Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991

 

Eufrosina

 

        Stendhal-en «Cronache italiane» behin baino gehiagotan irakurri izan dut urteetako edo hilabetetako tartearekin, harik eta atzo «I Cenci» berriro irakurtzen ari nintzela bat-batean hutsegite bat erreparatu, eta bat batetik gogora ekarri nuen arte Sizilian Corberatarren etxean hasi eta Erroman Massimotarrenean amaitzen den historia luze eta tragiko bat. Hutsegitea zerean dago, alegia. Aita Santua Beatrice eta gainerako zigortuei bizia barkatzeko beratua, zurrundu egin zela gero eta epaia betetzeko agindu, jakin zuenean Paolo di Santocrocek bere ama hil zuela eta gogoratuz baita ere zerbait lehentxoago gertaturik zen Massimotarren anaia hilketa.

        Lelio Massimoren bi semeek, ordea, amaizuna hil zuten, Eufrosina de Siracusis gazte eta ederra: eta gertatua ez zen, horrenbestez, anaia baten hilketa ama hilketaren gisako zerbait baizik, jakin ez interesagatik ala ohoreagatik. Eufrosinaren historia kontatzen duen kronista ohorezko hobentzat ematera bultzaturik aurkitzen da, «zaldun aski ohoretsuak» deitzen baititu bi hiltzaileak, eta disgustuak eta asaldurak bultzatutzat agertzen baititu. Eta bazegoen zerenik, Eufrosinaren iragana kontutan hartzera.

        Emakume hau, pozaren izena zuena, hiru Grazietan pozaren izena zuenarena —Lineok ezti koloreko pinpilinpauxa beta beltz armoniatsuz tartekatu bati eman zion izena—, Eufrosina honek, senitartean Frosina deitua, ederra seguruenetik eta seguru asko inozo eta krudela, ez zuen poz askorik izan ez banatu bere bizitza laburrean; areago, heriotza-pinpilinpauxa suertatu zen bai bere bai besteen paturako.

        Stendhali hainbeste gustatu izango litzaioke istorio hau, ezen, jakin gabe ere, ukitu baitzuen: nahiz eta bere zatirik handienean Aita Santuen Erroman gertatzen ez den, Erregeordeen Sizilian baizik. Eta erregeorde batengandik hasten da, hain zuzen, Marcantonio Colonnarengandik: zeina guztiz maite-limurtzen baita Eufrosina, Calcerano Corberaren emazteaz, Misilindinoko jaurerriaren maiorazkoa berau (Felipe IIren licentia populandi-rekin geroago Santa Margherita Belice izena hartuko zuen herria bilakatzear zegoena, hain zuzen: eta nola ez gogoratu orobat beste etxera hura) handik mende bete ingurura Filangeri batek eraikiarazi eta orain dela lau urte lurrikarak eraitsia, Giuseppe Tomasiren Gatopardo-n misterio eta ipuin giroz azaltzen dena?). Maite limurtu zen, inguratu zuen, festa eta gorteia egin zion: «xahar txoro»en gauzak hautu honi dagokionean emazteak definitzen dituen bezala.

        «Marcantonio jauna —dio Siziliako kronistak— horrenbeste itsutu zen horretan, ezen erregeordeari dagokion aginte eta aipuari jaramonik egiteke, beste Marcantonio hura bezala bilakatu baitzen, bere Kleopatra eta guzti. Jarraikian ibiltzen zitzaion, bere aurretik paseatzen, bai kalean bai elizetan. Egunero hitz egiten eta tratatzen zuen harekin, bat bera joaten uzteke, egunez agirian eta konplimenduz, gauez betebeharren bat zuen itxurak eginez. Askotan ikusi eta harrapatu zuten erregeordea gauez bakarrik eta jantziz trukatuta haren etxera joaten...». Eufrosinaren senarra, gaztea oso eta buruz bizkorretakoa ere ez agian, ez zen kontura etortzen; baina hiri osoa hasi zen horren marmarioan. Horrelaxe jakin zuen, Misilindino inguruan herria sortu nahian ari zela, Antonio Corbera jaunak: eta Palermora joatea erabaki zuen alditxo baterako, ikusi ea gauzak zertan zeuden eta beren tokian jartzeko berriro.

        Ez al zuen aitaginarrebak erabakiaren berri jakin, non Eufrosinak «arrisku handian zegoela esan zion Marcantonio jaunari eta zalantza gehiago zuela (beldurra alegia) aitaginarrebaz senarraz baino», eta Colonna horrek ez zuen luze egin hura libratzeko modua aukeratzen. Gaurko hitzetan esateko, atxilotze errazeko erregeordea izan zen Marcantonio Colonna hori. Antonio Corbera, ordea, ez zen gauza erraza atxilotzea, Inkisizioaren ahaideko baitzen —alegia, abantaila zuen ezin zezakeela atxilotu eta epaitu Justizia arruntak, Inkisizioarenak bakarrik baizik, edozein zelarik ere egozten zioten hobena—. Inkisizio eta Inkisidoreen etsai amorratua izan arren, makurtu zen Inkisidoreari mesede bat eskatzera: Diego de Haedori, beneditarra, «Storia de Algeria», Cervantesen bizitzaren berriz betea, zor zaiona, bera. Eta inkisidorea erori horretan; edo zerbait espero zuen agian ordainetan, inoiz iritsi ez zena: kontua da damu duela hura 1881eko abuztuan erregeari bidalitako txosten batean, zeina benetako errekisitoria bat baita, zitalik bada zitala, Colonnaren kontra.

        Iaz, dio Haedok, Marcantoniok (izenez deitzen baitu bakarrik ironiaz eta mesprezuz) engainatu egin gintuen: Pompeo Colonnaren bidez eskaera egin zigun kentzeko Misilindinoko baroiari Inkisizioaren ahaidetzako abantaila, hitz emanez eskuraraziko zizkigula geroago informazioa eta zergatiak. Baina ez al genuen eman oniritzia, hona non atxilo erazten duen zorrak direla eta, eta «herri xeheak badaki bere helburu partikularretarako izan zela». Eta gauza bitxia eman dezake Inkisidoreak Colonnaren helburu partikular hori gehiago ez zehaztea, Eufrosinarekiko saltsa, alegia: baina bestelako helbururen bat aditzera ematea gauza larriagoa zen, izan, erregeordearen kontra, amodiozko grina bat baino.

        Nolanahi ere, Antonio Corbera atxilotu eta egun gutxitara hil zen kartzelan: nork pozoituta dio, inkisidoreak sufrimenduak aipatzen ditu bakarrik.

        Senarra geratzen zen, eta oso inozoa izanagatik ere aitaren atxilotze eta heriotzagatik jaio zekiokeen susmoren bat lausoa bazen ere. Maltara bidaliz erremediatu zen gauza, Pompeo Colonna buru zen eginkizun batean eta Flaminio di Napoli deitu bat bertako zela, dirudienez iritsi orduko Corbera garbitzeko kargua zuena. Eta horrela gau batez ostatuz zeuden etxeko ate ostean hilik aurkitu zuten Calcerano Corbera baroia soinean sastakada ugari zituela, inorekin herrarik eta aiherkunderik izan gabe. Hogeita bat urte zituen: Zenbat ote zituen Eufrosinak, handik aurrera aske eta bakarrik geratu zenak?

        Baina ez zegoen ez bakarrik eta ez aske Lepantoko garailea (urtetan berrogeita bederatzi zituena), emazteak, Felice Orsinik, zuhurra eta barkamen errazekoa bazen ere, jartzen zizkion trabak hanka artean. Gau batez, jauregian, senarraren geletan deitzea otu zitzaion, bazekien eta Eufrosina han zegoela. Larri hartan balkoian ezkutatu zuen neska Marcantoniok, eta jantziak eman zizkion «han jantzi zedin»; baina pantuflak ahaztu. Sartuz batera esan zuen doña Felicek: «Zurekin etorri naiz gaur gauean lo egitera, hotz egiten baitu oso», eta pantuflak ikusirik: «Seinale diot senar maitekorra bihurtu zarela, niretzat erosi al dituzu pantufla horiek»: «Bai», erantzun zion senarrak, eta hark: «Ai zahar eroa, ez al zaizu axola neska gaixo hori balkoi kanpoan hotzak hiltzen uztea», eta zabaldu balkoia, sartu zuen barrura Eufrosina lotsatu eta beldurtua, bere oneratu, eta etxera lagundu erazi zuen berriro.

        Arrisku handiagokoa zeukan zelatari Diego de Haedo, bere amodiozko konkista, emakumearen gozamen ia librea pozoitzeko (hitzez hitz hartzeko esamoldea agian). Colonnak Inkisizioaren kontra egindako hainbat irainek baino areago erretzen zuen seguruenetik azkeneko topaketan erregeordeak jaulki zion lotsarizko esanak: «Nire kategoriakoak behatz bat bakarrarekin kontatzen ditu erregeak, zurekoekin, berriz, karga litzake aise ontzikada osoak».

        Espainiara deitua, Haedok bere txostenetan (Garrufiren Contributo alla storía dell'Inquisizione in Sizilia-n irakur litezke) esan edo aditzera emandako guztia zuritzera beharbada, Marcantonio Colonna 1584ko Maiatzaren 1ean ontziratu zen Palermon. Kronistaren arabera, alde egin baino lehen emaztearen kargu utzi zuen maitalea, hitz aitatiar eta hunkigarriz, eta hitz emanez behar bezala biziko zen pertsona batekin jarriko zuela Eufrosina, itzulitakoan.

        Marinel hitza, bera zen bezala, baina doña Felicek sinetsi egin zion, edo itxurak egin behintzat, eta hitz eman zion berak ere, aldean edukiko zuela Eufrosina jauregian, harik eta «Jaunari zu itzulian izatea nahi dakion arte». Baina ez zitzaion nahi izan jaunari hura itzularaztea, sobra ere, Medinacelin hil baitzen, Madrila bidean, pozoi susmotan. Inkisidoreei dagokien susmoa zenbaiten arabera, eta Espainiako gorteari egoztekoa, beste batzuenera. Baina Eufrosina ez zaio inori gogoratu: ez bera, zuzenik, noski, harekiko grinaz egin izango lukeen beste norbait baizik. Horra arazotxo bat artxibategi ikerlarientzat: Colonnaren laguntzaileen artean al zen Lelio Massimo, Madrila bidean? Egia esan, haren hurbilean ibilia zen beti, Palermoko urtetan: eta kronistak erregeordearen ondoan gogoratzen du Eufrosinarekin izandako lehenengo amodiozko joan-etorri, limurraldi, galai ibilietan.

        Eta zergatik sinetsi ez emakumeaz sekretuan maitemindurik zegoela, eta sufritzen eta mingaizten ari zela andre desiratuaren eta lagun ahaltsuaren arteko amodioaren ondorioz egitera behartuta zegoen azpijoko haiekin guztiekin? Eta zergatik sinetsi ez —laguntzaile bazen— grinak nahasturik, susmo ororen gainetik zenez, eta Colonnak erregearen aurrean jasaten zuen desgrazia hotsaz baliaturik, hura bazter egiteko tentazioari amore eman ziola? Bortitzak baitira grinak, eta are bortitzagoak, hala ere, mende hartan.

        Eufrosina maite zuela, nolanahi ere, dudarik ez da: eta ohore zentzu eta lotsa oro gainditzeko adinean maite zuela, gainera. Ondo ezaguna zen nonbait, Palermo eta Erroma artean Eufrosinak Corbera familiaren hondamenean zuen errua (horrenbesteraino, non notario aurreko agiri batean arbuiatu egin baitzizkioten koinatek berak erabilitako Corberatarren bitxiak), eta baita erregeordearekin izan zuen amodio nahasmendu nabarmena. Baina Lelio Massimo ezkondu egin zen harekin —doña Feliceri haren eskua eskatu ondoren—, eta bere etxera eraman zuen. Horra nondik, bada, lotsari amaiera emateko, desohoreari agian, «zaldun aski ohoretsu» biek, bere semeek, egun batez, aita falta zela «bi arkabuz tiroz hil zuten». Eta hilak izan ziren gero, eurak ere, lepoa moztuz, borreroaren eskutik.

        «Hona, beraz, txit gai larria —amaitzen du kronistak— zinez tragedia tristea egiteko». Zinez tristea: txit lastimagarria, beraz. Stendhalek bere Croniche italiane-n idatzi ahal izango zukeenaren guztiz kontrakoa, hain zuzen.

 

Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991