BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979

 

 

V
BUZTANIK GABEKO BEHORRA

 

      Denbora zaharrean, bazegoen Barlettan, dom Joane Barolo zeritzan apaiz bat, eliza pobrea zedukana, horregatik, Apuliako feria eta azoketan bendexa-garraioan eta merkatalgoan, behor baten laguntzarekin hasi zena. Eta egiteko honetan ziharduela, Betiri Trisanti zeritzan halako gizon batekin hartu zuen adiskidantza, ofizio berbera asto batekin zeramana; eta adiskidantza haren onerizkoaren boroga eta ezautgarri, lagun Betiri erizten zeraukan, eta Barlettara etortzen zitzakan bakoitzean, bere elizara eramaten zuen, bertan ostatu ematen zeraukan, eta hal zituen jai eta besta guztiak egiten zerautzan.

      Bere aldetik, lagun Betiri txit pobrea zen, eta etxeto bat zuen Trisantin, beretzat, bere emazte eder eta gaztearentzat eta bere astoarentzat ez aski handi, baina hala eta guztiz ere, dom Joane Trisantira ailegatzen zen bakoitzean, etxera eramaten zuen, eta Barlettan egiten zitzakan ordainez, beste hainbeste jai eta albiriste egiten zeraukan. Baina ostatu emateari zegokion bezainbatean, bere emazte ederrarekin lo egiten zuen ohe bakar bat baizik ez edukirik, etzuen apaiza komeni bezala ohoratzen, eta lasta-meta baten gainean eratzen zuen, ukuiluan bertan, behorraren eta astoaren konpainian. Andreak, apaizak bere senarra Barlettan nola begiratzen zuen ezaguturik, Carapresa izeneko bere auzo batekin lo egitera joan nahi ukan zuen maiz, apaizak haren senarrarekin lo zegien, eta hala errana zeraukan apaizari behin baino gehiagotan, baina honek ez zuen inoiz halakorik admetatu; eta beste anitz gauzaren artean, behin honela erran zeraukan:

      «Lagun Gemada, ehadila enegatik ardura, ongi bainago, zeren, gogoa dudanean, behor hori neskatxa eder batetan bilakatzen baitut, eta harekin hartzen baitut atsegin, eta gero, nahi dudanean, behorretan bilakatzen bait dut berriz ere, eta horregatik eztinat huraganik apartatu nahi».

      Asko harritu zen andrea, eta sinetsi zeraukan, eta senarrari honela erran zeraukan:

      «Erran duen bezala baldin bada, zergatik ez duk sorginkeria hori irakasten horrela hik ni behorretan bilaka nazaan, eta molde honetaz behor eta astorekin, doble irabaz?»

      Lagun Betirik, gizon arlote zelakotz, egitate hura sinetsi zuen, eta emaztearen kontseiluari amore eman zeraukan, eta ahal ukan zuen bezala eskatu zeraukan dom Joaneri, gauza hura irakats ziezola. Dom Joanek, gizona bere erotasunetik ateratzeagatik, bere ahal guztiak egin zituen, baina ezin zuen bezala, honela erran zeraukan:

      «Hala nahi baldin baduzue, bihar ohi bezala eguna baino lehen jaikiko garenean, nola egiten den nik irakatsi derautzuet, eta benetan egiteko honetan nekagarriena, buztana atxekitzea da, ikusiko duan bezala».

      Betirik eta Gemadak ez zuten gau haretan lorik egin ia, halako gutizia biziarekin igurikitzen bait zeraukaten eginkizun hari, eta eguna argitu zenean, jaiki egin ziren, dom Joane deitu zuten, eta hau, atorra-hutsik jaiki zela, lagun Betiriren lo-gelara iragan zen, eta honela erran zeraukan:

      «Nik hau irakatsi deraukadan jenderik ez dago munduan, zuek baizik, baina, gusto baldin baduzue, irakatsi eginen derauzuet, baina egiteko burura ongi jalgi dadila nahi baldin baduzue, nik erranen dudana obeditu beharko duzue itsuki».

      Erranen zitzaiena eginen zutela erran zuten senar-emazteek, eta dom Joanek, argi bat harturik, esku-artean ipini zeraukan lagun Betiriri, eta honela erran zeraukan:

      «Zer egiten dudan kontu egizue, eta zer erraten derautzuedan gogoan ongi gorde ezazue, batere behaztoporik gerta ez dadin. Eta zer ere izanen bait da entzun edo ikusiko duzuena, ez derrazuela hitzik, eta Jainkoari erregu egiozue, ongi atxeki dakiola buztana».

      Lagun Betirik, argia harturik, hala eginen zela erran zuen. Agindu zeraukan, beraz, dom Joanek Gemadari, biluz zedila, jaio zen bezalaxe jar zedila, eta oinak eta eskuak finka erazi zerautzan lurrean, behorren antzean, ezer ez zezala erran ohartzen eta gaztegatzen zeraukalarik, zer ere gerta zedin, eta eskuez aurpegia eta burua ukitzen zerautzala, honela erran zuen:

      «Biz hau behor buru on bat».

      Eta biloak ukitzen zerautzala:

      «Bira hauk behor adats on bat».

      Eta besoak ukitzen zerautzan:

      «Bira hauk behor zango eder batzuk».

      Eta gero bularrak ukitu zerautzan, eta gogor eta biribil eriden zituen, eta deitua izan ez zerbait zutitu zitzaion, eta erran zuen:

      «Biz hau behor bular on bat».

      Eta berdin ukitu zuen lepa hezurra, eta sabela, eta gerria, eta bernak, eta izterrak, eta azken fin batean, ezer gelditzen etzitzaikala, buztana baizik, bere agorra erauntzi zuen, eta mintegian haurrak landatzeko lanabesa aterarik, bizkorki sartu zuen horretarako apropos dagoen hildoan, eta erran zuen:

      «Eta biz hau behor buztan on bat».

      Lagun Betiri, guztia azkenera arte behatu baitzuen, azken agindu hau ez zitzaikan ongi iruditu, eta honela erran zuen:

      «Dom Joane, ez dizut buztanik nahi, ez dizut buztanik nahi!» Landare guztiak sor erazitzen dituen hazi hezea etorri zitzaikan, eta dom Joanek, atzera tiraturik, erran zuen:

      «Zer egin duk, lagun Betiri? Ez nerauana esan, ezer ehezala erran, zer-ere ikusiko bai huen? Behorra kreatzeko puntuan niengoan, baina hik guztia desegin duk, eta ezer erremediatzeko modurik ez ziagok».

      Erran zuen lagun Betirik:

      «Ongi diagozu, nik ez bai dut halako buztanik nahi. Zergatik etzenerautadan erran: Heuk egin? Gainera beheregi iratxekitzen zeneraukan».

      Erran zuen dom Joanek:

      «Lehen aldia izateagatik, ez ukan nik bezain ongi iratxekiko».

      Hau entzunik, zutitu egin zen andre gaztea, eta bere fede onean erran zeraukan senarrari:

      «Ai, abere handi! Heure interesak eta eneak, zergatik eman dituk horrela galtzera? Buztanik gabeko behorrik, noiz ikusi ote duk? Pobre haiz, baina Jainkoak lagun benaza, pobreago izatea merezi baldin ez badut!»

      Eta lagun Betirik erran zituen hitzengatik andrea behorretan bilakatzeko modurik ez zegoenez geroztik, bera, dolorez eta tristuraz, beztitu egin zen, lagun Betirik bere astorekin iraun zuen bere egitekoan, dom Joanerekin joan zen Bitontoko feriara, eta aurrerantzean ez zitzaikan halako zerbitzurik eskatu.

 

 

BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979