BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979

 

 

XIV
EUSKALDUNEK JATEN DITUZTEN GAPOIAK 

 

      Gure hirian, beti gertakari estrainio eta jende bakanetan horren ugari baita, bazegoen, orain asko eztela, Kalandrino izeneko pintore bat, oso gizon sinple eta ohitura arradotako, bere opor gehienak, beste bi pintore, Bruno eta Buffalmacio izeneko, oso gizon atsegin, zuhur eta argirekin iragaten zituana. Kalandrinorekin zeuden tratuan haren erokeriaz dibertitzen zirelako. Bazegoen orduan Florentzian mutiko laketgarri eta maltzur bat, bere egiteko guztietan oso trebea, Maso Saggioko izendatzen zutena. Kalandrinoren adimendu apurraren berria ukanik, haren gertakariekin entretenitzea erabaki zuen, burlaren bat eginen zeraukala, edo gauza bakarren bat sinets-eraziko zeraukala. Eta jaundone Joaneko elizan egun batez hura aurkitu zuela, eta eliza hartako aldarearen gainean lehenago jarri zituzten pinturak eta eskulturak haiduru begiratzen zituela ikusirik, bere asmoa konplitzeko lekua eta ordua kausitu zuela iruditu zitzaikan. Bere lagun bati gaztiatu zeraukan zer egin gogo zuen, eta bestea ez ikusi irudi eginez, Kalandrino zegoen lekura hurbildu ziren, harri haietaz argiditzen hasi ziren, eta Masok haietaz mintzatu zen lanza-gile sonatu baten autoritatearekin.

      Ele-bide haik entzuten zituen Kalandrinok, eta sekretuzkoak etzirela iruditurik zenbait denboraren buruan, jaiki egin zen, eta hiztunekin bildu zen. Asko gustatu zitzaikan, eta Kalandrinok hain bertute handiko harriak non zeuden galdatu zeraukan. Masok ihardetsi zeraukan Berlezon-dik zetozela, euskaldunen lurrean, Bengodi izeneko lurralde batetatik, mahats ahienak lukainkez lotzen diren eta diru batetan gauz bat erostean ahate bat errezebitzen duten toki batetatik. Bertan Parma-ko gazerazko mendi bat dago, eta jendeak handik pastak eta makarrioak eratzen dituzte, gapoi-zukutan egosteagatik. Eta gero guztia behera botatzen zuten, eta gehien hartzen zuenak gehien zedukan. Aldamenean arno gorrizko hibai bat zerion, inon edan ahal daitekeen hoberena.

      «Oi», erran zuen Kalandrinok, «eder duk lurralde hori! Baina erradak, jende horrek egosten dituen gapoiez, zer gertatzen da?»

      «Euskaldunek jaten ditiate».

      «Inoiz egon zarea bertan?», galdatu zuen Kalandrinok.

      «Inoiz egon naizen? Milatan ere», ihardetsi zeraukan Masok.

      «Eta zenbat legoa dago handik?»

      «Mila eta mila bider mila, eta gauez joan haiteke haren bila».

      Erran zuen Kalandrinok:

      «Abrutzoetatik harandikoan egoteko duk hori».

      «Pizka bat hurrunago», erantzun zuen Masok.

      Kalandrino ergel hark, Masori hitz haik barrerik egin gabe entzun zerautzalako, egiarik argienari bezainbeste fede eman zerauen. Eta erran zuen:

      «Hurrunegi diagok enetzat. Baina hurbilago baldin balego, bai erraten derauat harekin joanen nintzatekeela bertara, makarroi hoien euria ikus eta haietaz haserretzearen baizik ezpalitz ere. Baina erradak, eta ahal Jainkoak benedika behaza: Lurralde horretan eztago-a holako bertuteko harririk?»

      Honi Masok honela erantzun zeraukan:

      «Bai, bertute guztiz handiko bi harri-klase diagok hemen. Batak Settignanoko eta Montiri-ko dituk, zeinen bertutez, ehotzen denean, irina sortzen duk, eta horregatik erraten ohi duk herrialde honetan Jainkoagandik datorrela grazia eta Montisi-tik errota-harriak. Baina horietatik ugaritasun handi dagoenez gero, eztituk oso preziatu, esmeraldekin gertatzen den bezala hauetaz ere, Monte-Morello baino goragoko mendiak baitaude, eta gauean Jainkoak dakien bezala argi egiten diate. Eta hau jakin behar duk, inork errota-harriak tailutuko eta ereztunetan sartuko sultanari eramanen baldin balitu, eskatu haina errezebituko lukeela. Eta diodan beste harria, lanza-gileek helitropiak deriztezan hoik badituk, bertute handiko harriok, zeren inork gainean baldin badaramazki, gainean deramazkien bitartean, inork ezpaitu ikusten non eztagoen».

      «Bertute handiak dituk hoik! Eta bigarren harri hori, non aurkitu da?», galdatu zuen Kalandrinok.

      Masotto honi erantzun zeraukan Mugnonen aurkitzen ziratekeela.

      «Zer koloretako eta tamainiako da harri hori?»

      «Tamainia diferentetako dituk, batak handiago eta besteak xipiago, baina guztiak dituk beltz-irudiko kolore batetako».

      Kalandrinok, bere memorian gauza guztiak ondo gorde ondoren, beste ezer egiteko zuela erran zuen, eta harri hoien bila joan zen; baina abiatu baino lehen, Bruno eta Buffalmacco ohartzea erabaki zuen, biok estimu handian baizeduzkan. Beraz haien bila atera zen, bat ere luzamendurik gabe eta inork aurrea har ziezen baino lehen, harri preziatuaren bila joan zitezen, eta haien bilaketa horretan goizalde guztia enplegatu zuen. Azkenean, bederatziagarren ordua jo eta gero, Faenzako monjen monasterioan lan egiten zutela oroiturik, bere zer-egin guztiak utzi zituen, eta ia korrikan bero handiari kontu guti eginik, haien bila joan zen. Eta haiei deiturik, honela erran zerauen:

      «Lagunak, sinesten baldin banauzue, Florentziako gizonetan aberatsenak izan ahal zaitezke, zeren fede guztia merezi duen gizon bat entzun baiteraukat, Mugnon-en harri bat dagoela gainean daraman inbisibletzen duena. Hala iruditzen zait ezen guk, batere luzamendurik gabe, hura bilatu behar dugula, inork aurrea har diezaigun baino lehen. Dudarik gabe hura aurkitu dugu, nik ongi baitazagut, eta behin eriden eta gero, zer besterik egin behar dugu, baina poltsikoan sartu, florinez eta zilarrezko diruz beterik dauden, gabiatzaileen mahainetara joan, eta handik nahi duguna hartu? Inork ezkaitu ikusiko, eta horrela sarri aberastuko gara, bareek bezala paretik zikindu gabe».

      Hura entzunik, Bruno eta Buffalmacco bere barrenean barreka hasi ziren, eta elkarri begiraturik, anitz harritzen zirela eman zeraukaten aditzera Kalandrinori, eta asmoa laudatu zeraukaten. Galdatu zuen Buffalmaccok nola zeritzan harri hori, kalandrinori adimendu gutiko gizona baitzen, burutik itzuri zitzaikan izena, baina honelako arrapostua eman zuen: «Zer ardura du izenak, haren bertutea baldin badazagu? Beste gabe haren bila joan behar dugula iruditzen zait».

      «Eta nola da?», galdatu zuen Brunok.

      Erran zuen Kalandrinok:

      «Itxura askotako daude, baina ia guztiak beltz dira. Horregatik, ikusiko ditugun beltz guztiak harrapatu behar ditugu, bilatzen duguna eriden dezagun arte. Denborarik eztezagun gal, eta goazen».

      «Itxadon», erran zuen Brunok.

      Eta Buffalmaccori erran zeraukan:

      «Kalandrino ongi mintzatzen dela iruditzen ziaidak. Baina hau ordu egoki denik eztiat uste, gorenean baitago eguzkia, indar-beteka jotzen baitu Mugnoneko mendia, harri guztiak kizkaltzen baititu, eta guztiei zuri-irudi-erazten baitiraue. Horrela hobe izanen duk goizean joatea, eguzkiak zuri ditzaten baino lehen. Gainera, egun, bertan jende asko diagok, arrazoi askorengatik, baina batez ere astelegun delako; eta ikusten baldin bagaituzten, zeren bila ere gabiltzan igar ahal zezakeate, eta haiek bilatuko diate, eta haien eskuetan harria eroriko balitz, kolpea alferrean emanen genian. Iruditzen zait niri, zeuei ere hala iruditzen bazaizue, bilaketa hau guztiz goiziki eraman behar dugula burura, orduan hobeki berezten baitira harri zuriak beltzeatik, eta gainera jai egun batez joan behar dugu, inork ikus ez gaitzan».

      Brunoren eritzia laudatu zuen Buffalmaccok, eta Kalandrino ere harekin adostu zen; eta hurrengo igandearen goizean goizik hirurak harriaren bila joanen zirela erabaki zuten. Eta Kalandrinok gauza guztien gainetik erregutu zerauen, inori ezer erran etziezoten, hari sekretu-pean kontatu baitzeraukaten. Eta honi buruz ere erabakia hartu ondoren, Bengodi-ko herriaz erran zeraukatena kontatu zerauen, egilea hutsa baizik etzela zin egiten zuelarik.

      Kalandrino joan zenean, besteek zer egin behar zuten deliberatu zuten. Eta Kalandrinok joianez iguriki zeraukan igandearen goizari. Eta egun hartan, oilaritearekin batera jaiki zen, eta bere lagunei deiturik, San Galo-ko atetik irten ziren, eta Mignonera heldurik, harriaren bila ibili ziren handik. Kalandrino, hain arduraturik zegoenez gero, aurrean zihoan, eta harri beltzen bat ikusten zuenean, hura harrapatzen zuen, eta golkoa harriz beterik zedukan, eta horregatik, praka-gaineko gonak altzaturik, haiekin amandal-moduko zabal bat formatu zuen, eta hura ere harriz bete zuen. Eta Buffalmacco-k eta Brunok bazkal orena hurbiltzen zitzaiela ikusirik, Kalandrino gehiegi kargaturik zegoela konpreniturik, erran zeraukan Brunok Buffalmaccori:

      «Non dago Kalandrino?»

      Buffalmacco, atzera behaturik, alde batera eta bestera behatu zuen, eta erran zuen:

      «Eztiakiat, baina asko eztela aurrean zihoakiguan».

      «Hala izanen duk, baina ene eritzian orain bere etxean diagok bazkaritan, eta Mignone-tik harri bila ibiltzeko lanean utzi ziaitik».

      «Ongi egin dik», erran zuen Buffalmaccok, «hala burlatu baldin bagaitu, hura sinestean honen ergel izan zenez gero. Nork legoke munduan, gu baizik, Mignone-n halako bertute handiko harririk legoenik sinetsiko zuenik?»

      Kalandrinok, itzok entzutean, harria eskuetara etorri zitzaikala pentsatu zuen, eta horregatik, bera presente bazegoen ere, besteek etzekusaten. Eta mentura horrez kontent, etzuen ezer erran, eta etxera bihurtzea erabaki zuen, eta bidetik atzera bihurturik, etxera hartu zuen.

      Buffalmaccok, hura ikustean, erran zeraukan Brunori:

      «Zer egingo dugu? Bagoaz-a?»

      «Goazen, bada, Baina jainkoagatik zin egiten derauat Kalandrinok ezteraukula beste jukutriarik eginen. Aldamenean baldin baneduka, goizalde osoan eduki dudan bezala, harri honetaz orpoetan emanen neraukan kolpeagatik, hilabetean gogoratuko lukek burla honetaz».

      Eta hau erran eta Kalandrinori orpo batetan errandako kolpea eman, guztia izan zen bat. Kalandrinok, kolpeagatik min hartzeaz, oina altzatu zuen, ta heiagoraka hasi zen; baina etzuen ezer erran, eta aurrera segitu zuen. Buffalmaccok, harturik zuen harrisketatik bat eskuztaturik, erran zuen:

      «Harri ederra! Kalandrino honekin pozik joko nikek giltzurrunetan!»

      Eta pizka baten buruan, hartaz kolpe handi bat eman zeraukan giltzurrunetan. Eta horrela, orain harri batez, gero bestez, Mignone-tik San Galo-ko ateragina etorri zitzaien harrika. Eta han, hartutako harri guztiak burura jaurtirik, luzaro entretenitu ziren zerga-biltzaileekin, abisua emana baitzerauezan hauek, iragaten utz zezatela Kalandrino. Prohosteek, ongi informaturik, hura ikus ezpazezaten bezala iragaten utzi zeraukaten Kalandrinori, baina ez asko barre egin gabe. Eta hura, inon gelditu gabe, zuzenean joan zen etxera, bazterraren ondora. Eta fortunak asko fagoratu zuen burla hura, zeren Kalandrino lehen errekaldetik eta gero hiriko Karnaba-aldetik ibili zen bitartean, ezpaitzeraukan inork agurrik egin, oso jende gutirekin behaztopatu baitzen.

      Bere kargarekin sartu zen Kalandrino bere etxean. Haren emaztea, Tessa zeritzana, oso andre on eta eder bat zen, eta nahikoa asperturik zegoen senarraren tardantzaz, eta horregatik, etortzen ikusi zuenean, deiadarka hasi zitzaikan, honela erraten zeraukala:

      «Deabruak beharama, anaia! Mundu guztia bazkaldurik dagoenean hatorkit hi bazkaltzera!»

      Hau entzutean, Kalandrinok, ikusten zela konpreniturik, hasarrez eta dolorez beterik, erraten zuen:

      «Ai, andre gaizto! Hi haiz-a? Galdu naun eta galdu hadi!»

      Eta goiko-ganbara batetara iganik, bertan ekarritako harri guztiak deskargatu zituen, bere emazteagana gorrotoz egin zuen laster, eta bilo-mordoetatik tiraturik, lurrera eror-erazi zuen, eta besoak eta bernak eragin ahal ukan zerautzan bezain arin, ostikoz eta ukabilkadaz bete zuen, buruan bilorik eta haragi-artean hezurrik ukitu gabe, eskuak gurutzaturik urriki-eske egon zekiola ezertaz balio lekion gabe.

      Buffalmacco eta Bruno, ataltzainekin luzaro barre egon ondoren, urrats geldiz jarraitu zitzaitzan Kalandrinori hurrundik. Eta haren atera ailegatu zirenean, emazteari ematen zeraukan jipoi izugarriaz konturatu ziren, eta orduan zetozela irudi eginik, atea jo zuten. Kalandrino, izerdi-patxetan, gorrituta eta harnas-hestuka, lehiora irten zen, eta igan zitezela erregutu zerauen.

      Biak, beldur zirela agerturik, gora joan ziren, eta ganbara hura harriz beterik ikusi zuten, eta bazter batetan emaztea, desorraztuta, soineko-apurtuta, moraturik, aurpegi-zaurituta, eta doloretan negarrez. Kalandrino, harnas-hestuka, gizon errendatuaren erara, kadera batetan jartzen zen bitartean.

      Eta guztia luzaro begiratu ondoren, honela erran zuten:

      Zer duk hau, Kalandrino? Paretan bat egin nahi duk-a, hainbeste harri ekarri baituk?»

      Are gehiago erran zuen:

      «Zer gertatzen zaio Tessa andreari? Zergatik jo duk? Zer gertatzen da?»

      Kalandrinok, harrien pisuak, emaztea jo zuen arrabiak eta galdu uste ukan zuen ondasunaren doloreak nekaturik, etzekien hitzik erraten. Beraz, aurrera iraun zuen Buffalmaccok:

      «Hasarreren bat baldin bahuen, Kalandrino, ezun hura horrela ito beharko. Halaber ezkintuan hirekin eraman beharko harri preziatu haren behar, gero, deabruari adios erran gabe, Mignone-n gu biok hi xori-malo bezala utz eta hi honera etortzeko».

      Hitz hauei erantzun zerauen Kalandrinok, ez nekerik gabe:

      «Etzaitezte herabe, lagunak, zuek uste duzuenik ezpaita gertatu. Ai, ene urrikaria, harri preziatu hura esku-artean eduki dudana! Eta egia diodala jakin dezazuen, ikas zazuen ezen elkarri nigatik galdatzen zeneraukatenean, ni zuengandik hamar ukaondora nengoela, eta nola ezpaitzineten etortzen eta ezpaininguzuen ikusten, zuen ondotik iragan nintzen eta zuekin batera etorri nintzan.

      Eta zehatz mehatz kontatu zerauen zer egin eta erran zuten, eta bizkarra eta orpoak erakutsi zerauzten harrien markekin. Eta segitu zuen:

      «Hiriko atetik iragan nintzenean, hemen dakuskizuen harri guztiok golkoan manerazkien ere, ezer etzerautaten erran, ataltzainak hain aspergarri ba dira ere, guztia ikusi nahi baitute. Gainera, kalean zenbait lagun eta adiskide topatu dut, beti hitz egiten eta edatera gomitatzen nautenak, eta eznindakusatenez gero, inork etzerautan elerik erran. Baina etxera etorri nintzenean, aurrean baratu zitzaidan andre maradikatu hau, eta ikusi egin ninduen, zeren, dakizuenez, andreak edozeri gale-razten baiteraukate bertutea. Eta honela, ni, Florentziako gizonik zoriontsuena izan uste nuena, zorigaiztotsuena naiz orain, eta horregatik jo dut andre hori eskuak eragin ahal ukan ditudan bezain arin, eta oraindik eztakit nola ezteratzadan zain guztiak ebakitzen; hura ezagutu nuen ordua eta etxe honetara ekarri nuena maradikatua biz!»

      Eta berriz ere hasarreak pizturik, jotzera jaiki nahi zuen. Buffalmaccok eta Brunok, hura entzutean, harritzen zirela irudi egin zuten, eta Kalandrinori arrazoia ematen zeraukaten, eta nekez itotzen zituzten barre-algarak. Baina hasarretuta eta berriz ere emaztea jipointzeko asmoz jaikitzen zela ikusirik, aurrean jarri zitzitzan, eskuak lotu zerautzaten, eta erran zeraukaten andreak etzuela kulparik, baina bai berak, zeren, andreak edozeri bertutea galerazten deraukatela jakinik, ezpaitzeraukan abisatu egun guztian ezlekiola aldamenean jar. Dohain hura Jainkoak kendu zeraukala, fortuna harena izan etzedila komeni zitzaikalako, edo bere lagunak enganatu nahi ukan zituelako, zeren ezpaitzerauen erran harria aurkitu zuela. Eta ele luzeen ondoan, ez neke handirik gabe, andre doloratuak harekin egin zituen bakeak, eta beste biak, arima tristaturik eta etxea harriz beterik ukan zutela, handik joan ziren.

 

BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979