eta hau erranik, eta nola gaua hain zen ilun non nekez ikusiko baitzuen kalean ibiltari batek beste bat, butzura joan zen andrea, harri handi bat hartu zuen, eta «jainkoa, barka nazak», erranik, ura bota zuen butzura.

      Harriak, uraren kontra erori zenean, zarata handia atera zuen, eta hura entzutean, Tofanok, andreak bere burua butzura iaurtiki zuela sinetsi zuen fermuki, eta horregatik, eskuan soka bat harturik, emaztea butzutik ateratzera irten zen etxetik. Andrea, bere burua ata-gibelean ezkutaturik, berehala sartu zen barrenera, giltzapetu egin zen, leihora irten zen eta honela hasi deiadarka:

      «Orain edan nahi duk ura, gau guztietan beste edari-klase guztiak edan ondoren?».

      Tofano, ura entzutean, harri eta lur geratu zen, ata-alderat bihurtu zen, eta ezin sar baitzitekeen bezala, zabal zezala hasi zitzaion agintzen. Andreak, are aldarri ozenagoetan, aurrera iraun zuen:

      «Jainkoaren gurutzeagatik, inork ez sufritzeko gizon madarikatua, gau honetan sartuko ehaizela zin egiten diat! Ehaut gehiago sufrituko. Guztiek ikus dezaten zer nolako gizona haizen, eta zein ordu berantetan itzultzen haizen etxera!».

      Tofano, bera ere guztiz asarratu eta samurturik, irainka eta garraisiaka hasi zitzaikan, eta auzoko gizon-andre guztiak bertako eskangeilarekin jaiki zuten, eta leihoetara irtenik, zer gertatzen zen galdatzen zuten. Andreak, negarrez, honela ziotsen:

      «Gizon maradikatu hau gauero dator etxera horditurik, edo bestela gatuekin lo egiten du tabernetan, eta honelako desorduetan bihurtzen da. Orain artean, batere probetsurik gabe, gehiegi sufritu dut, eta gaur atea hersteko afrunktu hau egin nahi ukan deraukat, ea zenzatzen den».

      Auzo guztiek, nola gizonek hala andreek ere, Tofanori reprotxatzen zerautzaten bere hitzak, kulpa botatzen zeraukaten, eta andreari egindako mehatxuak maiseatzen zerautzaten, eta, hitz batean, hainbat zabaldu zen eskambeila hura ahorik belarri eta belarririk aho, non andrearen ahaideengana heldu izan bait zen, eta hauek bertara joan ziren, eta auzo bati gauza bat eta beste bati bat entzunez. Tofanoren kontra abiatu ziren, eta eman zeraukaten jipoinez, ez zitzaikan hezur osorik gelditu. Eta gero etxean sartu ziren, andrearen tresneria eta ondasun guztiak hartu zituzten, eta Tofanori mehatxuetatik gogorrenak egiten zerautzatela, andrea eraman zuten bere etxera. Tofano, bere burua hain deskalabro handitan ikusirik eta bere jelosiak zer nolako urratsak eman-erazi zerautzan ongi konturaturik, bere andrea hainbeste maite zuenez geroztik, bere zenbait adiskideren arartekotasunaz baliatu zen, eta hainbat eskatu eta ber-eskatu zen, non, azken fin batean andrea bake onean itzuli zeraukaten etxera, berak lehenago prometatu zeraukalarik, ezen ez zuela aboro jelosiarik ukanen, eta bera entera ez zedin aski zuhurtziaz aritzen baldin bazen, andreak zer-ere egin nahi zukeen permetatuko ziola.

      Horrela gelditu zen, bada, adarrez eta zauriz beterik. Bizi bedi, beraz, amorioz, eta hil bitez hura bezalako ergelak!

 

BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979